Burutik eginda! Ez, horixe!

2019ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Kaixo!

On Diego Lopez Harokoa nauzue eta Bilboko Plaza Biribilaren erdian dagoen zutabearen gainean bizi naiz. Barkatu atrebentzia, baina aspaldi lau haizeetara zabaldu nahian nabilen sekretua partekatu nahi dut BERRIAren irakurle zareten horiekin.

Bada, nire bizilekutik ikusi ditudan gauza guztietatik —eta, zin egiten dizuet, askotxo dira— azpimarratzeko moduko bat: urtero urtarrilaren bigarren larunbatean egin ohi den manifestazioa.

Askotarikoak izaten dira bertara joaten diren pertsonak: haurrak—batzuk motxiladunak—, gazteak, helduak, zaharrak...; sexu-orientazio eta genero-identitate ezberdinetakoak; jaioterri askotakoak; ideologia desberdinekoak; jainkozaleak; ateoak; maila ekonomiko guztietakoak; desgaitasunak dituztenak, desgaitasunik ez dutenak... Euri, hotz edo izotz, ia 30 urte daramate urtero nik sortutako hiriaren kale erraldoiak zeharkatzen. Gainera, milaka eta milaka izaten dira. Aurtengoan, hirurogeita hamasei bat mila zenbatu ditut eta horiei guztiei Baionako zubiaren ondoan dagoen Charles Martial Lavigerie kardenalak kontatutako bederatzi mila gehitu behar, noski. Denera, 85.000.

Obelixek ohiko duen moduan, hasieran burutik eginda zeudela pentsatzen nuen, baina erakusten duten duintasuna, grina eta tinkotasuna ikusirik, hipotesi hori baztertu eta pertsona horiek guztiak martxa erraldoi horietan parte hartzera bultzatzen dituzten arrazoiak aztertzeari ekin nion. Hala, nire lagun txoritxoei esker, zera jakin nuen: Frantziako eta Espainiako Gobernuek etxetik urrun espetxeratuta dauzkaten euskal presoen eskubideak defendatu eta etxera ekartzea helburu dutela. Izan ere, euskal preso batzuk (batzuek «politiko» esaten diete) beraien herritik ehunka kilometrora dauden espetxeetan dituzte giltzapean, eta horrek, noski, ondorioak izaten ditu, presoentzat ez ezik (isolamendua, babesgabetasuna, senide eta lagunek haiek bisitatzeko egin behar izaten dituzten bidaia luzeek sortzen dizkieten kezka, urduritasuna...), haien senide eta lagunentzat ere. Besteak beste, haiek ikustera joateko egin behar izaten dituzten bidaia luzeek ekartzen dizkieten estresa, nekea, gastu ekonomikoak, arrisku fisikoa, istripuak (2018an, 7 izan direla jakin dut, zeinetan 15 senide zauritu ziren) eta, muturreko kasuetan, heriotza. Izan ere, 16 omen dira presoak bisitatzera zihoazela errepidean zendu diren pertsonak.

Manifestazioetan parte hartzeko arrazoi nagusia ezagututa, eta ni neu ere Super Lopez naizen aldetik, bertaratzen diren pertsonak ezagutu nahi izan nituen, asko izanik, horietako batzuen gogamenean sartuta. Hala, honako hiru taldetan sailkatzeko modukoak diren parte hartzaileak izan ohi direla ikusi nuen.

Badira espetxeratzea eta haren ondorioak zuzenean bizi izan gabe etortzen direnak. Pertsona horiengogamenean aurkitu ditudanak presoen eta haien senideekiko elkartasuna, bai eta haiek bizi duten egoerarekin amaitzen lagundu nahia izan dira gehienbat.

Espetxean egondakoak ere aurkitu ditut, eta une horietan barruan utzitako lagunek eta han pasatako une latzek sortzen dieten tristuraz beteta ikusi dut haien bihotza, bai eta, nola ez, hainbeste jendez inguratuta egoteak ekartzen dien kemenaz.

Azkenik, espetxe urruntzea gertutik bizi duten senide eta lagunak ikusi ditut. Horietako asko haurrak eta adinean gora doazenak. Haien buruan amaierarik gabeko errepideen irudiak; «Algeciras», «Paris», «Ocaña» eta antzeko izenak jasotzen dituzten kartelak; hainbat aldiz entzun izanagatik grabatuta dituzten esaldiak («el interno ya no se encuentra en este centro y no puedo decirle ni cuál es su nuevo destino ni dónde se encuentra actualmente»; «eso no se puede pasar»; «quítese el cinturón...»; «ha finalizado el tiempo»...), abestiak «(Hegoak ebaki banizkio..»; «... nik aspaldi egin ni(n)an aukera: jo ta ke, irabazi arte!»; «... pila, pila, pila patata-tortila...»), kristal baten beste aldean dauden irri goxoak; bertatik jasotako muxu magikoak...

Azken horien sentimenduak dira gehien hunkitu nautenak: mugarik gabeko poza maite dituztenak ikusten dituztenean; beste hainbesteko tristura abiadura handiz joaten diren 40 minuturen ostean, haiek giltzapean gelditzen direla ikusita; erasoen aurrean,duintasuna; urte luzez egin behar izandako bidai amaigabeek sortutako nekea eta haserrea... Baina guztien gainetik, maite dituzten horiek etxera ekarri arte bere horretan jarraitzeko duten indarra eta grina.

Askotariko pertsonak, bada, helburu bakarra partekatzen dutenak: euskal presoen eskubideak errespetatzeko aldarria. Egia aitortu behar badizuet, manifestazio horien lekuko soila izan naiz urte askotan, baina pertsona horiei guztiei behatuz sentitu eta pentsatu dudanari esker, orain egiteari ekin diot eta, inor konturatu gabe, haiekin joaten naiz ni ere, La Casillatik Areatzaraino, euskal presoen eskubideen defentsan. Datorren urtean berriz izango naiz haien artean. Lavigerie kardenalak ere Baionako manifestaziora joateko asmoa duela esan dit. Ea orduan eskubide horiek aitortuta, euskal presoak etxean daudela ospatzeko elkartzen garen! Hala izan bedi! Amen!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.