Gutxi eginda ez du irabaziko

Eibarrek azken sailkatua izango du gaur Ipuruan aurkari: Leganes. Ligako azken bi partidetan lau puntu batu dituzte eibartarrek

Aitor Manterola Garate.
2018ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Datozen zazpi egunetan hiru partida jokatuko ditu Eibarrek. Gaur du aurrenekoa, Leganesen aurka, Ipuruan; datorren asteartean, Espanyolen zelaian ariko da, eta, gaur zortzi, Sevilla etorriko zaio bisitan. Aldapa handiari ekiteko ez dago gaizki Jose Luis Mendilibarren taldea, bi jokalari soilik baitaude min hartuta, jokatu ezinda: Pedro Leon eta Jordi Calavera. Konfiantzari dagokionez, zakua betea du, azken bi partidetan lau puntu atera eta gero: Reala menderatu zuen lehendabizi(2-1), eta Atletico Madrilen zelaian berdindu ondoren (1-1).

Konfiantza dosia goian dutela ederki antzeman zitzaion atzoko agerraldian Mendilibarri, ondorengo hau esan zuenean: «Hutsik egiten ez badugu, irabazteko aukerarik izango dugu Leganesen aurka». Beste baieztapen honetan ere irmotasuna helarazi zuen zaldibartarrak: «Ea gai garen hutsik gabeko partida bat egiteko, halako batean. Orain arteko lauretan, egin ditugu zenbait, eta aurkariek golak sartu dizkigute, edota gola sartzeko aukerak sortu».

Taldeak bi emaitza on kateatu dituelako ez ezik, aurkariak sailkapenean duen lekuak ere emango dio, agian, konfiantza Mendilibarri, azkena delako Mauricio Pellegrinoren taldea, puntu ale batez. Hala ere, ez da fio Leganesekin: «Partida zaila izango da. Azken batean, bi taldeak ibiliko gara ez jaisteko lehian, eta bientzat da garrantzitsua hiru puntuak batzea».

Aurreko asteko emaitza onak, Atletico Madrilen zelaian berdintzeak, haizeari indarra eman zion hasieran, baina entrenatzailea entzunda, garbi utzi zuen jokalariek zelaian egindako hainbat gauza ez zitzaizkiola gustatu: «Norbere atezainik onena izaten denean, zerbait ondo egin ez duzula adierazten du». Berriz heldu zien aurkariei oparitu dizkien aukerei: «Gehiegi sortzeko aukera eman genion Atletico Madrili». Horrekin lotuta, gaurko hasierako hamaikakoan aldaketak iragarri zituen: «Hutsegite horiek zuzendu behar ditugu, eta aldaketaren bat egingo dut».

Badu non aukeratua, 21 jokalari baitaude deituta gaur Ipuruara, eta hiru utzi beharko ditu harmailan. Astebetean hiru partida jokatu behar izateak ere baldintza dezake entrenatzailearen erabakia deialdia hamaikakoa osatzeko. Kontuak kontu, helburua garbia da: irabaztea eta mailari eusteko helburuan aurkari zuzen bat sei puntu atzetik uztea. Horretarako, Eibarrek partida ona egin beharko du, gutxi eginda asko ateratzea ez baita asko luzatzen.

Leganesen kasuan, Pellegrino ere indartsu dator. Ilusioz eta konfiantzaz mintzatu da argentinarra bezperan: «Aukera bikaina da Eibarren aurkako partida. Taldea elkartuta, arreta handiarekin eta baikor dago».

EIBAR-LEGANES

Eibar. Dmitrovic; Ruben Peña, Paulo Oliveira, Arbilla, Cucurella; Jordan, Escalante, Serdio Alvarez, De Blasis; Cardona eta Enrich.

Leganes. Cuellar; Nyom, Bustinza, Siovas, Silva; Gumbau, Ruben Perez; El Zhar, Eraso, Rolan;eta Carrillo.

Epailea. Melero Lopez.

Lekua. Ipurua (7.083 ikusle).

Ordua. 16:15ean (Bein La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.