Prozesua gaizki, Diada ahul

2019ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Diada azken urteetan prozesuak duen sostenguaren neurgailua bihurtu da, kaleetan bildutako pertsonen batuketa aritmetikoa prozesuaren gainbeheraren adierazgarri jotzen baita. Aurtengo Diada azken urteetako ahulena izan da zalantzarik gabe. Alderdien arteko ika-mikek eta subiranismoan nagusitu den ezkortasunak ez dituzte, lehenaldian bezala, Bartzelonako kaleak beteko.

Subiranismoaren batasunik eza da, zalantzarik gabe, prozesuaren ezaugarri nagusia gaur egun. Esquerra eta Junts per Catalunyaren arteko adostasun falta argia bada ere, lider politikoen aurkako epaiketaren sententziak markatzen du bien arteko erlazio politikoen nondik norakoa. Sententzia gogorra izango da oso, eta artikulatu beharreko erantzuna bateratua. Behar horrek mantentzen du oraindik irekita bien arteko komunikazioa.

JxC lidergo krisialdi batean dago murgilduta. Carles Puigdemonten planteamendu erradikalegiak ez dira denen gustuko, eta europar hauteskundeetan emaitza bikaina lortu izanak ez dio kokagune ideologiko postkonbergentean lidergoa ziurtatu. JxCko egitura sendo eta hedatuena Partit Democrata da, eta bere agintarietako batzuk ez dute alderdiaren pisua ezereztua ikusi nahi JxCk ordezkatzen duen transbertsalitate aitzakia dela eta. Hauteskundeetan emaitza hobeak lortzeko itxaropenez erakarritako hainbatek ere bere pisu politikoa aldarrikatu nahi du, Elsa Artadik kasurako, berez korapilatsua den egoera are eta gehiago nahaspilatuz. Ezin ahaztu Artur Mas. Bere erabakiek eta bere ekintzek, publikoak zein pribatuak, JxCren etorkizuna, eta zehazkiago, Partit Democrataren balizko botere politikoa determinatuko dute. Lidergoa ez da halere erabakitzeke dagoen aspektu bakarra, lidergoaren magalean estrategia politikoa baitator. Aldebakartasuna ala adostasuna, blokeoa edo elkarlana dira definitzear dauden kontzeptuak. Espainiar zein udal hauteskundeetan lortutako emaitza txarrek barne egoera honen isla baino ez dira: estrategiarik ezak eta barne borrokek JxC ahultzen duten proportzio berdinean indartzen dute Esquerra Republicana.

Batasun independentistaren proiektua ezinezkoa baten batek egiten badu hori Esquerra da. Izan ere, onura gutxi du Esquerrak ustezko batasun estrategiko horren ondorioz. Balizko batasun horren blokeo eta erradikalizazio estrategiarekin ez dator bat, eta bestalde, segurutzat jotzen duen hauteskunde garaipenari uko egitea suposatuko lioke. Generalitateren kontrola eta kudeaketa lortu nahi du Esquerrak, bere jarduera oztopatuko duten koalizio lagun deserosorik gabe. Bozgorailu independentista erradikalenek Esquerra traidoretzat jotzen badute ere, boto-emaileen iritzia bestelakoa dela agerikoa da. Azken bi hauteskundeetan lehen indarra izan eta gero, bere analisi pragmatikoak bat egiten du orain kataluniar askok bizi duten dikotomia emozionalarekin: independentzia bai, baina arriskurik ez.

Zer dela eta bada subiranotasunaren katarsi kolektibo hau? Independentismoaren haustura probokatu eta subiranismo moderatuenaren ordezkari den Esquerra indartua eta JxC eta Puigdemont ahulduak? Badira, nire ustez, aldaketa kolektibo hau azaltzen duten hainbat arrazoi. Independentziaren ametsa oso gertu, ukitzear, bizi izan zen subiranismoaren partetik. Errealitatea, ordea, bestelakoa izan zen. Eta gerora, behin baino gehiagotan, presoen hautagaitza zein Puigdemonten hautagaitzarekin kasurako, bat izan da ustea, edo nahia, eta beste bat errealitatea. Ametsek bide hartzen dute; gero, ordea, egiak datoz. Frustrazioek pragmatismora bultzatu dute pertsona asko. Espektatiben betetzerik ezak helburuen birdefinizioa du ondorio zuzen. Inkontzienteki egiten badugu ere.

Errepresioak ere izan ditu ondorioak. Euskal Herria eta bere gatazka politikoa 500 kilometrora urteetan zehar egonda ere, kataluniar askok espainiar estatuaz zuten pertzepzioa erabat zen, modu leun baten esanez, inozentea. Erreferendum eguneko karga polizialek, lider politikoen aurkako epaiketak, nazioartean lortutako sostenguek aurreikusi gabeko elementuak izan dira askorentzat. Ustekabeak. Nolabait, arerioaren benetako indarraren ezagutza gertatu da. Ezagutza horren ondorioz, lehen sostengu zabala lortzen zuten planteamenduek, legeen desobedientzia instituzionala kasurako, ez dute orain sostengu nahikorik. Ezinezkoa jotzen zen lider politikoak espetxeratuak izatea. Orain jakina da legea hausten duen lider orok bide berdina jarraituko duela.

2010 geroztik Kataluniak bizitako prozesuak orrialde bat okupatzen du historia liburu batean. Kapitulu oso bat nahi baduzue. Baina nazioen emantzipazio prozesuek gainbehera asko bizi dituzte beti. Hemen, antza, hauspoari gehiegi eragin zitzaiolako agian, dena gorakako tendentzia behar zuela uste zuen batek baino gehiagok. Orain, subiranista gehienek errealitatea onartzen dute: prozesua uste baino luzeagoa, gogorragoa eta zailagoa izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.