Lehen mailako arreta, arriskuan

Miren Edurne Ugarte
2020ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Garai aldrebes hauetan, askotan egon gara osasun langileok guztion ahotan. Gehienetan, pandemian egindako lana goraipatzeko eta eskertzeko izan bada ere, ezin dugu ahaztu orain aste batzuk komunikabideren batek kaleratutako osasun langileen soldaten gaineko informazioa. Badirudi horren asmoa gizarteari pribilegiatuak garela helaraztea zela, baina diru sarien zifra horiek egiatik ezer gutxi zuten, jakina. Orain dela gutxi ere, lehen mailako arretako langileak kritikatuak izan gara kontsulta telefonikoak baino ez ditugulako egiten, gure pazienteen kalterako, baina aurrez aurreko kontsultak bertan behera uztearena ez da gure erabakia izan, Osakidetzako agintariena baizik, konfinamenduaren goiburua Geratu etxean dela argudiatuz. Hori bai, egunero, eta atsedenik gabe, pazienteak telefonoz artatu eta haiek ikusi gabe erabaki zailak hartzeaz gain, gaixoak osasun zentroan edota haien etxeetan ikusi ditugu beharrezkoa izan dela iruditu zaigun guztietan. Eta hori gutxi balitz, txandak egin behar izan ditugu «osasun zentro zikinetara» joateko, non COVID-19aren infekzioa izateko sintoma susmagarriak dituzten pazienteak diagnostikatu eta tratatu behar izan ditugun, osasun zentroan bertan edota haien etxeetan. Bitartean, gure eguneroko lan karga jatorrizko osasun zentroetan gainerako lankideek hartu behar izan dute haien gain. Adibide bat jartzearren, Leioako osasun zentroan orain aste batzuk lau langile joan ginen Areetako osasun zentrora Covid izeneko kontsulta egitera, eta lau pertsona horien falta ez da inola ere ordezkatu.

Osasun langileak komunikabideetan aipatu edo txalotu dituzten gehienetan, jendeak larrialdietako edota zainketa intentsiboetako unitateetako profesionalak izan ditu buruan. Egia da lehen mailako arretako langileen lana oso isila izan dela, oharkabea agian, baina hantxe egon gara sintoma arinak zituzten pazienteak kontrolatzen, isolatzen eta aholkuak ematen, eta okerrera egiten zutenean ospitalera bidaltzeko erabakiak hartzen. Horren berri haiek, gure pazienteek, baino ez dute izan. Lan isil baina jarraitu horrek deskonfinamenduaren eta normaltasun berriaren fase honetan ere jarraitzen du.

Deskonfinamenduaren sasoi honetan ikus-entzuleek berriro eduki dute lehen mailako arretaren berri: fase batetik bestera pasatu ahal izateko derrigorrezkoa omen zen %10eko indartzea lehen mailako arretan. %10eko indartzea? Nola indartu pandemia baino lehen Osakidetzako gestio txarrak zeharo txikitu duen lehen mailako arreta? Osakidetzako gestoreen obsesio patologikoa gastua kontrolatzea baino ez da izan, eta lortutako akordio gehienak ez dituzte bete. Orain urte batzuk, sendagile eta erizain bakoitzak artatu behar zituen pazienteen kopurua (kupoa) 1.400era murriztea lortu genuen, epe ertainera 1.200ekoak izateko itxaropenarekin, baina, gaur egun, 1.600 paziente pasatxo ditugu. Horrez gain, laneko bajak edo oporraldiak ez ordezkatzeko joera sistematikoa da gurean, eta, kasurik onenean, ordezkoren bat bidaliz gero, bi edo hiru kontsulta batera egiteko izan ohi da. Horixe da modako politika ezaguna: txapel batekin hiru buru estaltzearena. Horrek norberaren pazienteak artatzeaz gain falta diren lankideenak artatu beharra ekartzen du, jakina. Orain dela urte batzuk, krisi sasoian, ez ordezkatzeko argudioa diruaren falta zen, baina orain politikoki zuzenagoa den azalpena aurkitu dute gure gestoreek: «ez dago ordezkorik». Tamalez, hori kasu askotan egia izaten da, sendagile zein erizain askok, urtetan lan baldintza oso prekarioetan ordezko bezala aritu eta gero, Osakidetzatik kanpo lan egitea erabaki baitute (mutuetan, klinika pribatuetan zein Europako Batasuneko bestelako herrialdeetan). Hala ere, nahiz eta administrazio laguntzaileen kontratazio zerrendetan langile faltarik ez egon (eta, beraz, «ez dago ordezkorik» argudioa lekuz kanpo egon), estamentu horretan ere joera inor gutxi ordezkatzea izan ohi da. Eta hori guztia nahikoa ez balitz, esan behar dugu Osakidetzan langileok aspaldian ez dugula ganorazko etengabeko prestakuntzarik jasotzen; COVID-19aren eta bere ondorioen gainean eman diguten informazio eta prestakuntza bakarra posta elektronikoz bidalitako hainbat protokolo izan dira. Hori bai, astero protokolo desberdin bat (askotan aste berean protokolo bat baino gehiago), eta haien artean zeharo kontrajarriak. Baina ez dute inoiz gure iritzia kontuan hartu, ezta gure kexak entzuten ere. Ez gaituzte inoiz aintzat hartu.

Orain arte aipaturiko guztiagatik, pasa den urteko udaberrian lanuzteak konbokatu genituen, baina, tamalez, ordutik hona egoerak onera egin beharrean, txarrera egin du nabarmen. Izan ere, Osakidetzak badu bere deskonfinamendu plan propioa, lehen mailako arreta zeharo desegitea ekarriko duena, alegia. Eta horretan Uribe eskualdeko gestoreak arituak dira. Zertan geratu da hainbeste aldiz aipaturiko lehen mailako arretaren indartzea? Bada, hiru erizain gestore kontratatu dituzte kasu eta kontaktuen jarraipen telefonikoa egiteko Uribe eskualdean (30, Osakidetza osoan). Edozeinek asma dezake zer portzentaje den hori, baina ez da % 10ekoa, jakina. Eta postrerako, Uribe eskualdeko zentro gehienetan uda honetan sendagileentzako ordezkapenak 0 izango direla komunikatu digute, jadanik, baita administrari eta erizain ordezko oso gutxi bidaliko dituztela ere. Hori dena ikusita, oso galdera erraza egin nahiko genieke kontseilariari eta Uribe ESIko goi karguei: zer kontatu diozue Madrilen lehen mailako arretaren indartzearen gainean deskonfinamenduaren fase batetik bestera pasatzeko irizpideak ebaluatzen zituen komiteari?

Bukatzeko, ez gara gehiegi luzatuko gure egunerokoan erabakiak hartzeko eskura ditugun proba diagnostikoen fidagarritasun eskasaz, ezta pandemiaren hasieran erabiltzen genituen babes neurrien prekaritateaz ere. Inork ez dio bere buruari galdetu zergatik dugun osasun langile kutsatuen kopururik handienetakoa Europan?

Ezin dugu gehiago. Oso nekatuta gaude, baina gizarteari esan nahi diogu oztopo hauen guztien gainetik gure jarrera eta borondate ona ez direla aldatuko, eta, berriro ere, zuekin egingo dugula txalo. Horregatik, hainbeste txalotu gaituzuen zuei guztioi, hausnartzeko eskatzen dizuegu, hain preziatuak diren gure osasun publikoko zerbitzuak ez uzteko kalitateari erreparatu gabe buruan gastua murriztea baino ez duten horien eskuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.