Bilboko Arte Ederren Museoa: patronatua ondarearen aurka

2020ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Bilboko Arte Ederren Museoa duela 75 urte inauguratu zen, 1945eko ekainaren 17an, baina ez dute urteurrenik ospatu nahi izan, ez diotelako onartu nahi daukan meritua. Horregatik, aztertu egin behar da ea museoa handitzeko eta berritzeko proiektua zenbateraino den arriskutsua museoaren segidarako eta osotasunerako, baita inguruarekin duen harremanerako ere: Kasilda Iturrizar parkearekin duen harremanerako, han baitago eraikina. Gainera, salatu egin behar da proiektu hori, iruzurra da eta.

Ezinbestekoa da proiektuaren arau hausteak eta irregulartasunak jakinaraztea, kalte larriak eragin baitiezazkioke eraikin eder horri. BBKren eta museoko fundazioaren arteko lankidetza hitzarmen baten bidez antolatu zuten sariketa. Museoko fundazioaren patronatua Bilboko Udalak, Foru Diputazioak eta Eusko Jaurlaritzak osatzen dute, eta denen artean erabaki zuten gaur egungo eraikina handitzea, arrazoi politiko, komertzial eta turistiko eztabaidagarriak zirela medio. Bilboko Arte Ederren Museoa bi garaitan eraiki zen: lehenik, 1945ean, Fernando Urrutiak eta Gonzalo Cardenasek egin zuten proiektua, kutsu neoklasikodun mintzaira batekin, eta, gero, 1970ean, Alvaro Libano eta Ricardo Beascoa arkitektuek, garai hartako nazioarteko estilo modernoari jarraikiz.

2019an, sariketa bat antolatu zen ideia arkitektonikoak biltzeko, bi fasetan. 57 proposamen aurkeztu ziren, eta sei hautatu zituzten azken faserako. Fase horretan, Ingravitas izenekoa izan zen garaile, Norman Foster & Partners-ek eta Luis Maria Uriarte Laudioko arkitektu entzutetsuaren proiektua: alegia, Fundazioak batere disimulorik gabe nahi zuen arkitektu taldea.

Irregulartasun asko izan zituen prozesu horrek, baina guk bi aztertuko ditugu: epaimahaia nork osatzen zuen, eta proiektuak zer kalte eragingo dizkien museoari eta inguruko parkeari.

Epaileetako bat arkitektuen elkargoko dekanoa zen, baina amore eman zuen, ikusirik parte hartu zuten arkitektu batzuk baztertu egin zituztela, gaiaren inguruko merezimenduak zirela eta. Ideiak berak alde batera utzi zituzten, kontuan hartu gabe ideiak ez direla esperientziari esker bakarrik eraikitzen, baizik eta intuizioari, talentuari eta irudimenari esker. Hori eraso bat da proiektatzeko askatasunaren aurka.

Epaimahaia aurrez ezarritako helburu baten arabera sortzea ez da inolaz ere egokia arkitektura sariketa baterako. Hamar epailek osatzen zuten epaimahai hori, eta arkitektuak ez ziren gehiengoa: 4 arkitektu zeuden; bi gerente; BBK-ko zuzendari bat; ondasun higigarrien zaharberritzaile bat, diputaziokoa; gobernuko sailburuorde bat, historialaria bera; eta museoko presidentea eta zuzendaria. Lau arkitekto horiek profesionalki ez dira gai era askotako konplexutasunak biltzen dituzten proposamen horiek epaitzeko.

Baina epaimahaiko arkitektuetako bat Norman Foster Foundation-eko kide izatea eta horregatik epaile izendatu izana, lotsagarria ez ezik, ilegala ere bada, eta salatzeko modukoa. Arkitektu horrek epaile eta parte bihurtu zuen bere burua, eta nahi zuena erabakitzeko bidean jarri zituen beste kideak ere, bere jakituriaz baliatuta.

Ezin da zalantzan jarri Fosterren fundazioaren ospe handia, baina hark ere huts egiten du: orain dela gutxi, The Tulip izeneko proiektu bortitz bat baztertu diote Londresen. Museoarentzat aurkeztu duen proposamen hori txundigarria izan da mediatikoki, eta ez da ez egokia eta ez onargarria ere proiektua gauzatuko den lekuarentzat: kalte egingo die ondare arkitektonikoari, inguruneari eta paisaiari. Gainera, proiektu finalistak eztabaida publikorik eta iritzi bilketarik gabe aurkeztu dituzte museoan. Tirania kulturala.

Kalteak eta irregulartasunak

Ezinbestekoa da aintzat hartzea kalte egingo diela ondarearen erreferentzia aparta batzuei. Museoa Bilboko Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorreko (HAPO) Babes Bereziko A Mailan dago katalogatuta, maila handienean; hori dela eta, esku hartzea oso mugatua da. Monumentu bat denez, muga horiek Euskal Kulturaren Ondarearen 6/2019 Legean jasota daude..

Behin eta berriz hautsiko da museoa eta parkea babesten dituen araudi nahiko esplizitua, eta, gainera, ez ditu beteko lehiaketaren baldintzak, baimendu baino lerrokadura gehiago egingo baitira fatxadan. Eraikinak 71 x 50,50 eta 15,78ko altuera du, eta tamaina horretako bolumen erraldoiak sortzen dituen makurdurek ia bikoiztu egiten dute egungo fatxada historikoa; 15 metro gehiago da asimetrikoki eta alboetatik. Ingurumenaren eta Hirigintzaren Fiskaltzan salatzeko moduko atentatu bat da ondarearen aurkakoa. Erabat ezinezkoa da 19,37 milioi euroren truke eraikitzea, BEZik gabe: engainu bat da, eta are gehiago gaur egun. Premia larriagoak daude: osasun publikoa, gizarte laguntza eta lan mundurako laguntza.

Proiektu hau Unescoren gidalerro unibertsalen guztiz kontrakoa da; ez du betetzen erakunde horrek 1962an argitaratutako paisaien eta guneen edertasuna eta izaera babestearen inguruko gomendioa. Horrez gain, Icomos erakundeak egindako Xi'ango adierazpenaren aurka doa: ingurumeneko egituren, lekuen eta ondare eremuen kontserbazioari buruzko adierazpenaren kontra, alegia.

Egungo museo-fabrikaren eredua deuseztatu egin behar da: bisitari lotsagabeen desfile jendetsu bat da, muntaketa kate bat izango balitz bezala, giro saturatu, zaratatsu eta deseroso batean. Jakin-minak, modak eta itxurakeriak bultzatuta biltzen diren turistak erakartzeko gune bat da.

Bizkaiko Arkitektoen Elkargoaren ordezkaritzari eztabaida bat egiteko eskatu zitzaion, eta ezetz esan zuen. Aspaldi ari da zentsura bultzatzen eta administrazioen nahiak zurikeriaz betetzen. Kolektibo hori desagertu egin da gizartearen eztabaidetatik, beste batzuk baititu orain interesak. Baina eztabaida hori posible izango da iritzi askatasuna arnasteko moduko areto bat dagoenean. Urbizidio hau geldiarazi behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.