Urtaran, Juan Carlos Borboikoa baino okerrago

Leire Lopez de Aberasturi, Daniel Lopez
2021eko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Elefantea egon zen Udal Politikari buruzko eztabaida orokorra egin zen gelan; badakizue, denek ikusi arren (ia) guztiek ez ikusiarena egiten duten gai bat. Gobernuak eta oposizioak urte osoan zehar —zelako urtea, gainera— egondako ezin ulertuak besteari leporatzeko erabili ohi duten unea izanda, pentsa liteke alkateordea indarkeria matxistaren kasu batean prebarikazioagatik ikertuta egotea zilegizkoa den kritika politikoa egiteko aukera emango zuela. Ba ez. Edo oso gutxi, behintzat.

Harridura sortzen du kasu horrek komunikabideetan eta politika instituzionalean oihartzuna edukitzeko izan dituen zailtasunak. Ia ez zuen lekurik izan urteko Osoko Bilkuran garrantzitsuenean, nahiz eta Gasteizko Udaleko alkateordea, Gorka Urtaranen oso gertukoa eta bertako EAJko izen handienetakoa den Iñaki Gurtubai, ikertu gisa deklaratu duen -inputatu bezala esango genuke lehen udal instalazio batean (Armentiako txakurtegian) sexu-abusuak jasan zituzten APASOS elkarteko emakumezko boluntarioen kasuan.

Oposizioko ordezkari bakarrak aipatu zuen gaia: Felix González San Vicente EH Bilduko bozeramaileak. Biktimekin zein epaitegietan dagoen kasuarekin erabateko errespetua agertu zuen González San Vicentek. Gorka Urtaranek, aldiz, kasuan ikertu bezala agertzen diren ordezkari instituzionalen defentsa egin zuen, eta oso larria dena: Biktimei gutxieneko enpatia-keinua egiteko izan zuen urrezko aukera galdu zuen berriro ere.

Juan Carlos Borboikoak berak ere esan zuen bere jokaera agerian geratu zen egun horretan: «erratu egin naiz; sentitzen dut; ez da berriro gertatuko». Ba Urtaranek, ez. Urtaranek ez du horrelako kasu larrian izpirik agertu, ezta plantak egin eta aurrera egiteko ere. Eta bere jarrera ere agerian gertatu da, Borboikoari gertatu bezala; Izan ere, APASOSeko ordezkariek nekatu arte azaldu duten bezala, sexu-abusuak pairatu dituzten emakumeak edota beren abokatua aurreko elkarteko zuzendaritzarekin, Osasun Publikoaren arduradunarekin edota txakurtegiko arduradunekin izandako elkarrizketen froga ugari dago.

Osasun Publikoko arduradunak, gainera, argi baino argiago utzi du berak Eukeni Martinez, Kirol zinegotziaren oso gertuko ordezkari politikoari eman ziola arazoaren berri. Eta, hori gutxi balitz bezala, emakumezko boluntarioek salatu duten udal langilea kartzelan dago egun, bortxaketa egotzita, edo sexu-erasoa, zuzen hitz eginda. Ba froga edo adierazle horiek guztiak mahai gainean egon arren, Urtaranek temati jarraitzen du, eta emakumezko biktimen defentsan eta babesean huts egin zutenekin enpatia eskatu du biktimekin inolako babesa adierazi gabe. Are gehiago, egiten zuten lan boluntario garrantzitsua debekatuz zigortu egin ditu.

Urtaran EAJren lan instituzionalaren erakusle nagusietako bat da; badakizue inork ez diola ezkerreko leziorik eman behar dioen bitartean eskuineko politikak egiten dituen EAJ hori. «Ez eskuinekoa ez ezkerrekoa: Gasteizkoa», esan zuen aipatutako osoko bilkuran. Azken finean, ez da ahaztu behar 2018an, marea moreak martxoaren 8an kaleak hartu zitueneko hartan, EAJk ez zuela mundu mailako mugarria izan zen greba feministarekin bat egin. Gero, bai, noski, lezioa ikasi zuten, eta orain ez dute pankarta atzean argazkia ateratzeko aukera galtzen. Egun seinalatuetan bai, baina egunerokoan biolentzia matxista pairatu dituzten biktimak babesgabe uzten dituzte.

Gezurra dirudi feminismoak kaleak Nik sinisten dizut oihuarekin bete ostean ere betiko akatsak errepikatzea. Zalantzan jartzen da berriro ere emakumeek zergatik ez zuten lehenago salatu; baina ez da kontuan hartzen larriena dela salatzeko indarrak bildu behar izatea, eta hori egitean ez zutela laguntzarik aurkitu. Era berean, itxuraz baztertu ezinak diren inertziei jarraituz, lehen unean emakumeei eskatu zietela neska zintzo bezala portatzea eta etxean geratzea arazoak ez sortzeko, erantzukizunaren zama abusatzailearengan jarri beharrean. Ana Botellak kondenatua izan zen Ponferradako alkateak Nevenka auzian jarrera «akasgabea» izan zuela esan eta hogei urtera, Miren Fernandez de Landak, Gasteizko EAJko zinegotziak, txakurtegian egindako eraso sexualen kasuan Udalaren jarrera bikaina izan dela esan zuen.

Nork esan dezake udal instalazio batean abusuak salatu dituzten emakumeekiko enpatia keinurik txikiena ere izan ez duen udal talde batek jarduera «bikaina» izan duela? Ba pandemiaren garaian erantzukizunaren herritarrengan jarri, Zaldibarren autokritika egin ez duen edo Armentia 2ko putzuekin «bai baina ez» jokatzen ari den EAJko ordezkari batek.

Bi gogoetekin amaituko dugu. Lehenengoa, «politika egiteko modu berriei» buruzkoa. Azken udal hauteskundeetan Gasteizko EAJk hedabideetan «fitxaketa izarrak» deitzen diren horiek egin zituen. 3. sektorea eta kirol mundua utzi zuten Livia Lopez eta Miren Fernandez de Landa zinegotzi izateko. Bi urte baino gutxiago igaro dira eta betiko politikari jeltzaleek dituzten gabezia berberak dituzten ordezkariak bihurtu dira. Beren jarrera eta Iñaki Gurtubairena berdina da, eta sexu-abusuak salatu dituzten emakumeei babesa ukatu eta beraiek babestu behar zutenentzat enpatia eta elkartasuna eskatzeko gai izan dira. Nola izan daiteke?

Bigarren hausnarketa abusuak salatu dituzten zazpi emakume ausarten aldeko mezua ere bada. Sufritutakoa publiko egin ondoren jasaten ari diren gurutze-bidea ikusita, gaur egun, Euskal Herrian salatzen duten emakumeak ausartak izan behar izateko eta, are gehiago, salaketa jarri eta gero onartzeko prest egon behar izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.