Joseba Azkarraga Etxagibel.

Eko-apokalipsitik libratu ginen

2019ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Zein ezberdina zen mundu hura. 2019 hartan denak galdua zirudien. Progresoa, kolisiora ziztuan zihoan auto ezin modernoagoa zen. Klimaren krisia, ahitze bidean altxor fosila, baliabide funtsezkoak eskasten, suntsipen ekologiko azeleratuaren sintomak nonahi. Ekonomia ere hondoratzear, herritarren existentziarekin pure neoliberala beste behin? Bitartean, han-hemen gero eta harroago ar alfa oldartsuen papar neofaxista. Errematatzeko, munduko arma biltegiak inoizko hornituen, suntsitzeko inoizko ahalmenik handienarekin. Gauza bat da prest ez egotea den-dena emateko norbere ondorengoen alde, belaunaldi orok nahi bailezake sakrifizio gutxirekin bizi, baina beste gauza bat da belaunaldi berriak kondenatzea kolisio seguru bezain basatira. Ez, garai hura ez zen txiribitei orriak kentzen ibiltzekoa, hegemonikoei zentzua noiz loratuko zain.

Sasoi benetan bitxia. Emisioetan txapeldun ziren enpresa handiek finantzatzen zituzten klimaren goi bilerak. Barre algarak eragingo lituzke gaur: 2019ko prentsan ikusi dut posible zela AHT saltzea aurrekontu berde gisa. Eta urte horretantxe deskubritu zuten zirkulua zelan koadratu, esku batekin irekiz erraustegiak eta bestearekin deklaratuz larrialdi klimatikoa. Hilabete berean.

Espainia zeritzon estatuan trantsizio ekologikorako ministerioak baimendu zuen euskal lurretan gas zundaketak egitea, eta, absurdoa aprobetxatuz, hemengoak saiatu ziren abertzaletasun estraktibista arraro batekin. Ilunetan, kokotsean linterna jarri eta «gure gasa» esaten hasi ziren. Beldurgarria. Bitartean, birziklatzea funtsean boluntarioa zen, euskal instituzioek publizitate bidez animatzen zituzten herritarrak. Ondo irakurri duzu, publizitate, animatu. Pentsa norainokoa zen eko-analfabetismoaren izurritea.

Mundu hartan oraindik eztabaidatzen omen zen, entzun ondo, zelan hauspotu kontsumoa eta nondik eragin hazkundeari. Turbo-neoliberalismotik zioten batzuek, turbo-keynesianismotik besteek. Hortik soilik uler liteke gaurko kazetarientzat sinesgaitza dena: informatiboetan barne produktu gordinaren gorakada notizia ona zen, bost axola karbono-emisio kopurua edo zelan banatzen ari zen pastela. Eta gorako hamarreko bakoitzarekin kazetariari apur bat gehiago gerturatzen zitzaion irribarrea belarrietara, bi urteko umeek beren jokabideaz arduratzeko duten disposizio berberarekin.

Gaurkoontzat gezurretan borobilena dirudi, egina dugulako iraultza agroekologiko eta permakulturala, baina irakurri dut agroindustria globaleko multinazional banaka batek kontrolatzen zuela munduaren dieta. Gixajoak.

Sasoi hartan, sindikalismo abertzaleak gorputz teorikoan ekosozialista terminoa txertaturik zuen, baina praxian ezjakin. Kooperatibismoa mintzerainoko motz, paradigma ekologikoa oraindik negozio berdeen pertxan eskegita. Ikuspegi feminista ere, labur. 2019ko azaroan izan zen Durangon bilkura handia, begiratu dokumentu historikoak: hiru egunetan tailertxo bakarra eta azken manifestuan batere aipamenik ez, gaur zorionez zentzu komun bihurtua dugun ekofeminismoarentzat. Kultura politiko gehienetan ekologia oraindik programan puntu bat gehiago zen, ulertu barik gainontzeko guztiaren premisa dela, hori gabe ezer ez baita. Emakumeak, langileak edota nazioak askatzeko, behar dira emakumeak, langileak eta nazioak existitzeko baldintza biofisikoak. Historiaurre ideologiko-politikoan zeuden munduko ismo gehienak.

Euskalgintzan hizpide zuten hurrengo jauzi historikoa zela lan mundua konkistatzea, baina zer izango ote zen euskara jendeaz, bete izan balira iragarpenak, Sahara heldu izan balitz Madrilen oinetaraino, Afrika ia osoa bihurtu balitz ez bizigarri. Gertatu balitz, zenbat jende honantz, beharbada gu ere gorantz. Azken mendea zatekeen aurrez desafio existentzialean zegoenarentzat.

Neoliberalismoak jota, oraindik espantua zitzaion ekonomia planifikatzeari, bai arraroa. Errazionamenduak ere sobietar edo frankista ukitua zuen, baina gaur badakigu determinantea izan zela jendarte justu eta ekologikorako. Horren alternatiba zen baliabide funtsezko bezain eskasak merkatuak banatzea, hain berea duen bidetik, gutxi batzuek pilatuz, gehiengoak desjabetuz. Zorionez, kontrol publiko, demokratiko eta sozialaren menpe utzi ziren energia, finantzak, elikadura eta beste hainbat. Eliteak desjabetu behar izan ziren.

Zaharrek diote hondamendia saihestu zela ordukoak konturatu zirelako ezingo zela munstroa otzandu neurri sozialdemokratatxoekin. Kontua ez zela partzialki biguntzea sistemaren biolentzia biozida. Suntsipen ekologikoa sintoma zela, gaixotasuna, ordea, kapitalismoa. Zer izango zen gizateriaz, aktibatu ez balira justiziaren bost adarrak: soziala, nazioartekoa, generokoa, justizia oraindik jaio ez direnekin, justizia bizidun guztiekin.

Beste zahar batzuei entzun diet aldaketa hasi zela sektore zabalak konturatu zirenean amodioa ezin zela nahastu autoarekin, Netflix aisialdiarekin, segurtasuna bideo-bigilantzia- rekin, autoestimua diruarekin, fedea tekno-zientziarekin, oparotasuna BPGarekin, kultura futbolarekin, demokrazia hautetsontziekin, egia telebistarekin, askatasuna mugikorrarekin, aktibismoa sare sozialekin. Alegia, konturatu zirenean gizartearen errailak bezain giltzarri zela erraiak aldatzea, akabatuz gramatika psiko-kultural neoliberala. Ulertu omen zuten Gaia zela gai goren, sortuz planetaren erreberentzian oinarrituriko kosmobisioa. Gizateria ez zen naufragio sekulakotik libratuko barruetan instalatu ez balitz gaur hain natural bizi dugun subjektibotasun urri zalea.

Barneratu zuten emantzipazioaren kategoria zentrala jada ez zela «gehiago», lehenengoz gizadiaren historian. Muga biofisikoak gaindituta, «gutxiagora» eta «hobera» uztartu behar. Automugatzean zetzan benetako askatasuna. Berrikuntza handia. Zaharrek diote dolu sentipena izan zela nagusi hasieran. Harik eta haragitu arte gizandreontzat ongizatea ez dela «zenbat eta (diru, objektu, fama, arrakasta...) gehiago, orduan eta hobeto».

Zer izango zen gizadiaz, gizarte zibiletik sortu izan ez balitz olatu masibo, erradikal eta geldiezin hura, mundu osoan. 2020an hasi omen zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.