Iruña-Veleiaren egia

Patxi Zabaleta - Abokatua

2020ko uztailak 28

Iruña-Veleian azaldutako idazkunak edo grafitoak benetakoak direla uste sendoa dugunok egiatik lehen baino hurbilago gaudela iruditzen zait Gasteizen 2020an emandako bi epaiak eta gero; eta, batez ere, azken hamar urte hauetan egindako azterketen eta beste aurkikuntzen ondoren, nahiz itxuraz bestelakorik eman. Iruña-Veleiako aurkikuntzen eztabaida modu zientifikoan erabaki eta ebatzi beharko dela esaten dugunok egiatik lehen baino hurbilago gaude orain; bereziki, indusketa haietan aurkitutako ostrakak «pieza arkeologiko benetakoak» direla juridikoki ezarrita gelditu ondoren. Izan ere, bi epai horietako bat finkoa da; Escribano jaunaren kasuan emandakoa, hain zuzen ere; besteari, berriz, bi helegite jarri omen dizkiote. Bi sententziak dira aintzat hartu beharrekoak; bien arteko konparazioak baitu agerian jartzen eztabaida zientifiko baten aurrean gaudela; eta ez lehia juridiko baten baitan.

Beraz, Iruña-Veleiako indusketan azaldutako idazkunak edo grafitoak dituzten pieza fisikoak aro erromatar berantiarreko «pieza arkeologiko autentikoak» direla juridikoki ezarrita gelditu da epai finko batean; hau da, ondare publikoko ondasunak direla, legearen arabera. Aitorpen juridiko tinko horren lehen ondorioa da «pieza arkeologiko benetako» horiek haustea, desegitea, ezabatzea, kaltetzea edo galtzea delitua dela. Arlo honetan urrats erabakigarria bilakatu da Oskar Escribano Sanz jauna zigortuz 2020-02-03an emandako epaia eta alde guztiek onartuta finkoa bilakatu zena, 2020-06-08ko epaia ez bezala, azken honi baitzaizkio helegiteak ipini.

Bi epairen aurrean aurkitzen gara; bata, laburra eta finkoa; bestea, luzea, eta hainbat helegite aurkeztu zaizkiona. Lehenik azpimarratu beharrekoa da aurreneko epaiaren garrantzi erabakiorra aztarnategiaren benetakotasun orokorraren alde, litezkeen manipulazioak manipulazio edo utzikeriak utzikeria.

Bestalde, 2020-06-08ko epaiaren helegitean jorratuko diren eztabaida gaiak oso mugatuta eta zehaztuta gelditu dira. Alde honetatik gogoratu beharra dago, prozedura hasieran erabilitako argudio filologikoak guztiz baztertu egin direla. Are gehiago, komunikabide mertzenarioek Iruña-Veleiako aurkikuntzak barregarri utzi nahian barreiatzen zuten gezur pila hura ere —«Descartes edo RIP» bezalako asmakeriak— funtsik gabeko bigarren maila batera jaitsi dute eztabaida juridikoan. Arabako Diputazioak sortutako ustezko adituen batzorde antzu hura eta Ertzaintzaren jokabideak zaharkituak, mailarik gabeak eta irrigarriak gelditzen dira Sententziaren irakurketa eginda.

Sententzia kondenatzailea da; bai. Sententziak zigortu egiten ditu Gil eta Cerdán jauna; bai. Sententziaren laburpena da aztertu diren 39 ostraka edo «pieza arkeologiko benetakoetatik» 36 faltsutuak edo manipulatuak izan zirela eta zehazki manipulazio hori garbiketako prozesuan gertatu zela, erantzulea Eliseo Gil delarik, nahiz bere esku-hartze zuzenaren frogarik ez egon... Zergatik dira faltsuak 36 ostraka horietan dauden grafitoak? Espainiako Kultur Ondareko Institutuak eta Espainiako Ondasun Kulturalen Kontserbazio eta Errestaurazioko Eskola Gorenak esan dutelako. Eta kito. Faltsuketaren egiletza edo autoretza Eliseo Gili leporatzeko, berriz, ez dago prozedura osoan argudio bat bakarrik; ez zuzenik eta ezta zeharkakorik ere, sententziak berak aitortzen duen bezala argi eta garbi. Horregatik, erantzukizuna Eliseo Gili leporatzeko 11 «indizio» edo aztarna garatzen ditu sententziak; eta garapen hori da oraindik finkoa ez den sententzia honen hezurdura eta argudiaketa nagusia; baina egiazki hezurdura eta argudiaketa ahula. Garapen horren ondorioz bihurtzen da sententziako protagonista erabakigarria Espainiako Kultur Ondareko Institutuko txostenen egilea, Jose Vicente Navarro Gascon delakoa alegia; zera, faltsutzeak oso «burdoak» direla esan zuen hura; aditu txar guztiek zerbait sakonki arbuiatu ezin dutelarik, estalkitzat edo aitzakiatzat bota ohi izaten duten bezala.

