Pauline Guelle.

Hutsunea

2020ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Igandean herriko bozen lehen itzulia zen Ipar Euskal Herrian. Aurten, hutsune juridikoei so egitera ekarri gaitu egoerak: bozkak gibelatzeari buruz, askatasun publikoen murrizteaz eta parekidetasunari buruz.

Hala deitzen dugu hutsune juridikoa: arauen hutsa. Erantzunik ez delarik aurkitzen ahal zuzenbideko normetan, hutsunea badela kontsideratzen da. Baina nork betetzen ahal du hutsune hori? Zuzenbidearen arloan hutsunea aurkitzen bada, berehala betetzeko asmoa sortuko du. Horrek zuzenbidearentzat balio badu, beste anitz esparrutan behatzen ahal da. Kezka bereziak agerrarazten ditu. Azken hamarkadetan, Hans Kelsen arau juridikoen teorizatzailearen bidea azkar segitu da. Eman dezagun, arau juridikoek hierarkia bati erantzun behar badiote, eta horrek egiten duela araua baieztatzen dela.

Ipar Euskal Herriko udal bozen lehen itzulia bizi izan genuen igandean. Ukaezina da hauteskundeak testuinguru berdingabean iragan zirela. Alde batetik, joan den aste erditsutik aitzina Emmanuel Macron Frantziako Estatuko lehendakariak gobernuarekin neurri geroz eta zorrotzagoak hartzen zituen koronabirusaren pandemia mugatzeko. Besteak beste, ostegunean iragarri zuen eskola, unibertsitate eta haurtzaindegien zerratze agindua ondoko astelehenerako; eta larunbatean, berriz, ostatuak hetsirik egon behar zirela. Bestalde, Frantziako lehendakariak eta bere gobernuak ez zuten erabakirik hartu hauteskundeen lehen eguna pusatzeko. Hala nola, igandean suposatzen zen adinetan zen jende kasik guzia leku publiko batera joanen zela bozkatzeko. Begi bistakoa bazen ere, abstentzioak gutti gorabehera 20 punduz gora egin zuen igandean.Frantziako Estatuan, 2014an, %64k bozkatu zuen eta, aurten, lehen itzulian %45ek baizik ez du bozkatu. Ipar Euskal Herrian, Le Monde aldizkariaren datuen arabera, parte hartzeak 15 eta 19 pundu artean galdu zituen atzo, 2014ko hauteskundeen emaitzei konparatuz.

Krisi egoera honetan etxetik atera ez den jendearen boza ez da entzungarri izan. Gainera, egoera larritzen ari zela ukaezina da; eta heldu den igandean iragan behar ziren hauteskundeen bigarren itzulia ezeztatua da. Orain egiten diren galderak ugari dira: bigarren itzulia pusatua baldin bada, lehen itzulia baliogabetua izango ote da? Hipotesi hori gauzatzen bada, lehen itzulian osatu diren herri kontseiluak berriz bozkarazi behar ote dira?

Anitzetan, araudiek ez dute erantzunik eta horrek zentzua ematen dio zuzenbideari. Hauteskundeen bigarren itzulia pusatzen ahal da jakinez Kontseilu Konstituzionala hauteskundeen epaia dela eta segur aski gobernuak bere onarpena behar luke hori gauzatzeko. Kontseiluaren jurisprudentziaren arabera (2005/12/15) eta hauteskundeen kodea ikusirik, herriko bozen bigarren itzuliaren data aldatzen bada, lehen itzuli berri bat egin behar litzateke. Alabaina, beharrezkoa da aste baten epea baizik ez uztea lehen eta bigarren itzulien artean. Aldiz, lehen itzulian hautatuak izan ziren herriko kontseiluentzat: hutsunea. Konstituzionalistak interpretazioz interpretazio ibiltzen ari dira denbora hauetan; batzuek hauteskundeak osoki berriz egin behar direla argudiatzen dute. Horiek ondorioztatzen dute bozka blokearen prozesua ez bada osoki eramana, guztiz berriz antolatu behar dela, bozka blokea bereizezina baita. Hipotesi honek zentzuzkoena dirudi, eta, egoera honetan, lehen itzuliko abstentzio ikaragarriaren tasari erantzungo lioke.

«Zer dio arauak?». Azken egunetan nagusitu den kezka da. Hauteskundeen garaia izan ezik, gure osasunaren onerako gobernuek zer aginduko duten beha gara. Hala ere, egoera horrek behin eta berriz erakutsiko digu zuzenbidea ez dela bakarrik arauen araua, baizik eta gobernatzeko tresna. Are gehiago, orain arte zuzenbideak sortu dituen mekanismoak ez dira baliatzen askatasun publikoak murrizteko. Konparazioan, alde batetik, Frantziako estatuko lehendakariari ezohiko botereak ematen dizkio 16. artikuluak; beste alde batetik, administrazioak ezohiko egoeretan bere botereak handitzen ahal ditu. Momentuz, ez bata, ez bestea ez dira erabiliak izan koronabirusaren aurkako «gerla» (Emmanuel Macron) honetan. Botere exekutiboaren, botere legegilearen eta botere judizialen arteko jokoak ditu arauak finkatzen. Hots, konflikto politikoak.

Beste adibide bat jar genezake hutsune horien analisian, hauteskunde garaian etengabe arauei begira jartzen delako arreta. Beste galdera bat pausa dezagun. Igandeko herrietako bozen kari, parekidetasuna errespetatu ote zen? Bai, arauak dioen bezala, 1.000 biztanle baino gehiagoko hirietan osatu ziren zerrendek parekidetasunaren legea errespetatzen zuten. Haatik, hauteskundeen listak bakoitiak dira. Igande honetan Ipar Euskal Herrian 100 zerrendaburutatik 22 emazteak ziren, orduan hautagai emazte guttiago agertzen zen. Gainera, 1.000 biztanle petik diren herriek betebehar hori ez zuten eta ez da emazte gehiago izan. Hutsunea bazen hor ere: legeak ez du deus agintzen herri horiendako; baina ez du erran nahi emazterik gabeko listak egon behar zirenik.

Arauaren arauaren mundu honetan, sekula ez da ahantzi behar politikarien aginduek anitzetan ez dutela oinarri juridikorik. Baldin badute ere, haiek dituztela hutsuneak betetzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.