Hasteko hiru modu

Aste honetan ekingo diote sasoiari Gernikak, IDK-k eta Araskik. Hiru taldeetako entrenatzaileak gogotsu eta ilusioz dira, baina, txapelketek duten gogortasunaz eta parekotasunaz jakitun, luze gabeko helburuak jarri nahi izan dituzte, eta partidaz partida joan.

IDKren eta Gernikaren arteko partida Euskal Kopan. MARIA MENTXAKA.
Ainara Arratibel Gascon - Pettan Uralde - Iñigo Lasa
2022ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Ezohikoa izan arren, gorenean dauden hiru euskal taldeek txapelketa diferenteak jokatuz ekingo diote denboraldiari: Lointek Gernikak Eurokopan egingo du; IDK Euskotrenek, ligan, eta Kutxabank Araskik, Espainiako Superkopan. Hiru taldeetan emakumezkoak izango dira aulkian.

ANNA MONTAÑANA
Lointek Gernika Bizkaiko entrenatzailea

«Edozein aurkariri lanak emango dizkion taldea izango gara»

Lagunarteko partidak jokatzeari utzi, eta ia kale edo balekoa den partida bat jokatuko du orain Lointek Gernikak. Bizkaiko taldeak gaur jokatuko du Eurokopako atariko kanporaketako joaneko norgehiagoka, Belgikan, Phantoms Boomen kontra. «Ezohiko denboraldiaurrea izan da. Lesio asko izan ditugu, eta gorabehera batzuk izan dira. Baina azken astean, behintzat, elkarrekin entrenatu ahal izan gara, eta espero dut horrek oinarriak jarri izana Europako lehiari ondo ekiteko», nabarmendu du Ana Montañanak. 11 denboraldi eta gero, Mario Lopezek entrenatzaile kargua utzi zuen udan, eta hura da haren ordezkoa. Garbi utzi zuen hasieratik haren laguntzaile izan ostean Lopezek eragin handia izan duela beragan, baina entrenatzaile guztiek dutela beren estilo propioa. Datozen asteetan ikusiko da hori. Baina Montañanak beti nabarmendu du dituen jokalarietara egokitu ohi duela bere jokatzeko era.

Ustez Gernika faboritoa da gaur hasiko den kanporaketa gainditzeko. Belgikako taldea gaztea da, eta koefiziente txikiagoa du Europan, baina Montañanak eta haren jokalariak ez dira fio. Teknikariak nabarmendu du ez dutela sustorik izan nahi, eta gaurko partidan ahalik eta errenta handiena lortzen ahaleginduko direla. Taldea egokitzen egonda, oraindik sinergiak lortzen ari dira. Hala, baliteke bakarkako jokaldiak funtsezkoak izatea.

Denboraldi honi begira, eskarmentuaren alde egin du Gernikak. Besteak beste, aurretik taldean ibilitako bi jokalari, Nogaye Lo eta Julie Wojta, multzoan dira berriro. «Bi jokalari izan ezik, besteak Gernikan edo Espainiako ligako beste talde batean egondakoak gehiago dira, eta, jokora egokitzea baino gehiago, elkar ezagutzea eta konektatzea bilatu dugu lehen aste hauetan». Harrobiko jokalariek egindako lana azpimarratu du: «Harrobiko bost jokalari egon dira gurekin, eta haiek gabe ezin izango genuen kalitatezko lanik egin. Oso garrantzitsuak izan dira. Azpimarratzekoa da lagunarteko partidetan ere asko lagundu zigutela».

Arlo fisikoari arreta handia jarri diote. «Denbora luzez jokatu gabe egotetik zetozen jokalariak ditugu, baita aurreko denboralditik arazoak zituztenak ere. Iritsi nahi genuenera egokitutako erritmoan lan egin ahal izan dugu. Fisikoki ondo gaude».

Argi dauka «ongi landutako» taldea direla «Denboraldiaurreko emaitzak ikusten dituzunean, konturatzen zara edozeinek edozeini irabaz diezaiokeela. Baina baikor naiz. Lan asko egin dugun sentsazioa dugu, eta luze gabeko helburuak jarriko ditugu. Asteazkenean [gaur] oso partida garrantzitsua dugu, eta datorren astean Leganesen aurka jokatuko dugu etxean. Pixkanaka joango gara, hazten saiatuz eta partidaz partida eta entrenamenduz entrenamendu joanez».

AZU MUGURUZA
IDK Euskotreneko entrenatzailea

«Europan aritzeak ilusioa egiten digu, baina ligan adi egon behar dugu»

Denboraldi berezia izango da hau IDK Euskotrenentzat. Donostiako taldeak Europan jokatuko du estreinakoz. Baina aurretik ligari heldu beharko dio. Hain zuzen ere, hiru euskal taldeen artean IDK izango da debutatzen aurrena. Bihar jokatuko du Bembibreren pabiloian. Hala, Azu Muguruzak ligari erreparatu nahi izan dio. «Europan lehiatzen hasi aurretik ligako hiru partida izango ditugu, eta horietan lan ona egitea da estreinako horretara konfiantzaz eta sentipen onekin iristeko modua». Gainera, oharra egin du: «Liga da gure egunerokoa, eta ezin dugu lo hartu. Oso txapelketa parekatua da, eta adi egon ezean sustoak izan ditzakezu». Lehen partida honela aztertu du: «Bembibren irabaztea beti kostatzen zaigu. Partida irekia eta gogorra izango da, eta azken minutuetan erabakiko da. Horiek ondo kudeatzen dituenak asko izango du irabazita». Clarinosen eta Cadi la Seuren aurka neurtuko dituzte indarrak ondoren. «Ez da hasiera erraza izango, hiru partida horietatik bi etxetik kanpo izango baitira. Baina prest gaude».