Orain zein da egoera? Inoiz erabili behar ez zen epai bideak bere bidaia bukatuko du; nahiz, jakina, ezin dugun itxaro berez zientifiko peto-petoa den arazo bat ebazpen juridiko baten bitartez gainditzerik eta bukatzerik. Baina halere, eta ustekabean, hartutako bide juridiko okerrak aurrerapen eta aldaketa on bat ekarri du jada; hau da, Iruña-Veleian aurkitutako idazkun, grafito edo marrazkiak dauzkaten euskarriak —zeramika, horma puska, hezur, adreilu, lur gotortu edo «terra sigilata» edo direnak direlakoak— «pieza arkeologiko benetakoak» direla. Ondorioz, ondasun publikoak dira. Eta hala direnez gero, zaindu eta aztertu egin beharko dituzte erakundeek, Arabako Diputaziotik hasita.

Zer egin beharko litzateke orain? Zein da erakunde eta aginte publikoen betekizuna? Zoritxarreko bidaia juridikoa bukatu arte itxoin beharra al dago? Delitu egingo ote lukete gaur egun erakundeetako ordezkariek Iruña-Veleian aurkitutako eta pilatuta dauden «pieza arkeologiko autentikoak» ez balituzkete zaindu eta aztertuko?

Epe laburrean Euskal Herriko erakundeek —Jaurlaritzak eta Arabako Aldundiak— hartu beharko lukete erabaki zehatz eta ezinbesteko bat: Garbitu gabe 20 kutxatan gorderik dauden ehunka ostraka edo «pieza arkeologiko autentikoak» katalogatzea eta garbitzea; zeregin hori nazioarteko benetako (eta ez gezurrezko) adituei emanez. Horrela gaindituta geldituko litzateke betiko oraindik finkoa ez den 20-06-08ko sententzian erabakigarria izan den susmoa; zera alegia, faltsutzeak piezak garbitzeko garaian eginak direla.

Epe luzera, berriz, aztarnategiko indusketa berriro martxan jartzen denean —gizaldi honetan edo hurrengoan bada ere— argituko da dena... Bitartean berriro hondeamakinek ez baldin badute zeharo euskal kultur aberastasun hau birrintzen. Ezin ahaztu 2003an euskal hiria den Iruñeko erdi-erdian, Gaztelu Enparantzan alegia, munduan bakarra zen bi erlijio monoteisten hilerri bateratua, gehi ustekabeko terma erromatarrak, gehi Baskoien hiriko aztarnak zabortegira eraman zituztela. Zenbat balio zuen hark Nafarroarentzat? Eneko Aritzaren Hilobia izeneko nobelan deitoratzen dudanez, ezin jakin. Iruña-Veleiakoa ere, ezin jakin.

Sententziak sententzia, batzuen batzuek idazkunen faltsuketa orokor eta osoa ezinezkoa dela pentsatzen jarraitzen baitugu. Are gehiago, indusketako garaian harantz eta honantz zebiltzan guztien esku-hartzerik gabe. Eta oraindik are gehiago, balizko eta ustezko faltsuketak egin ziren garbitegiko inor salaturik ez dagoelarik. Denborak jarriko du bakoitza bere tokian.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

18 kasatzeman dituzt azken ordueta Zangozan. ©Iñigo Uriz/FOKU

Beste neurri batzuk hartuko dituzte Zangozan

Berria

Azken orduetan, 18 positibo atzeman dituzte han. Hego Euskal Herrian, 234 positibo izan dira.

Karpak jarri dituzt basurto ospitalearen kanpoaldean, PCR probak egiteko. ©Javier Zorrilla/EFE
Kaltzda Zahar eguneko zenroa, Bizkaian. ©Marisol Ramirez/FOKU

Eguneko zentroak irekiko dituzte gaur Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Berria

Zahar etxeetako murrizketek abuztuaren 9ra arte jarraituko dute indarrean.

Hiru pertsona maskara jantzita ©Jon Urbe / FOKU

Gazte Kontseiluak sare sozialetan kanpaina bat hasi du maskarak erabiltzera deitzeko

Aloña Beraza Peña

Bi bideo egin dituzte eta sare sozialetan, telebistan eta komunikabideetan zabalduko dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna