Olatu gaztea surfeatzen

2021eko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Birus lagunaren bosgarren olatua gaztea denez, marmarka hasi dira gazteen aurka gazte ez diren asko. Juan Ignacio Perez Iglesiasek artikulu interesgarri batean argitu zigun garunetako erantzukizunaren arloa —entzefaloaren kopeta-urreko geruza— hogeita bost urte arte ez dela heltzen. Emozioak, aldiz, oso azkar hazten zaizkiela gure gaztetxoei. Alegia, gaztetasunak berarekin dakarren ajea dela helduen erantzukizun zentzu ustez aratza ez izatea. Ez direla ezeren errudun, gazteak maiseatzea, mundua mundu denetik, zaharren topikoa izan den arren.

Ez da erraza gazte izatea. Gazteak, beste edozeren aurretik, mundura iritsi berriak dira. Zaharroi dagokigu, mundura ailegatzen direnean, mapa eta bruxula ematea. Gidari egokiak behar dituzte eta bidegurutzeetan seinale geziak marraztuta. Eskasia dago, ordea. Egungo gazteak eskarmentudun zizeronik gabe geratu dira. Berrogei urtez modu berean eskolak eman eta gero, irakaskuntza lege berriak hondatu duen irakasle zaharraren antzera gertatu zaigu gure belaunaldikoei. Tarteka lege zaharreko keinuak agertzen zaizkigu eta berrien mainak ez ditugu oraindik geureganatu. Ez da axola handiko eritasuna. Denborak sendatuko du. Oraingo gazteak ez-gaztetzen direnean kontuak beren onetara itzuliko dira.

Historian askotan gertatu izan dira horrelakoak: Yenka abesti-dantza zaharrarekin du antzekotasun handia. Ezkerra-ezkerra, eskuina-eskuina, aurrera, atzera. Bat, bi, hiru. Kontuan hartuz milioika dantzari garela plazan eta batzuk oso belarri txarrekoak. Eta denon iparrorratzak ez datozela bat. Garzon ministroari, haragi gehiegi jateari buruz arrazoizko hitzak esan arren, zer ez diote egotzi. Igartzen zaio gaztea dela. Edo gazte mantentzen dela, agian haragi gutxi jaten duelako. Batzuk autoa bosgarren martxan arrankatu nahi eta besteak galga jarrita ibiltzea nahiago.

Inoiz ez bezalako aldaketak gertatu dira munduan urte gutxiren buruan. Historian sexuak sortu duen menpekotasun kulturalean, botika eta kondoi zabalkundeari esker, bide erabat berriak zabaldu dira, feminismoa nagusiena; bizi itxaropena luzatu eta zabaltzearekin batera, adin banaketa arras aldatu da (haur, nerabe, gazte, heldu, zahar, oso zahar, zaharragoak oraindik...); etxeetako konforta dela medio (komunak, berogailuak, hozkailuak, telebista-irratiak,konputagailuak...), egunerokoa goitik behera aldatu; familia barruko harremanak irauli egin dira; globalizazio, sare sozial eta errealitate birtualaren bitartez maiz ez dakigu zer den benetakoa; erlijioa, ongi merezia, interes kolektiboen azken ilaran geratu da... Guzti hauek eragindako kultura aldaketak era egokian mamitzeko, zoritxarrez, ez da aukerarik izan, dena azkarregi etorri delako.

Hainbesteko zirimolan, olatu honen irakasgaia ona izaten ari da. Luzea, baina sakona. Gogorarazi digu lege batzuk ez direla aldatu, ezta aldatuko ere. Gaztetan piromano, zaharretan suhiltzaile dioena esaterako. Bizitza sozialak mugak behar dituela eta horiek ereduarekin, ez diskurtsoekin, irakasten direla. Asko garela eta dagoena ongi partitzea komeni dela. Afrikako jakinduriak erakutsi bezala, haur bat hezteko, tribu osoa behar dela.

Txotxolo, gaizto eta baboen betiko portzentajea kenduta, egungo gazteak inoizko onenak dira. Eta hauek besterik ez dugu. Jatorrak, eskuzabalak, argiak, ederrak, ongi prestatuak, lagunkoiak...Eta sekulako pazientzia dute gurekin. Zaharrok ulertzen ez ditugun arren, behar bezalako tratua zor diegu. Mundu berriko gazteak nola hezi garrantzi handiko ikasarloa dugu. Profesionalei segi beharko: filosofoei, pedagogoei, irakasleei... Hauek ere badute meriturik egungo guraso lerdoak jasaten.

Tentuz ibili beharko, hala ere, batzuetan beldurra ematen dutelako: Madrilen azken hauteskundeetan gazte askok Ayusori eman zioten botoa. Ez da, ordea, soilik gazteen kontua. Gure epaitegi nagusi guztietako magistratuak ez dira gazteak, baina entzefaloa nola duten jakiteko eskaner gazteak pasatzea komeni zaie. Edo surfeatzen ikastea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.