Hemen ezer aldatuko bada

2020ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Teknologia biopolitikoek arautu duteEuropa Hegoaldean COVID-19ari emandako erantzuna. Jendartea artatzeko neurriak, nagusiki, diziplinazkoak izan dira, herritar guztiak etxean konfinatzea izan dute helburu. Bizilekua telekontsumoaren eta teleprodukzioaren ekonomiaren erdigunean kokatu dugu, norbanakoen etxea ziber-zaintzaren espazio gisa konfiguratuz; Googleko mapa batean identifika daitekeen leku bat edo drone batek zelatatzeko moduko kokagune soila. Agintari gehienen kontsignaknarratiba belikoaren logikari jarraiki plazaratu direla ikusi dugu: «gerran gaude», «garaituko dugu», «etxetik ez atera», «telelanean jarraitu» agindu-kontsignak jendarte kontrola areagotzeko neurri otzangarriak izan dira. Sakelakoen eta eramangarrien bitartez, gure etxeetako barrunbea etorkizuneko espetxe arinduaren aurrekari gisa bistaratu dugu, hiperkonektatutako gotorleku garaikidea.

Segurki, inkontzienteki bada ere, sistema neoliberalaren eredua erreproduzitzen ari gara, osasun krisiaren jatorrian dagoen eredu soziopolitikoa berbera berrelikatuz. Gobernu neoliberalaren zeregina politika merkatuaren kudeaketa baten zerbitzura jartzea baino ez da, zerbitzu eta ongizate publikoen kanporatzea eragin eta gizarte zerbitzuen guztizko pribatizazio baten alde etengabe jokatuz. Finantza sistemak mugiarazten duen erresuma neoliberala da, zeinak merkatuaren legea bizitzarako lege nagusi gisa barneratzea jartzen duen jomugan.

Bada, orain, inoiz baino premiazkoagoa dugu emantzipazio eta erresistentziarako estrategia berriak sortzea, sistema neoliberalak bultzatzen dituen prozesu antagonistak martxan jartzeko. Zeren horiek ezingo baitira etorri eskubide eta askatasun zibilen murrizketatik, ezpada planetako izaki bizidun guztion eskumen berdintasunetik; bioaniztasuna, demokrazia, elkarbizitza eta gizaki ororen zaintza bermatuko dituen babes hitzarmenetik. Orain, funtsezkoa izango da tokian tokiko berreskurapen prozesu demokratiko eta soziopolitikoen abaila.

Izan ere, naturari eragindako hondamendiak agerian utzi ditu gure zibilizazioaren mugak. Mundu orekatu eta berdinzaleago baten inguruko gogoeta beharrezkoa zaigu, ehun sozial indartsuenak bizitzaren alde jokatuz, etxez etxe, auzoz auzo, herriz herri, bertatik bertara, komunitatea eraikiz. Ramoneda filosofoak dioenez, krisi bati aurre egiteko modurik onena krisia bera aukera berria bihurtzean datza. Garaia dugu beldurretik (lehenik, kutsatzeko beldurretik) erruduntasunetik (desberdin izateagatiko erruduntasunetik) eta menpekotasunetik (estatu hegemonikoaren subordinaziotik) aldendurik komunitate erantzukizunera igarotzekoa, ausardiaz jokatzekoa, aurrera egiteko modu behinena, orain, burujabetzaren eraikuntza bidea denez gero. Bizitzaren arriskua, pandemiak ondo erakutsi digunez, geure gain daroagun bizi baldintza baita.

Pandemia ondorengo erantzukizuna, jarrera pertsonaletik harago, jarrera politikoa da nagusiki, erantzukizunez jokatzea ezaugarritzen gaituenaren alde, eta batzen gaituenaz arduratzea, elkarrekin partekatzen dugun munduaren jabetzarako ardura guztia geureganatuz. Hara nola komunitatea ekoizteko lana, narratiba zein ekintzarako espazio publikoa den heinean, funtsezko galderak erantzuteko narratiba lekua ere baden. Pandemiak sortutako hiritar jabego berri honetatik sor daiteke bidezkoagoa izango den gizateria bat, boterea eta ondasunak berdintasunez birbanatzeko ahala izango duena, demokrazian sakonduz eta justizia sozialaren bidea irmoki urratuz.

Komunitatearen jarrera ekoizleari darion komunitate nahia, adimen eraldatzaile eta sortzailea birsortzeko gaikuntzan datza. Gaur egun, komunitatea eraikitzea norberarenetik eta besteekin batera eraikitzea da, hori funtsezkoa zaigu. Norbere erroan sakonduz, komunitatea eraikitzea neoliberalismoari aurre egiteko modu nagusia delako; hari galga jartzekotan, komunitate eraikuntzatik egin beharko delako. Komunitatea eraikitzea gizatasuna sortzeko jarduera iraunkor eta etengabea delako, belaunez belauneko zeregin amaigabea.

Bistan da pandemia honetan ikusitakoaren eta bizi izandakoaren argitan neoliberalismoaren eta demokraziaren arteko talka zein eramanezina den. Jule Goikoetxea filosofoak dioen bezala, ideia nagusia da ez dagoela demokraziarik pertsonek beren burua gobernatzeko gai izan gabe. Zentzu horretan, subiranotasun berri bat eraikitzeko, modu unibertsalean arautu nahi den zibilizazio globalaren hazkuntza eredu mugagabeari tokian tokiko komunitatearen borondatea kontrajartzen zaio, bizi dugun mundu harremana bestelako zumitzen gainean eraikitzeko halabeharrez. Esan dugu merkatuaren legea bizitzaren lege nagusi bihurtu bidean doala, masa neoliberalaren uniformetasunaren aurrean babesteko ongizate komunak eta interes publikoak lehentasun osoa behar dutela. Oinarri hori dago funtsean herri borondatearen matrize teorikoan. Laclauk azaldu bezala, komunitatea eraikitzeko bere nahia eta borondateari norbanakoen gaikuntza erantsi behar zaio. Auto-jabetzearen bidea urratzeko, komunitateari datxekion berdintasun harreman politikoa eraikitzeko abiapuntua da. Komunitatearen eraikuntza kolektiboaren ondorioan dagoen subjektu politiko berria aitortzeko premia gorria dugu orain, hemen ezer aldatuko bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.