Euskal Herria: naziotik zaintza-komunitatera

Gorka Mercero
2022ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Euskal Herria osorik hartuta nazio modura irudikatzeari utzi egin beharko litzaioke. Irudikapen horrek, egun, bortxatu egiten du gure errealitatea. Areago, euskal identitate nazionalaren aitortza eta euskararen normalizazioa bultzatu bainoago galgatu egiten dituela argudia daiteke.

Euskal nazioa egon, badago. Ukatzea supremazismo hutsa da. Nazio baten atributu objektibo guztiak dauzkagu, hala nola hizkuntza, historia edota kultura singularrak, eta elementu subjektiboa ere badaukagu, alegia, singulartasun horrek bizi gaituelako kontzientzia. Alabaina, euskal herritar gehienek ez dute kontzientzia hori partekatzen. Euskal nazioa minorizaturik dago eta gutxiengo hori gainditzeko tresnen faltan, saiakera ugariren ondotik ikasi dugunez.

Euskal Herria osorik hartuta nazioa delako aldarrikapena ez da desira baizik, euskal nazioak hegemonia erdiesteko desira, alegia. Desira hori, bestalde, guztiz ulergarria da, hegemonia baita munduko nazio-estatu nagusiek ezarritako gizarte ereduaren ardatza. Baina nola jasoko ote dute etengabe errepikaturiko aldarrikapen hori euskal nazioarekin identifikatzen ez diren euskal herritarrek? Partekatzen ez duten kontzientzia partekatu egin beharko luketela entzutean ez al dira aienatuak sentituko limurtuak bainoago?

Idealizaturik daukagu nazio kontzeptua. Batasun naturaltzat hartu ohi dugu, zeinari burujabetza eta hegemonia berez dagozkion. Egun, euskal herritarrak ez gaude batuta, eta iraganean ere ez gara batuta egon. Inguruko nazio-estatuen historian ere batasuna mitoa izan da errealitatea bainoago. Hala, iradoki izan da, ahaztu dezagun nazioa eta bila dezagun burujabetza zuzenean, bi premisa nagusitatik abiatuta: batetik, une historiko-politiko honetan burujabetza lortzekotan ezinbestekoa dela gehiengo zabal baten borondatea;bestetik, gehiengo hori ezin bada nazionala izan, soziopolitikoa izan beharko duela. Orduan, argudiatu izan da, independentzian gizarte solidarioago, berdinzaleago eta demokratikoagoa ikusten duen gehiengoa eraiki dezagun. Argudio horrek badu Euskal Herria parametro ez-nazionaletan irudikatzeko dohaina. Baina Euskal Herri independente batek berez ekarriko al luke gizarte hobea? Horrek desira-gogoeta dirudi argudio objektibo sinesgarria baino. Proposamenak, gainera, jakintzat ematen du burujabetasunaren subjektuak Euskal Herriko biztanleria izan behar duela, hau da, berretsi egiten du Euskal Herria nazioa delako ideia, abiapuntura garamatzalarik bueltan.

Hegemoniko bihurtzeko dauzkan arazo praktikoak kontuan hartuta, euskal nazio minorizatuak bere helburu egingarrienei heldu beharko lieke estrategikoki jokatuz. Nire ustez, bi dira lehentasunak. Batetik, gure singulartasun nazionalaren aitortza, burujabetza sinbolikoa dei dezakeguna. Gutxiengoa izanda ere, nazioa gara, eta, sentimendu hori Euskal Herriko biztanleria osora zabaltzeko beharrik gabe, badago burujabetza sinbolikoan aurrerapausoak ematerik. Esaterako, euskal kirol selekzio ofizialak edota euskal pasaportea negozia litezke orain inposaturik dauzkagunen aldean, euskal herritar bakoitzak bere nazio-sentimenduaren arabera aukera dezan zeinekin bat egin. Bestetik, euskararen normalizazioa ere helburu baztertu ezina zaigu. Baina euskara ere, gehienbat, nazioari loturik aldarrikatzen da. «Sinistu dezagun euskara ez dela daukagun zerbait, garen zerbait baizik», zioen azken Korrikako mezuak, kasurako. Hau da, ez dakienari edota erabiltzen ez duenari euskara ikasteaz edota erabiltzeaz gain euskal nazioaren identitatea ere besarkatzea eskatzen zaio. Gehiegitxo. Euskarak eta euskal nazioak osaturiko lotura banatu egin behar da, berezkoa izan ordez sentimenduzkoa bakarrik izan dadin.

Beraz, nazioaren ideia gabe ere aurrera jarrai daiteke burujabetzaren eta euskararen bideetan. Baina, nazio modura ez bada, nola pentsatu Euskal Herria? Ahalduntzeko borroka da gurea, nazioari zein hizkuntzari dagokionez. Baina feminismoak seinalatu bezala, ahalduntzeko bidean nork bere burua zaurgarri aitortzea beharrezkoa izan daiteke. Euskal nazioak eta euskarak ere horren beharra dutela uste dut. Zaurgarritasunak dakarrena da zaintzaren beharra, eta horretan aritu gara geu aspaldian, geure burua zaintzen. Faltan duguna da gainerako euskal herritarrek ere zaintza horretan parte hartzea, batetik geure nazio-sentimendua babestuz, eta bestetik euskara ere haien hizkuntza bihurtuz. Zaintza erdigunera horrela ekarrita, Euskal Herria ez litzateke nazioa, komunitatea baizik, zeinetan nork bere hizkuntzari eta identitate nazionalari eutsi ahal dion, baina jakinda botere desorekak daudela hizkuntza eta identitate horien artean eta horrek eskaera etikoa ezartzen diola euskal herritar orori desoreka hori konpontzen laguntzeko, bestea zaintzeko eskaera etikoa, alegia. Hori eta horrenbestez, nazioa ez, zaintza-komunitatea baizik proposatuko nuke, feminismoak mahai-gainera ateratako gaia Euskal Herriaren irudikapen berri honetarako ere erabiliz.

Kontzientea naiz hau utopia dela. Besteari, aurkakotzat hartu ohi dugunari, horrela eskua luzatzeak ez du zertan berehala erantzun positiborik erakarri. Baina errazago egingo dio beste horri gurekin enpatizatzeko aukera. Utzi egin behar diogu bestea gutar bilakatzeko asmoari. Egoera justuago baterako eskubidea dugu. Baina ez dezala besteak gure justizia aldarrikapenetan batez ere bere errua ikusi. Errudun sentiarazi beharrean gonbida dezagun elkarren zaintzaile izatera. Parteka dezagun Euskal Herria eta bere aniztasuna, guztiok, zaintza-komunitate modura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.