Denboraldiaurrean egindako lanarekin «oso gustura» amaitu du Muguruzak. Europan lehiatuta, astean bi partida jokatzea egokituko zaie maiz, eta horrek «zertxobait» aldatu du sasoiaurrean egindako lana. «Karga fisikoa handitu egin dugu, eta lesioak saihesteko prebentzioan ere lan ugari egin dugu. Teknikoki ere karga handiagoa izan da. Izan ere, hain egutegi betearekin denbora gutxiago izango dugu halako lanketak egiteko».

Gustura da osatutako taldearekin, eta orain arte ikusi dizkion indarguneak nabarmendu ditu. «Kontraerasoan bizkorrago aterako da taldea, eta defentsan apur bat sendoagoa izango da. Talde osoa dela uste dut, eta gai izango garela bi txapelketetan ondo lehiatzeko». Aurreko denboraldikoak erasoan ahalmen handia zuela onartu du. «Baina honek ere izan dezake, eta hori lantzen ari gara. Jokalari gazteak egokitzen joan ahala ziur nago edukiko duela. Bitartean, Mariak [España], Yurenak [Diaz] eta Marianek [Coulibaly] hartu beharko dute ardura hori». Bere buruari ere erreparatu nahi izan dio: «Nire ardura izango da egutegia betea denean minutuak ondo banatzea».

Ligan ez du helbururik jarri. «Denboraldi hasiera guztietan zaila izaten da aurreikuspen bat egitea. Niri, behintzat, hala suertatzen zait, taldeak egokitzen ari direlako. Hilabete batzuk itxaron behar dira aurreikuspen bat egiteko. Bada, denboraldi honetan, are gehiago. Izan ere, egokitu egin behar dugu bi txapelketa jokatzera. Entrenatzaile guztiek esaten didate antzeman egiten dela».

Europari dagokionez, «lehiakor» izan nahi dute, eta «ikasi». «Kluba kirol arloan eta ekonomikoki egiten ari den bidean beste aurrerapauso bat izatea nahi dugu, eta proiektua hemendik kanpo ezagutarazi».

MADELEN URIETA
Kutxabank Araskiko entrenatzailea

«Partidaz partida joan nahi dugu, baina anbizioz»

Kutxabank Araskik ilusioz beterik aurkeztu zuen astelehenean aurtengo denboraldiko taldea, Gasteiz erdialdean. Larunbatean ekingo dio denboraldiari, Espainiako Superkopan. Ez du erronka makala izango, aurrean aurreko sasoiko hiru talderik onenak izango baititu: Perfumerias Avenida, Valentzia Basket eta Spar Girona. Arabarrek azken horien kontra jokatuko dute finalerdietan. Made Urietaren taldea «gogoz gainezka» da, etxean lehiatuko baita, Mendizorrotzako pabiloian: «Oso motibagarria da talderik onenak Gasteizen izatea. Harmailetan sekulako giroa egongo da. Ea gure zaleen aurrean irudi on bat ematerik daukagun», adierazi du teknikariak.

Oso urrutira begiratu gabe, «partidaz partida» joan nahi du Urietak. Helburu finkorik gabe, baina anbizioz: «Goian egongo diren hiru taldeak kenduta, oso liga parekatua ikusten dut. Egunez egun joan nahi dugu. Guretzat hurrengoak izan behar du beti neurketarik garrantzitsuena. Mezu kontserbadorea dirudi, baina oso anbiziotsuak gara».

Iragan sasoian, Araskik Leia Dongueren (14,5 puntu partidako) eta Tanaya Atkinsonen (16,4 puntu partidako) saskiratzeen mendekotasun handiegia zuelakoan da. Denboraldi honetan, baina, talde lanean oinarritu nahi du: «Jokalari oso onak izan ditzakezu, baina saskibaloia talde joko bat da, eta hala jokatu beharra daukazu. Baloia partekatu eta jokaldi onena bilatu nahi dugu. Zaleak taldearekin identifikatzea eta Araski oldarkor eta ausart bat ikustea nahi dut. Oraingoz hori lantzen ari gara».

Entrenatzaileak ezarri nahi dituen ideia horiek barneratzen ari da oraindik Gasteizko taldea. Izan ere, sei jokalari berri daude multzoan: Maimouna Diarra, Annika Holopainen, Florencia Chagas, Agostina Burani, Natalie van del Adel eta Txell Alarcon. Fitxaketak Urietaren jokatzeko erari begira eginikoak dira: «Jokalariek azkar egin dute bat gure jokamoldearekin. Fitxatu aurretik bagenekien Araskiren joko filosofia erraz ulertuko zutela, eta oso gustura gaude». Dozena erdi horiez gain, kontratua berritu diete Atkinsoni eta Maria Asurmendiri, eta harrobiko Maider Castellanosek eta Marina Ortiz de Zaratek lehen taldean jokatuko dute.

Aurtengoa zazpigarren sasoia izango du Urietak Araskiren aulkian. «Gogotsu» da denboraldi berriari ekiteko, aurrekoa luzea egin zitzaiola onartu badu ere: «Apenas izan nuen atseden hartzeko betarik. Ez naiz aitzakiak jartzekoa; profesionala naiz, eta nire lana da hau. Baina nabaritu nuen, bai. Aurtengo udan deskantsatzeko tartea izan dut, eta pilak kargatuta nator».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.