Noiz sortua: 2020-05-09 00:30:00

Gaurkoa ez da beste Europako Egun bat

Lorena Lopez de Lacalle - Eusko Alkartasunako nazioarteko idazkaria. Europako Aliantza Libreko presidentea

2020ko maiatzak 9

Egutegiak aurrera darrai zer gerta ere, eta hala, urtero legez, maiatzaren 9a heldu zaigu; Europako Eguna. Baina gaurkoa ez da beste Europako Egun bat.

Egungo Europako Batasunaren zurtoinak gaurko egun batez, orain 70 urte ezarri zituzten estatu-nazioa erreferentzia politikotzat zuten gizon batzuek. Baina jaiotzear zegoen batasun politiko horrek izaera federalista zuen, aniztasuna lokarritzat zuen apustu ausarta, zeinak guda ankerrak eragindako zauriak sendatu, eta giza, sozial zein ekonomia mailan basamortua zirudien egoerari aurre egingo zion. Europako Batasunaren oinarriak saminean eta gogortasunean ernaldu dira, baina bere erresilientzia grina amankomuna ere azpimarragarria da.

2020ko maiatz honek oparotasun sozialerako eta itxaropen kolektiborako haizea ekarri behar du. Asko dira Europako Batasuneko itunak sakonki aldatu nahi ditugun herriak eta jendeak, argi baitugu Europak duen kultura, hizkuntza, geografia eta pentsaera aniztasuna, eta bere sormen eta berrikuntza gaitasuna direla makina zahar hau berriztu, berzuzendu eta martxan jarriko dutenak. Europazale porrokatuak garenok argi dugu COVID-19ak Europa osoan eragindako krisia erabili behar dugula herrietan eta justizia sozialean eta erantzukizun konpartituan oinarrituko den Europako Batasun berria ernarazteko.

Orain arte ezagutu dugun EBa zurrunegia zen, estatuek kontrolatuegia, bakoitzaren zilborra first jartzen zutenek zekenduta batetik, eta ezintasunaren apatian zerraldo erortzen zirenek geldiarazia bestetik.

Koronabirusaren ondorioz ezarritako konfinamendutik ateratzean, bai norbanako eta bai kolektibo gisa, lotura zaharrak hautsi behar ditugu, iraganeko inertziak apurtu eta jada barneratuegiak genituen tik ezkorrak deuseztatu energia berri eta askatzaileak sortzeko, gauzak alda ditzagun, gertutik hasita.

50eko hamarkadako Europa goitik behera eraikia izan zen. XXI. mendeko Europa behetik gora berreraiki behar dugu, eta horretan gabiltza. Europa guztian zehar, birus ñimiño bezain hilgarri honek bizitza eta gizartea ulertzeko era aldatu baino lehen, herritar mugimendu aktibo, ekintzaile eta eraikitzaileak batu dira, elkartasunez eta zentzu kolektiboa aldarrikatuz, erabakimena euren eskuetan hartuz. Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko zuzendari berriak Europaren etorkizunaren inguruko galdeketa zabala egin nahi du —hori proposatu du behintzat—, baina gaude galdeketa horren lema Europako Parlamentuak hartu behar duela, herritarron ahotsa eta borondatea adieraziz, Batasunaren itunak berriztuko dituen biltzar konstituziogile gisa.

Krisi honek agerian utzi ditu askok ezkutuan nahi zuten hura; politika neoliberalak ezartzen joan diren heinean, sektore publikoko inbertsioek behera egin dute, eta horrek ezberdintasun sozial eta ekonomikoak areagotu ditu. Bide zaharrek ez dute helmuga berririk agertuko, hori aspaldi dakigu. Orain dugu aukera gure gizartea guztiz eraldatzeko, eta justizia sozialean oinarritutako susperraldiari ekiteko. Horretarako, lau oinarri nahitaezko behar dira: 1, trantsizio energetikoa; 2, autodeterminazioa; 3, feminismoa; eta 4, oinarrizko eskubideen errespetua.

