Bukatu da zazpi urteko babesa

Ingalaterrako auzitegi batek Julian Assange espetxeratzea erabaki du, Ekuadorrek asilo politikoa kendu ondoren. AEBek Wikileakseko buruaren estradizioa eskatu dute

Julian Assange Wikileaks webgunearen burua Poliziaren ibilgailu batean auzitegira iristen, atzo, Londresen. STRINGER / EFE.
mikel rodriguez
2019ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Bukatu da Julian Assange Wikileaks hedabideko buruaren zazpi urteko babes politiko konfinatua. Ekuadorko Gobernuak Londresen duen enbaxadan sartzen utzi zion atzo goizean Erresuma Batuko hiriburuko Poliziari, eta arratsaldean Westminsterko Magistratuen Gorteko epaile batek erabaki zuen ekintzaile australiarra espetxeratzea. Epaileak leporatu dio duela zazpi urte ezarri zizkioten baldintzapeko neurriak urratzea, eta sei hilabete eta urtebete arteko espetxe eskaerari aurre egin beharko dio Assangek. Datozen asteetan argituko da auziaren funts nagusietako bat, AEBek atxiloketaren berri izan eta berehala eskatu baitzuten estradizioa. Londresko auzitegiak ekainaren 12ra arteko epea eman dio Washingtoni beharrezkoa den dokumentazioa aurkezteko.

Ekuadorko Gobernuak 2012an eman zion babes politikoa Assangeri. Ekintzailea Ingalaterran zegoen, eta, Erresuma Batuak herrialdetik joateko baimena eman ez zionez, Ekuadorrek Londresen zuen enbaxadan babestu zen. Hantxe igaro ditu ia zazpi urte. Haren aurkako auziaren jatorria Suedian dago. Herrialde horretan bi emakumek Assange salatu zuten 2010ean, sexu erasoak egin zizkiela leporatuta. Suediak nazioarteko atxilotze agindu bat eman zuen haren aurka, eta urte horren bukaeran Assange Londresko Poliziaren aitzinera agertu zen. Estradizio prozesuaren inguruko borroka legala hasi zen ondoren, eta, 2012ko ekainean, prozesu hori amaitzear zela, Ekuadorri babes politikoa eskatu zion.

Erresuma Batuko eta Suediako justizia erakundeek ezberdindu egin nahi izan dute beti Assangeren aurkako sexu-eraso salaketen auzia eta Wikileaksen jarduna, baina Assangek salatu izan du Mendebaldeko gobernuen konspirazio bat dela, haien agiri sekretuak argitaratu dituelako. Suediako salaketak artxibatuta daude gaur egun. Hiru delitu leporatu zizkioten, eta horietako bi iraungita daude; bertze bat, «gradu txikiagoko bortxaketa», heldu den urtean iraungiko da. «Kasua ikertuko dugu, zer pauso eman ditzakegun aztertzeko», adierazi zuen atzo Eva-Marie Persson Suediako fiskalorde orokorrak.

AEBek, ordea, Wikileaksen jarduerengatik epaitu nahi dute Assange. Sekretupean zituzten haren aurkako karguak, baina atzo ofizialki jakinarazi zuten «infiltratzeko konspirazioa» egozten diotela, bortz urte arteko espetxealdia biltzen duen delitu bat. Wikileaksek AEBetako ehunka mila, milioika agiri sekretu argitaratu ditu azken hamarkadan. Horietako anitz Chelsea Manning soldadu ohiak eman zizkion. Hura 2010ean atxilotu zuten, eta 2013an 35 urteko espetxe zigorra ezarri zioten. 2017an Barack Obama orduko presidenteak zigorra barkatu zion, baina duela hilabetetik berriz ere espetxean dute, uko egin ziolako Assangeri lotutako auzi batean deklaratzeari.

Estradiziorako baldintzak

Lenin Moreno Ekuadorko presidenteak atzo adierazi zuen Assange entregatzeko baldintzen artean paratu zutela Erresuma Batuak ez duela estraditatuko «heriotza zigorra edo tortura» jasateko arriskua duen herrialderen batera. Assangek Ekuadorko aitzineko presidente Rafael Correaren babes osoa zuen, baina Morenok boterea hartu zuenetik (2017) anitz okertu da harremana. Morenok Assangeri babesa kentzeko, argudiatu du ekintzaileak urratu egin duela enbaxadan ezarri zuten «bizikidetza akordioa»; bertzeak bertze, Wikileaksek munduko estatuen agiri sekretuak argitaratzen jarraitu duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.