Jon-Mirena Landa Gorostiza.

Euskadiko 'Estrasburgo txiki'

2021eko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Euskadiko Autonomia Elkartean 2016ko abuztuan indarrean sartu zen lege oso garrantzitsu bezain ezezaguna: hots, 1978 eta 1999 bitartean izandako motibazio politikoko indarkeria-egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei aitortza eta kalte-ordainketa ematekoa. Laburbilduta: 12/2016 Legea. Izen luzeak biktimon inguruko polemika islatzen du, izan ere nola deitu ba poliziak hildako pertsona edota torturatutakoa, arrazoi politikotan oinarrituta? Estatuko indarkeria-biktimez ari gara zalantza gabe. Estatuak, bere agenteen bitartez edota norbanakoak baina funtzionario publikoekin ados jarrita, etsai politikoa pertsegitu, diskriminatu, desjabetu, atxilotu, torturatu edota hil egin zuelako.

Batzuek hori ez dute gertatu zela inolaz ere aitortu nahi. Jakina, halako egitate larrietan Estatuaren egiletza baieztatuz gero, halabeharrez ondorioak aterako beharko genituzkeelako. Alegia: jakin beharko nork erabaki zuen; nork planifikatuegin zuen; nork baimendu zuen; nork begiratu zuen beste albo batera… Aztertu beharko da erakunde-mailan neurri egokiak hartu al diren berriro ere hori gerta ez dadin. Galdetu beharko dugu zein ideologiaren izenean egin zen hori guztia. Galdera deserosoak baina beharrezkoak demokrazia hobetu behar izatekotan.

Horregatik biktima hauen existentzia ukatu egin da eta beste erremediorik egon ez denean errealitate hori gutxietsi edota bere benetako traza eta tamaina desitxuratzen ahalegindu da: «ez dira hainbeste»; «ez da hainbesterako»; «asmatzen ari dira»... «abusuak» dira. Abusu? Hiltzea al da abusu? Sexu-bortxaketa komisarian al da abusu? Ia hiltzeraino itotzea ez al da abusu? Gorputza fisikoki lesionatzea egun oso bat, bi, hiru edo gehiagotan zehar betiko zauriak uzten al da abusua? Pertsona psikologikoki barrutik apurtzea al da abusua? La Manada kasuan, arrazoiz esaten zen: hau ez da abusu, hau bortxaketa da! Ba hemen ere gauza bera: dei dezagun gertatutakoa izen propioz, alegia, giza eskubideen bortxaketa larriak ditugu, ez abusu soila.

Aurreko Ekainaren 23an aurkeztu zen Eusko Legebiltzarraren Giza eskubideetako urraketa larrien biktimen lehenengo txostena. Legea onartu zenetik ea 5 urte igaro eta gero! Nola hain berandu? Nolatan ba 5 urte legea onartzen denetik lehenengo emaitzak ikusten hasi arte? Legea onartzearekin batera legearen aurkako erasoak hasi egin zirelako. Beste kasutan edo beste biktimekin pentsaezina dena hemen eguneroko egia bilakatu da: alegia, legearen aurka errekurtsoak eta trabak jartzea, martxan jar ez dadin. Baina azkenean zailena lortu egin da: martxan dago.

Lehenengo aldiz legez tortura eta beste hainbat estatu-urraketa larriak modu ofizialean aitortzen eta zehazten dira. Egia da aurreko beste kasutan halakoak ere tokiko (inoiz ez estatu zentraleko) erakundeen aldetik aitortu direla baina beti edo txostenen bitartez edo 107/2012ko Dekretu baten esparruan gertatu zen. Azkeneko hauek duten meritua gutxietsi gabe, legez gauzak aitortzeak bestelako indarra du. Izan ere, legea baita herri-subiranotasunaren adierazlerik garrantzitsuena. Legez onartzen bada ez da jada gobernu honen eta halako alderdi baten kontua. Bilakatzen da denon zerbait: herri-gai, mailarik gorenean herri-plazan jarria. Duintasun-kontua ere bada: bizitza-eskubidea etabeste funtsezko eskubideak jokoan daude eta horrek lege-arauketa, ez bestelakoa eskatzen zuen.

Baina hitz egin dezagun egiten ari den lanaz. Nolako aitorpena da hau? Has gaitezen aitorpen honi falta zaionarekin. Zoritxarrez, erantzukizun penala ezartzeko ez du balio. Luze hitz egin genezake horri buruz: alegia, poliziek egindako lanaz delituak ezkutatzeko; fiskalek eta epaileek beste alde batera begiratzeko modu sistematikoaz; legegile eta politiko batzuen jarreraz eta lanaz hau guztia ezagutu gabe eta zigorgabe ilunpetan manten dadin; komunikabide asko eta askoren ezkutatze, zuritze eta justifikazio lan osagarriez. Justizia penala ez da inoiz gertatu eta pendiente dago. Hortaz, erantzukizun indibidualak ezin izan dira bentilatu.

12/2016ko mekanismoa ez da errudunak identifikatzekoa, ez: bai, ordea, gertatu zen giza-eskubide larri baten berri ematekoa, hori baita kaltea konpontzeko aurresuposamendua. Horra hor bere indarra. Ezkutatu nahi izan dena, azkenik ateratzen hasten da. Seriotasunez, lanbidez giza eskubideez ezagutzen dutenen eskutik, izan ere kasu bakoitza legelariek, auzi-medikuek, psikologoek, historialariek, biktimologian aditu-talde batek aztertzen baitute, ahalik eta konbentzimenduz eta fundamentuz esan ahal izan arte: bai horixe gertatu zen!

Jada ez da gehiago zure edo nire iritzia. Jada ez da kontua izango norainodauden batzuk sinisteko prest, fede-kontua balitz bezala.

Aitortzaren hizkuntza ere bereziki egokia da. Gaiotan gauzak esateko modua eta horren indar sinbolikoa funtsezkoa dugu. Horregatik legearen izenarekin bat eginda, zer gertatu zen ezartzeko orduan, Giza Eskubideen Estrasburgoko Auzitegiaren doktrina erabili da biktimok aitortzen dituen Balorazio-batzordearen aldetik. Bere hizkuntza, bere autoritatea egitateak deskribatzeko eta oinarritzeko erabili egin da. Eta hori biktimen aldeko berrikuntza izatearekin batera, bereziki aproposa da, izan ere Estrasburgoko Goi-auzitegiaren kasuan bezala Balorazio-batzordeak ez baitu eskumenik erantzukizun penalik ezartzeko. Giza Eskubideen Auzitegiak epaia ematen duenean bakarrik, eta ez da inolaz ere gutxi, «arrazoia» ematen du: «bai halako edo bestelako urraketa suertatu zen» dio tribunalak. Eta askotan nahikoa da lehenengo justizia-maila asetzeko, zeren eta egia zapaldua denean egia bera aitortzea da lehenengo urratsa. Eta egia-egarri sakona denean, egiaren lehenengo ur tanta horrek zelako zapore goxoa dakarren!

Egarria, dena dela, ez da ase. Lehenengo tantak dira: bidearen hasiera. Denon esku dago 12/2016 Legea erabiltzea bideari ekiteko. Oraindik eskariak aurkezteko epea zabalik dago. Probestu dezagun aukera, Balorazio-batzorde xumeak agian Estrasburgo txiki baten lana gure herrian egin dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.