Bolivia jokaleku neoliberalean

Jesus Gonzalez Pazos
2019ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Urria etorkizunez gainezka iritsi da Latinoamerikara. Joan den igandean, hilak 20, hauteskundeak egin zituzten Bolivian, eta, aldi berean, protestak izan dira Ekuadorren eta Txilen. Horrez gainera, beste zenbait protestaldi ere izan dira Hondurasen eta Haitin, eta berriki bozak egin dituzte Argentinan eta Uruguain. Esan gabe doa aste oso nahasiak izan direla hauek Latinoamerikan.

Eta bada konstante bat gertakari horiek guztiak nolabait lotzen dituena: herrialde batzuetan eredu neoliberala berriz ezartzeko prozesuak ahitzen ari dira, eta, aldi berean, oligarkiak ahaleginean dabiltza beren pribilegioei eta botereari eusteko. Biztanle gehien-gehienak pobretzen ari dira, eta berriki onartu diren zenbait neurri dira horren eragile zuzenak: batetik, produkzio sektore estrategikoak pribatizatzen ari dira, baita sektore sozial zenbait ere, hala nola hezkuntza eta osasun arloak; bestetik, estatuek gero eta zor handiagoa dute, eta gero eta gehiago mehartzen ari dira; eta, horrez gainera, prezioak igotzen ari dira. Latinoamerikako eskuina irrikaz dago amaiarazteko azken hamarkadetan kontinenteko geopolitikan nagusi izan diren aldaketa proiektu progresista guztiak. Asmo hori buruan, eta NDFren eta nazioarteko halako beste organismo batzuen laguntzaz, dinamika azkar eta zakar batean murgildu dira, demokrazia mehetzeko eta neoliberalismoak berezko dituen neurriak berriz ezartzeko, gizarteen erresistentzia gaitasuna ahitu arte.

Horrexek piztu ditu gaur egun kontinentean hedatuta dauden protestak, eta garrantzitsua da hori gogoan hartzea ulertzeko zer ari den gertatzen Bolivian egunotan. Herrialde hori, nolabait ere, uharte bat da neoliberalismoa berrezartzen ari diren garai honetan; Evo Moralesen gobernualdian egindako aldaketa handiei esker, nabarmen hobetu da hango herritarren bizitza, eta, nolabait, aldaketa horiek ispilu bat dira, egunez egun neoliberalismoaren porrota islatzen dutenak.

Hein handi batean, datuek erakusten dute zenbaterainokoak diren aldaketa horiek. Estatuak berriz ere bereganatu zituen pribatizatuta zeuden enpresa estrategiko ugari —besteak beste, hidrokarburoen, elektrizitatearen, aireportuen eta telekomunikazioen esparruetakoak—, eta, horri esker, handituz eta handituz joan ziren baliabide publikoak. Halaber, neurri handi batean, desberdintasunaren arrakala txikitzeko ere erabili dira baliabide publikoak, horiek beste modu batean banatu eta sektorerik pobreenei bideratu baitzaizkie. Hala, pobrezia eta muturreko pobrezia %20 baino gehiago apaldu dira azken urteetan, eta Unescok analfabetismorik gabeko herrialde izendatu du Bolivia. Gainera, BPG ospetsua, zeina hain garrantzitsua baita analisi ekonomikoak egiteko orduan, %4 baino gehiago handitu da, eta herrialdeko ekonomia, berriz, gobernu progresistak agintean daraman hamahiru urteetan, ia %5 hazi da urtean batez beste. Kontinenteko gainerako herrialdeek ez ezik, Europako herrialde gehienek ere gustura hartuko lituzkete halako datuak.

Aldaketa ekonomikoen osagarri, beste aldaketa handi batzuk ere izan dira Boliviako errealitate sozial eta politikoan; besteak beste: demokrazia parte hartzailea eta komunitarioa finkatu eta hedatu da; sexuen eta belaunaldien arteko desoreka murriztu da; mugimendu eta erakunde sozialek protagonismoa hartu dute; ahalegina egin da globalizazioak berezko dituen eredu ekonomikoez bestelako eredu batzuk ere ezartzeko (komunitarioak, kooperatiboak); estatu plurinazional izendatu dute Bolivia, eta, horri esker, onartu egin da, orain arte ez bezala, herri indigenak hor daudela eta zenbait eskubide dituztela. Oraintxe bertan, aurrerabide horiek denak ikusezin bihurtzen saiatzen ari dira batzuk, modu interesatuan; baina aurrerabiderik nabarmenena, jendearen eguneroko bizitzari zuzen-zuzenean eragiten diona, herri indigenen eta nekazarien identitatea eta duintasuna suspertzea izan da. Bostehun urtez sufritutako arrazismoa hein handi batean deuseztatu izana —nahiz eta gaur egun berriz pizten ari den—historikoa da zinez, eta jendea ez dago prest horri berriz uko egiteko.

Jakina, ezin da esan urte hauetan okerrik egin ez denik eta kontraesan garrantzitsurik sortu ez direnik. Zenbaiten ustez, gauzak ez dira eraldatu nahi bezain azkar, eta ez zaio kontra egin sistema kapitalistaren oinarriari, nahiz eta neoliberalismoaren oinarriari bai; beste zenbaiten ustez, bestelako bizimodu bat eratzeko hasierako helburu hura desbideratu egin da nolabait. Ezbairik gabe, aldaketa prozesu honen erronka handienetako bat izango da, segur aski, naturari aitortuak zaizkion eskubideekin uztartzea politika estraktibistak, zeinak lagungarriak baitira estatuak baliabideak eskuratu ditzan eta hartara herritarren bizi baldintzak hobetzen segi dezan.

Panorama horren beste aldean, 2005ean botere politikoa galdu zuten sektoreak daude batez ere. Lehen urteetan, prozesu horri erreka joarazten saiatu ziren, eskura zeuzkaten baliabide guztiak erabiliz. Hain zuzen ere, etapa berri hura amaiarazteko bide antidemokratiko gisa, ekonomia sabotatu zuten, separatismo bat asmatu, estatu kolpe bat eman, hedabideak manipulatu, eta baita prozesu konstituziogileari boikota egin ere. Gerora, ahuldu, eta erretiratu egin behar izan zuten urte batzuez, baina, orain, neoliberalismoa kontinenteko zenbait herrialdetara itzuli dela aprobetxatuz, demokraziaren aldeztaile sutsuak balira bezala agertu dira berriz, eta iruzurra salatzen dihardute, nahiz eta frogatu gabe dagoen iruzurrik izan dela, nahiz eta egiaztatze prozesu guztiek tinko erakutsi duten ezetz. Eragile horiek, gainera, aliatu boteretsuak dituzte, hala nola Amerikako Estatuen Erakundea, AEBak eta Europako Batasuna bera. Horiek, inolako frogarik gabe eta hipokrisiaz, auzitan jarri dute Boliviako hauteskunde prozedura, eta, aldi berean, ez ikusi egin diete Haitin, Ekuadorren, Txilen eta beste zenbait herrialdetan piztu diren herri protestaldi masiboei, lurralde horietan auzitan jartzen ari baitira eredu neoliberala, erro-errotik.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.