Eguzki Urteaga.

Udal hauteskundeen lehen emaitzak: iragarpenak eta zalantzak

2020ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Koronabirusaren pandemiak zeharo baldintzatu dituen udal hauteskundeetako lehen itzuliko emaitzek hainbat irakaspen utzi dizkigute.

Lehenik eta behin, abstentzioak nabarmen gora egin du frantses estatuan eta, maila apalago batean, Ipar Euskal Herrian. Izan ere, %36,45etik %56ra igaro da Frantzian (+%20) eta 8 puntu hazi da Iparraldean. Koronabirusaren krisiaren hedatzeak sortutako izuak eta presidenteak zein lehen ministroek aldez aurretik egindako iragarpenek zerikusi zuzena eduki dute parte hartze txiki horretan. Cevipofek plazaratu berri duen inkesta baten arabera, herritarren %32k onartu du ez bozkatzea erabaki duela Edouard Philippek martxoaren 13an egindako diskurtsoaren ostean; %26k aitortu du erabaki bera hartu duela koronabirusaz kutsatua izateko beldurragatik, eta %25ek dio Emmanuel Macronek martxoaren 12an egindako hitz hartzea erabakigarria izan dela bere erabakian. Hori horrela izanda ere, azpimarragarria da abstentzioa garaiagoa izan dela hirigune nagusietan, Baiona (%61) ala Angelu (%60) adibide direla, landa eremuetako herri txikietan baino.

Bigarrenik, boterean zeuden eta beraien burua berriz aurkeztea erabaki duten alkate gehienak berretsiak izan dira, eskuinekoak, ezkerrekoak ala abertzaleak izan. Miarritzeko auzapezaren salbuespena alde batera utzita, Michel Veunac bosgarrena iritsi baita %12,22rekin, hiri nagusietako alkateak lehen itzulitik aukeratuak izan dira, Angelu ala Donibane Lohizunen bezala, ala lehenak sailkatu dira emaitza esanguratsuak lortuz, Baionan ala Hendaian lez. Lapurdi barnealdeko,Nafarroa Behereko eta Zuberoako herrietan, joera hori are eta agerikoagoa izan da. Horren arrazoia herritarren bozka legitimistan datza. Halaber, Ipsos-Sobra zundaketa institutuaren arabera, herritarren %74k konfiantza dauka bere alkatearengan, eta proportzio hori %81era igotzen da 2.000tik beherako biztanleria daukaten herrietan. Era berean, galdezkatuen %71k dio alkatearen balantzea egokia izan dela eta joera hori are eta handiagoa da 2.000 biztanle baino gutxiagoko herrietan (%77).

Hirugarrenik, abertzaleek eta, bereziki, Euskal Herria Baik sostengatu dituen 22 zerrendek emaitza onak lortu dituzte, bai ehunekoetan, bai boz kopuruetan. Izan ere, lehen itzulitik, Hiriburu, Baigorri ala Biriatu eskuratzeaz gain, bozkatuenak izan dira Urruña (%40,8), Ziburu (%44,66) eta Uztaritzen (%45,2), %40ko langa pasatuz. Hainbat herritan %30a gainditu dute, hala nola Maulen (%33,46), Larresoron (%33,4) edo Ahetzen (%37,21), eta %20a goititu dute Donibane Lohizunen (%23,10) eta Saran (%26,75). Hori bezain deigarria da izan dituzten hazkundeak: +%23,7 Ziburun, +%12,0 Donibane Garazin, +%5,9 Hendaian, +%5,3 Uztaritzen eta +%4,3 Urruñan. Hazkunde hori bozka kopuruetan berretsi da, parte hartzeak nabarmen behera egin arren: +538 Ziburun, +447 Urruñan, +255 Maulen eta +236 Kanbon. Baionako hirigunean, abertzaleek beraien posizioak mantendu dituzte, %12,34 eskuratuz Miarritzen eta %13,12 Baionan, eta beraien bozak erabakigarriak izango dira bigarren itzulian aukeratuak izan nahi duten hautagaientzat.

Lehen itzuliko emaitzak nahiz parte hartzearen datuak ezagutu bezain pronto, eta oposizioaren arduradun nagusiek bigarren itzulia atzeratzea eskatu ostean, Edouard Philippe batzorde zientifikoko kideekin eta alderdi politiko ezberdinetako arduradunekin batu zen aukera hori aipatzeko eta adostasun zientifiko zein politiko bat lortzeko. Martxoaren 16an bertan, Emmanuel Macronek telebistan egindako diskurtso batean, konfinamentu neurriak iragartzearekin batera, udal hauteskundeen bigarren itzulia atzeratzea erabaki zuen. Hasiera batean ekainaren 21eko data iragarri bazen ere, ez da egun zehatzik finkatu. Halaber, lehen unean, lehen itzulian aukeratuak izan ziren udalbatzak eta alkateak martxoaren 21ean aukeratuak izango zirela esan bazen ere, azkenean data hori atzeratzea erabaki da. Horren ondorioz, Frantzia mailan hautatuak izan diren 30.048 udalek eta Iparraldean aukeratuak izan diren 132ek ezingo dute zin egin. Hori dela eta, data berri bat finkatu arte, batzorde zientifikoak osasun egoerari buruz maiatzean egingo duen txosten baten arabera finkatuko dela jakinik, karguan dauden alkate eta udalbatzek jardunean jarraitu beharko dute.

Egoera horrek hainbat galdera planteatzen ditu. Konfinamendu neurriak indarrean diren bitartean, kontuan izanda lan, desplazamendu eta elkarretaratze aukerak murritzak direla, zein puntutaraino udalek beraien jarduna jarraitzen ahalko dute? Larrialdi egoera horretan, batik bat irauten badu, udalek zein askatasun eta zilegitasun edukiko dute erabakiak hartzen jarraitzeko, batez ere esanguratsuak badira? Bolada horretan, oposizioak zein ahalmen izango du jardunean dauden herriko etxeak kontrolatzeko? Konfinamendu egoerak zein eragin izango du hiri eta herrietako elkarbizitzan? Bigarren itzuliari begira, egoera horrek zein ondorio ukan dezake, bai parte hartzean, bai bozkaren norabidean?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.