Zarauzko 33 preso ohien gonbidapena Presorik Gabeko Egunera

Mikel LarraƱaga Altuna
2022ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Atzera egin beharko genuke hamarkada luzetan Zarautzen euskal preso politikorik gabeko egoera bat gogoratzeko. Eta, aldiz, maiatzaren 28an irten zen Ekaitz Sirvent-en ostean, kostako gure herri honek jada ez du herritarrik kartzelan. Atzean geratzen dira isolamenduak, espetxe aldaketak, kartzelero edo guardia zibilen mespretxu eta tratu txarrak, ziegako bakardadea eta gutariko bakoitzak pairatu genituen era guztietako egoerak. Gauza bera gertatzen da gure herriko iheslariek bizi izan dituzten egoerekin. Zarautzen gaude jada denok, eta horrek pozten gaitu.

Kartzela, ordea, ez du soilik presoak sufritzen. Senide eta lagunek larrutik ordaindu dute gutariko bakoitzaren kartzelaldia, dispertsioak eragindako ehunka kilometroko bidaiak, horiei aurre egiteko gastuak, ohe hutsek sortzen duten hutsunea, isolamenduak eragiten duen ezjakintasuna eta ondoriozko beldurrak, kartzelaldia noiz demontre amaituko den gaineko kezka, kezka eta kezka. Zarautzen gaude jada denok, eta horrek gure senide eta lagunak pozten ditu.

Denbora honetan guztian, ostiralero-ostiralero hamarnaka eta hamarnaka herrikide kalera atera dira, dela udaletxeko plazan, dela errepide nagusian. Euskal presoek oro har eta Zarauzko presoek zehazki bizi izan ditugun kartzelako bizi baldintzak edota eskubideen urraketak salatu dira, zegozkigun eskubideak aldarrikatu dira, eta gure euskal herriratzea edota askatasuna eskatu da behin eta berriz. Ostiraletan eta antolatutako bestelako hamaika ekimenetan. Zarautzen gaude jada denok, eta bihotzez eskertu nahi dizuegu herritarrok eman duzuen guztia.

Edonola, Zarautzen bizi dugun poza gazi-gozoa da. Gurean hala izateak ez du esan nahi egoera horiek guztiak amaitu direnik. Musika plazan bada oraindik, une oro, une oro, kartzelan geratzen diren euskal presoen kopurua gogoratzen duen euskarririk. 365 izan zen bertan jarri zen lehen zenbakia. Murriztu da, zalantzarik gabe, baina une honetan 184 euskal preso dira, oraindik ere, haien etxe eta herrietatik urrun eta askatasunik gabe daudenak, lehen deskribatutako egoera ankerrak oraindik ere jasaten dituzten senide eta lagunak. Zarautzen gaude jada denok, baina oraindik ehun eta laurogeita lau ohe huts dago Euskal Herrian.

Tantaka bada ere, azken bi urteetan euskal presoen euskal herriratzea ematen hasi da. 80ko hamarkadatik indarrean zirauen sakabanaketa politika amaitzen ari dela dirudi. Denon artean berau indargabetzeko ezinbestekoa zen herri presioa eta gehiengo soziala eskuratu dugu. Horretaz gain, azken hilabeteetan hirugarren gradua lortzen ari diren euskal presoen kasuak ugaltzen ari dira, eta horrek ere pozten gaitu; izan ere, poliki-poliki behin betiko askatasunaren atea gurutzatzeko aukera hurbiltzen dielako, haiei eta haien senideei. Dena dela, ETAk armak uzteko hartu zuen erabakitik hamarkada luze bat pasatu den honetan, esan beharra dago jada euskal preso guztiak etxeratzeko ordua dela, mendeku politika amaitu beharra dagoela. Epaiketa berriak iragarri baino gehiago, kartzelak husteko garaia dela. Gatazkaren ondorioak mantendu edota areagotuko dituzten hautuak baino gehiago, gatazkari behin betiko irtenbide politiko eta demokratiko bat emateko garaia dela. Zarautzen gaude jada denok, baina gatazka politikoak hor dirau.

Idazki hau sinatzen dugun Zarauzko euskal preso ohiek, lehenik eta behin, gure eskerrik beroenak eman nahi dizkizuegu preso politikoen eskubideen aldeko borroka luze honetan bidaide izan zaituztegun zuetako bakoitzari, ostiraletan agertzen zinetenei, Sareren manifestazioetan zazpi autobus betetzeraino izena eman zenutenei, abuztuko hondartzako giza katean parte hartu duzuenoi, gure senideen gastuak ordaintzeko lagundu duzuenei, batzarrak, erakusketak, txapelketak, herri bazkariak eta hamaika ekimen antolatu dituzuenei eta horretan guztietan parte hartu duzuen zuetako bakoitzari. Zarautzen gaude jada denok eta ospatu beharra dago.

Hurrengo ekainaren 18an Zarautzen Presorik Gabeko Eguna ospatuko dugu, eta idazki honen bitartez bertan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu. Gure kartzelaldia eta beronen inguruko sufrimendua amaitu da, eta ospatu beharra dago. Bai, hala da, ospatuko dugu. Baina, era berean, indarrak hartzeko eguna ere izango da, Euskal Herrian oraindik ere dauden ehun eta laurogeita lau euskal presoak etxeratu bitartean geratzen zaigun bideari indarrez eta gogoz heltzeko. Urte luzeotan etxean eta ondoan nahi gintuzuen. Orain Zarautzen gaude jada denok, eta oraingoan guk nahi zaituztegu gure ondoan. Animatu, parte hartu, ospatu!

OHARRA: Artikulu hau Zarauzko33 euskal preso ohien izenean dago idatzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.