Zaintzea larrutik ordaintzen denean

Amaia Zufia Erdozain eta Itziar Gandarias, Goikoetxea
2019ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Pasa den abuztuaren 23an, Iruñean gizon batek bere ama erail zuen. Andreak 72 urte zituen; semeak, 45 bat. Komunikabideek diotenez, buruko nahasmendu batek eragindako agerraldiak jota zegoen, eskizofrenia paranoidearekin. Etxean liskar bortitz bat eragin ostean, emakumea balkoitik behera bota zuen.

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxaren baitan, eztabaida sortu zen, erailketa matxisten aurkako protokoloa aktibatu behar ote genuen erabakitzeko. Kasuak bere barnean biltzen dituen ertz konplexuak aintzat harturik, ez genuen erantzuna aktibatu, baina, argi geratu zenez, erailketa honek hausnarketa sakonak azaleratzen ditu begirada feministatik: lehenik, zaintza lanek zaintzaileengan izan ditzaketen arriskuak eta ondorioak ikusarazteko beharra; eta bigarrenik, zaintza duinak bermatzeko gaur egungo jendarte eta instituzioen aldetik dagoen hutsunea.

Zaintzea neoliberalismoaren aurrean egin daitekeen ekintzarik funtsezkoen bihurtu da gaur egun. Baina gure jendarteak, zaintza lanak zatikatu, eta genero, klase, jatorri edota herritartasunaren araberako banaketa desorekatua egiten du. Pertsona guztiok ez dugu baliabiderik zaintza duina jaso ahal izateko, eta horrek bereizkeriak indartzen ditu. Gaur, zaintzaren, prekaritatearen eta bazterkeriaren arteko lotura zuzena dago. Zaintzea lana da, baina ez da aintzat hartzen, eta, lan gisa hartzen denean, soldata eskasak dira, lan eskubideak kaskarrak eta aitorpen sozialik ez da existitzen.

Emakumeei egokitzen zaie zeregin hori. Emakume migranteek, amek, ahizpek, andregaiek, alabek, izebek... ezkutuan eta egoera prekarioan zaintzen dute. Gaitz mentalak dituzten pertsonen kasuan, bereziki, familia inguruko emakumeak dira zaintza lanak egiten dituztenak. Hauxe izaten da profil ohikoa: 64 urteko emakumea, 21 urtez arazo mentalak dituen semea zaindu duena. Horixe bera zen Iturraman eraildako emakumearen profila.

Azkenaldian, osasun mentaleko politikak arreta komunitariorantz bideratu dira, familiak zaintzarako gertu eta prest egotea eskatzen duena, baina haiei baliabide eta babes nahikorik eskaini gabe. Zaintza lan mota horrek konpromiso handia eskatzen du, eta zaintzaileengan estres iraunkorra eragiten du: arrisku ezberdinek sortutako presioa eta antsietatea, egoerari ezin eutsi ahal izateak dakarren erruduntasuna, nekea, lo falta, bakardadea, eta abar. Zaintzaileen bizitzetan duen inpaktua, beraz, oso handia da. Zaintzen duten pertsonekiko harremanetan tentsioak eta gatazkak ere agertzen dira maiz. Zentzu horretan, ez du batere laguntzen gaixotasun mentalaren estigmak dakarren isolamendu sozialak. Horregatik, ez da harritzekoa zaintzaileen eskakizun nagusia lan hori garatzeko laguntza osagarria izatea.

Idatzi honen bitartez, eta, azken gertakari larrien ostean, Euskal Herriko Emakume Mundu Martxak erakunde publikoei gaiarekiko duten ardura eskatu eta erantzun integralen beharraz ohartarazi nahi die. Emakume zaintzaileak babesteko eta alternatiba errealak sortzeko garaia da.

Batetik, zaindua izateko eskubideak helburu bat izan behar du bere horretan: zaintzaren dimentsioa herritarren ongizatearen oinarrian dagoela aitortu behar dugu. Horretarako, zaintzaren gaia agenda politikoan kokatu behar da, baita honek sortzen dituen arazo eta tentsioak ere, eremu pribatu eta familiarrean estali ohi direnak.

Bigarrenik, zaintzak eremu pribatutik atera behar ditugu. Horrek esan nahi du zaintzak ardura kolektibo gisa ulertzea. Horretarako, gertuko komunitate zaintzailearen rola indartzeaz gain, instituzio publikoak izan behar dira zaintza unibertsala eta kalitatezkoa bermatzen dutenak, baita zaintza lanetan jarduten duten langileen lan baldintzak duinak ere.

Hirugarrenik, zaintzaileen errekonozimendua eskatzen dugu: entzunak izatea, erakundeek zein osasun mentalaren profesionalek aliatu moduan aintzat hartzea eta haiek ere zainduak izateko duten eskubidea aitortzea.

Zaintzak negoziatzearen aldeko eskubidea aldarrikatzen dugu, baita ez zaintzeko eskubidea ere. Zaintza lanak baldintzarik gabe eta musu-truk egiten diren jarduerekin lotzen jarraitzen ditugu, emakumeen mandatu naturala balitz bezala. Horregatik, eremu horretan gatazkak sortzea edota negoziatzea oso zaila izaten da emakumeentzat. Zaintzaileak zaintzeko hainbat programa diseinatu dira, lan horrek eragiten dituen sentimendu anbibalenteak kudeatzeko. Norabide horretan pausu gehiago eman behar dira, negoziazioa ez baitago soilik eremu publikoan, etxe barruan lanaren birbanaketa justu baten aldeko borroka luzea da oraindik. Horrenbestez, instituzio publikoek tresnak eta baliabideak eskaini behar dituzte eremu pribatuetan zaintzak negoziatu ahal izateko.

Iragan den greba feministan, bizitza eusteko ardura kolektiboaren bidean, zaintza lanen berrantolaketa integrala eskatu zuen Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Hala berresten dugu Emakume Mundu Martxan gaurkoan, emakume gehiagok zaintzea larrutik ordaindu ez dezaten berriro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.