Koldo Izagirre

Engels dohakabearen bakartasuna

2021eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Ikastaroaren azken eguna Balalaika Studioan. Istorio bat kontatzen duen argazkia, horixe graduazio lana. — Ahaztu ikasitako teknikak, esna zeure begia! Apurtu ikasitako arauak oro!

Gimnasioari astebeteko greba deklaratuta suhar eraso dio errealitateari, bigarren eskuko Panasonic DMC-TZ57 txikia faxistak akabatzen zituen Woody Guthrieren gitarra bezain beldurgarria duelakoan.

Parkeko aulkia hutsik, eta non irakurri duen, beltzez...

«Hemen euskaraz hitz egin».

Angelu zailak, perspektiba futuristak.

Udalaren ikurra ageri duen enpresaren panelean, letra handiz, bat-batean...

«Kontuz, bateratua den espaloi bat egiteko obra batean zaude».

Zatika hartu du, collage bateratu bat egiteko.

«Gurariak dira gure gudariak».

Berrogehi aldiz, argi desberdinetan goiz eguerdi ilunabar gau.

«Nire norabidea iparrerratzak gidatzen du».

Hego haizeak zakar multzoak harrotzen dituela, hondoa lausotzearren.

«Hau duzu artea sustatzen duen berdingabeko hotel espontaneoa».

Makurka, belauniko, zuzenean, halleko ispilu handiaren islari, probokatzaile susmoa hartu dion atezainaren begipean beti.

Hizkeraren milizia gorria osa dezakeela otu zaio. Zuzendu, bihurritu, irauli. Zazpi Staedtler permanent erosi ditu.

«Nire norabidea ipurrorratzak gidatzen du».

«Nire norabidea oporrurratsak gidatzen du».

«Hau duzu berdingabeko hotel espontaneoa sustatzen duen artea».

Baina bere lanari beha sortu zaio zerbikalak desenfokatu dizkion dardara...

Euskara da gure terrorismo libre bakarra!

Pareta hutsek, zuhaitzek, leihoek, ateek, farolek, errepideek, zaborrek, autoek badutela esatekorik entzun behar izan du Balalaika Studioan. Letrarik gabeko esatekorik, alegia. Haserreñotu egin da gure dohakabea. Argazkiturik, idatziek bestelako adierak hartzen ahal dituztela aplikatu dio neska eperrari, izenondo horixe etorri burura, argazkigintza hasi zaio hizkera ere aldatzen! Baina irri anker samarra egin du hori ez dela fotografia jakinaraziz, fotografitia baizik.

Eta halako hitz ederra dastatzeko astirik eman gabe aipatu du errealitatea urratu beharra. Ez arranguratzeko emaitzak kamera aurrean eduki duena deformatuko balu, argazkirik onenak horrelakoak izaten direlako, gaiztoak.

— Bai, baina nola narratu istorioa?

— Milaka ikuspuntu dauzkagu erabiltzeke.

Argia, itzala, angelua, enkuadrea... Nola mintzarazi parkeko zanbuluei? Kateetako bat etenda? Aulkia apurtuta?

— O, ez! Bigarren astean esan genizuen geure begiak erre egin behar duela errealitatea, errealitatea bera ukitu gabe. Ukituko bagenu,bodegoi bat bihurtuko genuke errealitatea.

Errealitatea erre... egin lezake zerbait.

Senyera udaletxeko balkoian lehen planoan, ikurrina urrun, plazako poste metalikoan. Kalamu landareak antena paraboliko lizunduaren inguruan. Taloaren belartxoan harrizko zakurtzarra erne Sabadell eta Santander bankuen artean. La Gran Enciclopedia Vascaren ale mardul izanak baserriko mandioan saguen jaki. Zabor poltsa horia leherturik, katua usnaka. Eta kopia bat zutik sastraka bazterrean karraskiloz inguratua. Flores Kaperotxipirena edo, emakumea suila buruan duela.

Emakumezko bat hurbil, hezur-mamikoa. Suila buruan balu, agian. Kamera sakelaratuz ohartu da oraindik ez duela gizakirik argazkitu, ez gaizki ez gaizto, ez ar ez eme.

— Kazetaria al zara?

Ezetz esan dio, alferrik.

— Garaia zen prentsa gutaz arduratzea, udalak ez digu kasurik egiten.

Argaizkilaria dela aitortu du, apal.

— Plekhanov ala Lunatxarski?

Pairatu zituen irtenbiderik gabeko kalapita teoriko zahar haiek merezi zuketen irtenbide dialektikoa heldu zaio ezpainera berrogeita hamar urte geroago.

— Ni Balalaika ildokoa nauzu, kamarada.

— Engels! Zenbat urte! Alizia naiz!

Estua, ezinbesteko estua Alizia estalinistaren besarkada.

— Barka ezazu, ni ez naiz inoiz Engels izan.

Baina Aliziak besotik heldu du, amultsu, gure dohakabearen pausoa osteratxo bat egiteko gisan behartuz.

— Errealitate hau jasangarria egin nahi digute. Zein da zure analisia, Engels?

«Kolesterola goiti» arrapostu ordez eskua pausatu du Aliziaren sorbaldan, gozaro, terrorismo libre bakarraz jardutearren bihotzeko har gaizkilaria tarteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.