Aldaketa klimatikoak jada sortu dituen eta oraindik sortzeke dituen ondorio latzak koronabirusarenak baino askoz latzagoak eta hilgarriagoak dira. Ezin ahantz gaitezke, gainera, pandemia denok sufritzen dugula, baina ez gaituela guztiok berdin kolpatzen. Hortik, elkartasunaren eta ikuspegi globalaren beharrizana. Ekoizpen eta kontsumo modeloaren goitik beherako aldaketarik gabe, norbanako eta talde gisa ditugun ohituren barrutik kanporako aldaketarik gabe, gure planetaren iraungitze data ezartzen gabiltza.

Bigarren egiaztapena da aldaketak pertsonek bizi dituzten inguruetan gertatzen direla. Pertsonen erabakitzeko eskubidea eta herrien autodeterminazio eskubidea ongizate soziala kudeatzeko modurik eraginkorrena dira. Europako Batasunak bere baitan duen lurralde zein kultura aniztasuna aitortuko duen mekanismoa sortu behar du; bere errealitatearekin, bere herrien aldarriekin, eta bere geopolitika aldakorrarekin bat datorren geografia aldagarri moduko mekanismoa, hain zuzen, borondate politikoak eta herri mugimenduek akuilatuko dutena.

Hirugarrena feminismoa da. Zaintza erdigunean jarriko duten politikak egitea, emakume eta gizonek erabakimen bera izatea, erabakitzeko esparru guztietan. Betaurreko moreak erabiliz, pertsonen, gizarteen eta herrien ongizaterako bidea azkarrago aurkitzen da. Bada garaia feminismoa bera periferiatik zentrora eraman dezagun.

Eta laugarrena, oinarrizko eskubide guztien errespetua, noski. Horiek errespetatu gabe ezerk ez duelako funtzionatzen. Oinarrizko eskubiderik gabe demokraziarik ez dagoelako, eta demokraziarik gabe, aurrerapen jasangarririk ezinezkoa delako.

Europako Batasuna izan daiteke, nahiko balu —horretara bultzatuko bagenu—, politika horiek guztiak ezartzen aitzindari, lurralde guztietan bide urratzaile. Guztion esku etan baitago oraina hobetzea geroa egon dadin. Egin dezagun gaurtik aurrerakoa Europa gogoangarri bat.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 29an eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan bost pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, hamabi positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta hiru gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.287 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.066 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Arantzazu (Oñati, Gipuzkoa), larunbatean. ©Marisol Ramirez / Foku

Hego Euskal Herria, azken faserako prestatzen

Berria

EAE datorren astelehenean hirugarren fasera pasatzeko eskatuko dio gaur Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak Espainiako Gobernuari, eta Nafarroa «normaltasun berrira iristeko neurriak» onartzeko prest dagoela esan du Maria Txibite presidenteak.

Iñigo Urkullu eta Nekane Murga, goizeko bileran. ©/ Irekia

Ekainaren 8an hirugarren fasera igarotzeko eskatuko du gaur Jaurlaritzak

Jon O. Urain

Nafarroako Gobernuak «oso balorazio positiboa» egin du erkidegoek konfinamendua leuntzeko hirugarren fasea kudeatzeko aukeraz.

Aitor Esteban eta Salvador Illa, Kongresuan. / ©Ballesteros, EFE

Erkidegoek kudeatuko dute hirugarren fasea

Jon Ordoñez Garmendia

Alarma egoera luzatzeko akordioa egin dute Espainiako Gobernuak eta EAJk, eta, horren truke, Urkulluk eta Txibitek hartu, kendu, moldatu eta ezarriko dituzte alarma egoeratik ateratzeko neurriak hirugarren fasean Hego Euskal Herrian. ERCrekin ere egin du akordioa Madrilek. Ekainaren 8an hirugarren fasean sartzea eskatuko du Jaurlaritzak bihar.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna