Jatorrismotik haratago

Eduardo Portillo Najera, Mikel Otxotorena Fernandez
2020ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Aurtengo udaberezia izan da COVID-19ak sortu duen pandemia dela eta, baina beste gai batek ere astindu ditu bazterrak. Uztailaren 30ean eldiario.es egunkarian El maltratador políticamente correcto (Tratu txarren emaile politikoki zuzena), eta irailaren 6an Argia-n Gas Argia, bi artikulu horietan June Fernandezek azaltzen du duela urte batzuk bere burua feministatzat aurkezten duen eta berdintasunaren aldeko diskurtsoan oinarrituriko ibilbide publikoa duen gizon baten biktima izan zela.

Salaketa publiko horrek hautsak harrotu ditu. Nola da posible bere burua feministatzat duen gizon batek horrelako zerbait egitea? June Fernandezek, bi artikulu horietan, Tania Martinez Portugalek egin zuen Transformando imaginarios sobre violencia sexista en el País Vasco. Narrativas de mujeres activistas (Biolentzia sexistaren inguruko iruditeriak eraldatzen Euskal Herrian. Emakume aktibisten narratibak) tesiari eta jasotako ondorioei egiten die erreferentzia. Bertan, aurreko galderaren erantzunak topa genitzake.

Baina hautsak harrotzen direnean, ohikoa izaten da erreakzio ezberdinak suertatzea. Eta kasu honetan ere horrela suertatu da berdintasunaren inguruan gabiltzan gizon, talde, elkarte ezberdinen artean. Eta argudio aukera zabal bat agertzen zaigu.

Salaketa egin duenari sinesgarritasun osoa ematen eta azaltzen diogunengandik hasita; minimizazioan, ezeztapenean, zuriketa argudioetatik, zalantzan jartzetik, salaketa edo eta zeharkako gai baten zentratzetik pasatuta; isiltasuna argudio gisa erabiltzen dutenengana ailegatu arte.

Atentzioa eman digun gai bat oso maiz atera da erreakzio askotan kasu jakin honetan: maila indibidualean bakoitzak bere buruarekin egin beharrekoan geratzea. Hau da, bakoitzak bere burua aztertu, begiratu behar duela. Baina kasu zehatzaren erantzun indibiduala edo/eta kolektiboa ez dira eginbeharretan azaltzen, bat-batean desagertu egiten dira.

Eta hau ez da kasualitatea. Ezezagun batek egiten duenean, oso azkar erantzuten dugu, ez dugulako ezagutzen (beraz, ez dago loturarik), baina zer gertatzen da salatua dena ezagutzen badugu, edota ezaguna bada? Nongeratzen da «nik sinesten dizut»?Hemen, gizonon korporatibismoak defentsarako jarrera antolatzen du. Eta bereziki gure burua feministatzat dugunon artean. Ezker mugimenduetan bada joera indarkeria sotil honetatik at egotearen iritzia edukitzearena: «Gurean ezin da gertatu, gu horizontalak gara, feministak gara...». Beharrezkoa da hor begia jartzea. Bestela badirudi ezkertiar, feminista, progre,… adjektiboek indarkeriatik kanpo kokatzen gaituztela, gure jarrera eta jokabideak kolokan jarri gabe.

Argi eduki behar dugu gure lan edo militantzia guneetan gorpuzten diren jokabide salagarri horiek larriago bihurtzen direla berdintasunaren aldeko lana edo eta militantzia ikur publiko gisa erabiltzen dugun heinean. Jokabide horiek gaitzesgarriagoak dira.

Jakina, alde batera utzi behar dugu, besteak eta gu, onak eta txarrak, jatorrak eta kabroiak. Berdintasunaren aterkipean egoteak ez digu ziurtatzen gerriraino sexismoz blai ez egotea. Hori badakigu edo jakin beharko genuke. Hausnarketa eta behaketa indibidual, pertsonala lehen pauso bat izan daiteke, baina ez helmuga. Denok dugu zer begiratu, zer landu, zer deseraiki, gure gizon izateari eta gure maskulinitateari begiratzen badiogu.

Indarkeria matxistaren aurka dugun konpromisoan salaketa eta posizionamendua ezinbestekoak dira, baina ezin da salaketa publikoa egitera mugatu. Haratago joan behar dugu. Gure elkarteetan, talde eta kolektiboetan gure pribilegioak sortzen eta sendotzen dituzten jokatzeko eredu zaharrek zein neurritan indarrean jarraitzen duten antzemateko lana ezinbestekoa da. Oso tentuz ibili beharra dugu militatzen edo lan egiten dugun mugimenduetan indarkeria matxista ahalbidetzen duten botere harreman sexistak desagertu daitezen. Eta horretarako, lanketa kolektibo bat ezinbestekoa izango da.

Beraz, kasu jakin bat suertatzen bada, bakoitzak egin dezakeen barne begiradaz gain (honi inongo zilegitasunik kendu gabe), posizionamendu indibidual eta kolektiboek premiazkoak izan behar dute. Bereziki, berdintasunaren aldeko konpromiso bat dugunon aldetik. Zerbait esan beharko dugu, gure sareetatik, elkarteetatik, kolektiboetatik. Maitena Monroyk dioen bezala, eta gai honetara ekarriz, Betidanik Feminista artikuluan: «...iraultza pertsonal asko sortuta ere, ez badauzkagu baldintza egokiak bizi proiektu batean pentsatu ahal izateko horrek dakartzan interdependentzia guztiak kontuan hartuta, irtenbide indibidualak bilatuko ditugu berriz, erantzun kolektiboak bilatu beharrean».

June Fernandezek bere zauriak sendatzen denbora eta energia gutxiago inbertituko duen esperantza hori bete dadin, gure ardura ere bada sortutako zauriak sendatzeko lanketa egitea. Baina batez ere zauri horiek ez eragitearen ardurak hartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.