Euskara, eskolatik lantokira

Garbiñe Mendizabal eta Iker Estensoro
2021eko urriaren 23a
00:00
Entzun
Azken hamarkadetan, euskal gizarteak inbertsio handia egin du hezkuntza eta unibertsitatea euskalduntzeko, bai dirutan, bai jendearen ahaleginean ere. Horri esker, gabeziak gabezia, lan munduan txertatzen diren ikasleek inoizko ezagutza handiena dute euskarari dagokionez. Inbertsio horri jarraikortasuna emateko garaia da. Zein zentzu ikusiko diote gure gazteek unibertsitatean edo lanbide heziketan euskaraz egiteari, baldin eta lan munduan erdaraz baino ez badute egin behar?

«Euskara, bihotzetik ezpainetara». Euskalgintzan eta euskararen aldeko lanean ari garenok askotan erabili izan dugun esaldia da. Horixe baita gure hizkuntza maitatzeko eta zaintzeko modurik onena: gure eguneroko harremanetan bizitzako alor guztietan euskaraz sano, libre, gustuz aritzea.

Dokumentu, plangintza eta gogoeta asko egin dugu gizarteko hainbat eremutan euskararen erabilera berdintasunez sustatzeko. Dela haur eta gazteen hezkuntzan, dela administrazioan, dela aisialdiko ekintzetan, dela komunikabideetan. Badira, ordea, gaur egun oraindik gutxiegi jorratutako alorrak. Horietako bat, zalantzarik gabe, enpresaren eta lanaren mundua. Eremu sozioekonomikoa, alegia.

Orain dela urtebete pasatxo, pandemiarekin lehen talka bete-betean bizitzen ari ginen hartan, modu telematikoan antolatu behar izan genuen urteroko Udaltop euskara teknikarien jardunaldia. Askorentzat oharkabean pasa bazen ere, sakonera handiko testigantzak entzun ahal izan genituen bertan. Tartean Jon Sarasuarena, zeinak gorago aipatutako hutsune horretan jarri zuen begirada.

«Premiazkoa da lan eremuan hizkuntza plangintzak txertatzeari munta handiko politikaren bidez heltzea, euskararen biziberritze prozesuak aurrera jarrai dezan eta geldialdi arriskutsuan katea ez dadin. Belaunaldi apustu bat eta erakunde apustu bat behar dugu abagune honetan», esan zuen Aretxabaletako pentsalariak.

Azken urteotan hainbat ahotsek—euskalgintzako ordezkariek nahiz erakundeetako arduradunek— ohartarazi digute euskararen biziberritze prozesua bidegurutzean dagoela. Gogoeta horretatik abiatuz, gainera, hainbat egitasmo ere jarri ditugu abian, guztion artean, Sarasuak aipatutako «geldialdi arriskutsua» gauzatu ez dadin. Ahalegin horren fruitu nabarmenena, ziur asko, Euskaraldia bera izan da. Herritarren konpromisoa eta aktibazioa delako moteltzeari aurre egiteko antidoto hoberena.

Desafioa ez da nolanahikoa. Orain arte egindako lorpenei eutsi behar diegulako, batetik. Bestetik, segitu behar dugulako euskararen orotariko garapena bultzatzen. Hizkuntzari leiho berriak zabaltzen. Horietako bat, esan bezala, lantokietako eguneroko martxa da. Eremu sozioekonomikoa, azken batean.

Ate hori irekitzeko ere ezinbestekoa dugu herritik datorren indar eta dinamismoa. 2021eko apirilean egindako Gipuzkoako soziometroari erreparatuz gero, badirudi badela horretarako nahikoa oinarri sozial. Euskararen erabilera enpresa eta lan munduan zenbat sustatu beharko litzatekeen galdetuta, %76,6k diote asko edo nahiko bultzatu beharko litzatekeela.

Bistan da hizkuntza berdintasunera bidean urrats garrantzitsua ekarriko lukeela lan eremuan euskararen erabilera normalizatzeak. Halako zabalkunde baten onura ez litzateke, ordea, hizkuntzaren beraren egoerara mugatuko. Izan ere, hizkuntzaren kudeaketa on batek enpresaren lehiakortasunean ekarpenak egiten ditu. Eta, ondorioz, lurralde kohesionatu eta jasangarri bat eraikitzen jarraitzeko lagungarria da.

Adituen esanetan, lan ingurune positiboa sortzea da pertsona guztiek beren gaitasunak osoki garatu, lehiakortasuna areagotu eta erakundeko xede eta helburu estrategikoei begirako ekarpenak maximizatzeko baldintza nagusietako bat. Bide horretan sakonduz, enpresa txiki eta ertainetan talentua erakarri eta mantentzeko bidea zabaltzen da, aldi berean.

Gure lurralde industrialean aniztasuna eta inklusibitatea landu nahi badugu, ezinbestekoa da euskarak —euskal hiztunek, azken batean— enpresetanbehar duten lekua garatzea. Eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatuz, aniztasunaren kudeaketa positibo bati bidea zabaltzen ari gara. Hizkuntza hegemonikoen artean, tokiko hizkuntzari ere espazioak irekitzen zaizkiolako.

2020tik hona, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketa Sailburuordetzak, Hizkuntza Politika Sailburuordetzak eta Laneki elkarteak LH Duala Euskaraz egitasmoa abiarazi dugu, Euskaraz, balioa erantsi lanari lelopean. Helburu nagusia da heziketa eta lana euskaraz garatzeak duen balioa ikusaraztea, eta Lantokiko Prestakuntza eta Duala (LP-Duala) euskaraz ari diren lantokien komunitateko esperientziak aitortzea.

Gipuzkoako enpresentzako euskararen erabilera neurtzeko diagnostiko erreminta garatu dugu egitasmo horren baitan. Tresna horren bitartez, euskarari lan ingurunean ematen dioten tratamenduari buruzko azterketa egin dezakete, erraz, azkar eta konfidentzialtasun osoz. Galdetegia betetzen dutenek, gainera, bueltan hainbat gomendio jasoko dituzte euskararen erabilera sustatzeko eman beharreko pausoen inguruan.

Adibide xume bat besterik ez da, egiteko dugun guztiaz jabetzeko lagungarria. Gainontzeko eremuetan euskararen biziberritzea bultzatzeko egin bezala, lan munduan ere beharko dugu elkarlana, determinazioa, herritarren bultzada eta erakundeon inplikazioa. Ezinbestekoa da alor sozioekonomikoko eragileek ere gaiaren garrantziari erreparatu eta konpromisoak hartzea. Gipuzkoa hasi da ibilia bizkortzen, bide horretan. Urrats gehiago, gero eta biziagoak, emateko anbizioz hasi ere. Horrela bakarrik lortuko baitugu euskarak eskolatik lantokira jauzi bat ematea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.