Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Udako ideiak

2019ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Nork ikusten du telebista udan? Nahigabe ere kalera zaramatzan gau giroa nagusitzen denean; herri eta auzoetako jaien egitarauek elkar zapaltzeraino egiten dutenean dizdir; zorionekoenek horrenbeste desiratutako opor egunak —eta norabait joateko sosak— xahutzen dituztenean hor nonbait, ahal dela urrun; oporgabetuek ez dutenean lanetik atera eta hondartza edo terrazaren batean eguzkiari azken izpiak lapurtzeko desira itsua besterik. Non eta ez duen eguraldiak boikot ekintza dohakabean beste plan posible oro baliogabetzen, nork ikusten du telebista orain?

Bi erantzun bururatzen zaizkio opor faltan den nire kasko motelduari. Gurasoak oraindik lanean izanda, udalekutan aurten ere txandarik tokatu ez zaien haurrek; goizetan, bereziki. Eta iluntze partean, bestelako planik—edo etxetik ateratzeko indarrik— ez duten zahar, adineko, edadetuek. (Planik gabeko gazteak ere izango dira, baina haiek Netflix, HBO, Youtube, edo nahieran aukeratzeko bestelako streaming plataformak lehenetsiko dituzte, ziur asko). Ez du xamurra behar —hori guztia jakinda— udako programazioa diseinatzeko lana hartzeak.

Eskerrak sekula kale egiten ez duten formula eta aitzakiak izan badiren. Sanferminetako entzierro goiztiarrak, denboraldi-aurreko norgehiagoka aspergarriak, pantailan kabitu ere egiten ez diren han eta hemengo jaietako txupinazo eta suak, edo Usabiaga eta enparauak Frantziako Tourra pasioz narratzen. Asko dira eta ez edonolakoak, baina ez programazio osoa betetzeko beste.

Ideia berriak behar dira urtero-urtero geratzen diren zuloak estaltzeko. Eta, gauza jakina denez, bi bidetatik iristen dira berrikuntzak telebistara: beste herrialde batzuetan ikusitakoa egokitzetik —kopiatzetik?— edo formatu zaharragoekin ondutako kokteletik. Bigarren aukerari tiraka garatu du ETBrentzat New Digital Media Euskadi ekoiztetxeak Karabana saioa. Herri Txiki Infernu Handi, Txoriene, eta jaietako kale-elkarrizketak konbinatu dituzte azterketa antrolopogikoa egiteko modukoa den saioa borobiltzeko. Herriko festak, sukalde lanak, herri-kirolak, baserriak, tokiko produktuak eta karabana eder bat, dena ordubeteko tartean. Nahita ere zaila da euskalduntasunaren —estereotipoaren?— ezaugarri gehiago programa bakarrean biltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.