Komunitatea sortzea: aniztasuna guztion onerako batzea

Gorka Azpiroz
2023ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Bizi ditugun garaietan, eztabaidaren fokua elkarrengandik bereizten gaituen gauzetan jartzen da, batzen gaituen gauzetan baino gehiago; eta, beraz, gehiago zentratzen gara urruntzen gaituen horretan sakontzen, konpartitzen ditugun printzipio eta helburuak balioan jarri eta landu beharrean.

Denok dakigu puntu komunak, adostasunekoak, lotzen gaituenekoak bilatzea ona dela, denak desberdinak garela dakigun bezalaxe; baina ukaezina da, batzuetan, inolako enpatiarik gabe jokatzen dela, eta honi desberdinekin hitz egin, negoziatuo eta adosteko borondate falta izugarria gehituko nizkioke. Zorionez, salbuespenak ere badira.

Beti esan izan da Nafarroa aniztasunaren lurraldea dela. Bere alderdi guztietan. Eta komunitate kohesionatu baten oinarria aniztasun hori ezagutzea, ulertzea, ahalbidetzea eta horrekin elkarbizitzea da. Aniztasun hori lurrari, familiari, talde bati, sigla batzuei, elkarte bati, enpresa bati... loturiko pertenentzia sentimendua da; azken finean, komunitate bati loturikoak.

Azken urteotan komunitate horietan guztietan, trantsizio energetiko eta ekologiko kontzeptuak, krisi klimatiko eta energetikoaren gisara, eguneroko eta edozein esparrutakoelkarrizketetan agertzen dira. Agortze-sintoma argiak erakusten dituen gure planeta zaintzeko interes komunak ditugu, eta ahalik eta kostu ekonomiko eta sozial txikienarekin bada, hobe; horrek teorian elkartzen gaitu, baina praktikara ere eraman beharko genuke.

Bada, zentzu eta testuinguru horretan, komunitate energetikoak sortzen ari dira, edo behintzat gure inguru hurbilean indarra hartzen hasiak dira, Europako herrialde batzuetan ezagutzen baitira kasuak. Duela hilabete gutxi arte, legediak ez zuen laguntzen martxa operatibo eta praktikoan, baina haren erregulazioan izandako aldaketek, erakunde eskudunen bultzadak eta parter teknologiko eta juridikoek eredu desberdinak garatzearekin batera, egoera iraultzea ekarri du, hilabete gutxian.

Formula desberdinak egonda, bereziki azpimarratu nahi dut Comunidad Energética Toda Navarra, komunitatearen sorreraren adibide gisa, gizartearen zati handi batek partekatzen duen kezka bati garaiz eta taxuz erantzuna ematen diona lankidetza publiko-pribatutik. Nafarroako Merkataritza Ganberak sustatuta, eta Nafarroako Gobernuaren, Cenerren, Edinorren, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren eta Nafarroako udal eta kontzeju askoren laguntzarekin, energia-komunitate bat eratu da berriki.

Plataforma horrek, udal-estalkiak erabiliz, plaka fotovoltaikoak instalatuko ditu eta IDAEren diru-laguntza garrantzitsu bat izango du (instalazioen inbertsio eta gastuen %60 betetzen ditu, guztira 4,5 milioi inguruko balioa duena). Horrekin 28 udalerritan energia berdea sortuko dute komunitatearekin bat egiten duten etxe eta denda txiki guztiek partekatutako autokontsumorako. Gainera, ingurumen eta gizarte-onuraz gain, argiaren fakturan aurrezpen nabaria suposatuko du sortutako energiagatik eta konpartitutako negoziazioagatik eta bolumenagatik. 5.000 etxe eta komertzio txiki baino gehiago dira, eta hori guztia, bizilagunen inbertsiorik gabe.

Lekunberrik urte asko daramatza iraunkortasunaren alde lanean bere ardatz guztietan proiektu eta garapen aitzindariekin. Horregatik, hasieratik bat egin dugu komunitate energetikoaren proiektu honekin. Eta nafar gisa harro sentitu behar dugu formula honetan aitzindari izan garelako.

Proiektu berri hau digeritzeko ia astirik gabe, baina gure udalerriko garapenaren ezaugarriak kontuan hartuz, eta Lekunberri ON Plan Estrategikoaren markoan, industria eremuan antzeko proiektua garatzeko aukera ikusi genuen. Enpresak erronka energetikoan murgiltzeaz gain, haien lehiakortasunerako ezinbestekoa den helburu berean batzea litzateke. Horrek, langileen ongizatea, baita Lekunberriko bizilagunen ongizatea eta inguruko udalerrien ongizatea ere suposatuko luke.

Beraz, eta industrialde jasangarriago baten garapenean ere pentsatuz, gure udal taldeak, Lekunberriko Taldeak, Geroa Baiko talde parlamentarioari 145.000 euroko partida bat sar zezala eskatu zion 2023rako Nafarroako Aurrekontu Orokorren zuzenketa gisa, zeina berriki onartua izan den. Zuzenketa horretan Lekunberri ON programaren laguntza teknikoa sartzen da, eta Lekunberriko Albisualdea Industrialdea poligono jasangarri baterantz garatzea, besteak beste, industria-komunitate energetiko bat sortzeko.

Zalantzarik gabe, komunitate hori Lekunberri ON programarekin sortzen ari zen, eta horri esker, eragile sozioekonomikoen arteko topagune eta eztabaida-foro etengabea sortu da, eta parte hartzen duen komunitate osoaren ideiak eta kezkak bateratu dira. Baina, jakina, industria-komunitate energetikoa aurrerapauso handia da ekintza-batasunean, eta etorkizunerako proiektu komunitario gehiagorenganako ernamuin garrantzitsua.

Garapenerako, onura kolektiborako eta komunitate onurarako aukerak hautemateko ikuspegi orokor batek, berezitasunaren edo partikularraren gainetik egon behar du. Batasunetik, kolektibotasunetik ere partikularra dena lortzen baita. Izan ere, erromatar enperadore eta estoizismoaren erreferente zen Marko Aureliok esan zuenez, «erlauntzarentzat ona dena erlearentzat ere ona da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.