Sindikalismoa eta burujabetza prozesua

Igor Arroyo - LABeko idazkari nagusiaren ondokoa

2018ko irailak 29
Duela urtebete, 2017ko irailean, Katalunian gertatzen ari zenari begira ginen. Euskal herritar askok nahi genuen gure herrian ere aldaketa politiko eta sozialerako prozesua abiatzea. Saiakerak egin arren, ez zen lortzen. Ipar Euskal Herrian udalen mankomunitatearen sorreraren lekuko izan ginen, gertaera historikoa, eskuduntza mugatuak izan arren, subjektu propio bat instituzionalizatzea zekarrelako. Nafarroan Erregimenaren aurrean aldaketa instituzionala finkatzen ari zen, baina Geroa Baik, patronalarekiko adeitsu, aldaketa sozialari galga jartzen zion. EAEn EAJ-PSE-PP hirukoak gobernatzen zuen, atzeraldian ziren politika publiko batzuekin, eta etorkizun argirik gabeko Autogobernu Lantaldearekin. Eta bitartean, euskal langile klasearen lan eta bizi baldintzek okertzen jarraitzen zuten, estatu biek ezarritako erreformen markoan eta lan harremanen zentralizazio-estatalizazioarekin.

Testuinguru hartan, irailaren 4an, aldebakarreko burujabetza prozesu sozialaren aldeko Adierazpen mamitsu batekin, LAB eta ELA sindikatuek panoraman eragiteko gure borondatea adierazi genuen, konpromiso hauekin: estatalizazioaren aurka, marko laboral propioaren alde eta, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunean jasotako norabidean, politika publikoak aldatzeko borrokatzea; agenda soziala lehenetsiko duten ezkerreko aliantzen alde egitea; inboluzio zentralizatzailea salatzea; afera konpetentzialak lantzen diren eremu instituzionaletan eragitea, aldebakarreko burujabetza prozesua martxan jartzea, eduki sozial argiarekin, estatus politiko eta instituzional berri bat defendatu eta lortzea ahalbidetuz.

Geroztik hainbat gertakari izan dira: prekaritatearen kontra lantokietan konfrontatzeko gaitasuna handitzea, EAEko estatus berriari buruzko eztabaida, edota jendartean masa mugimendu sozial berritu batzuk azaleratzea (feminismoa, pentsiodunak, Gure Esku Dago, Altsasu). Horiei esker, eztabaida politiko eta sozialaren erdian kokatu dira autodefentsa feminista, soldata arrakalaren aurkako borroka, 1.080 euroko gutxieneko pentsioak, eremu guztietan erabakitzeko eskubidea, edota justizia espainiarraren gabezia larriak. Sakoneko korronte horrek balio estrategikoa du Euskal Herrian ezkerreko alternatiba eraikitzeko.

Instituzionalki berritasun handiena EAEn gertatu da, Legebiltzarrean Araba, Bizkai eta Gipuzkoa erabakitzeko eskubidea duen subjektu politiko burujabe gisa aitortzen dituen estatus berri baterako oinarriak onartu dira. Burujabetzaren ikuspuntutik EAEn inoiz ezagutu gabeko proiekzioa egiten du, Ibarretxe Plana edo Kataluniako Parlamentuak 2005ean onartutako lehen Estatut-a baino harago doa. Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua (LHBSEE) artikulatzea ahalbidetzen du, gehiengo sindikalaren aldarrikapen historikoa, alegia.

LHBSEEaren marko autonomoa inolako injerentziarik gabe sortzeko aukera izateko desiragarria litzateke zehaztapen maila handiagoa, EAEren eskumena esplizituki jasoz. Eta behar da parte-hartze prozesu zabalago bat ere, langileen interesak kontuan hartzen direla ziurtatzeko.

Orain, testuinguruan dago jarrita arreta. Autogobernu Lantaldean erdietsitako akordioa ezustekoa izan da, bereziki kontraesankorra delako EAJk azken urte luzeetan Confebaskekin izan duen interes batasunarekiko eta lehenetsi izan duen unionismoarekiko.

Ez dago aukerarik espainiar Estatuak aipatu estatusa onartzeko, eta horren aurrean, etorkizunari begira, bi hipotesi nagusi daude: bata, Estatuarekin konfrontazioa izatea burujabetza klabeetan, Kataluniako independentismoarekin elkar hartuta, 78ko Erregimena gainditzeko; eta bestea, akordioa bertan behera uztea, izan Sabin Etxean, izan Madrilen. Confebaskek eta Urkulluk dute interesik handiena guztia ezerezean uzteko, marko espainolean beren politika neoliberalak garatzea askoz erosoagoa baitzaie.

Garaia da sindikalismo subiranista martxan jartzeko, borroka ideologikorako eta mobilizaziorako dituen baliabide guztiekin, baita, zergatik ez, Greba Orokorra ere, bi norabidetan: batetik, lantokietan prekaritatearen kontrako konfrontazioa elikatzea eta, bestetik, mugimendu sozialekin indarrak batuz, prekaritatea desagerrarazteko beharrezkoak diren neurri estrukturalen alde egitea, betiere instituzioei eta klase politikoari presio eginez.

Momentua da LAB eta ELAren Adierazpena garatzeko; gure esku dago hori egitea. ELAk, ordea, egokiagotzat jo du guda zelaitik erretiratzea, erabaki du hobe duela gatazka jakin batzuk mediatikoki proiektatzera mugatu. Enpresa eta sektoreetako borroka jakinek balio handia dute, lorpen zehatzak, kontzientziazio eta boteretze handia sortzen dutelako. Joan den kurtsoan LABek 120 borrokatan hartu zuen parte, eta erdietan baino gehiagotan egin genuen greba. Hori horrela izanik ere, batasun sindikalik ezean, euskal langile klasearen gehiengoarentzat egiturazko alternatiba bat sortzea ezinezkoa da.

Nahi badugu benetan gure borroka sindikalarekin Patronala kezkatu eta aldaketa politiko eta soziala eragin, beharrezkoa dugu batasun sindikal subiranista, soziopolitikoa eta kontraboterezkoa garatzea. ELAk uko egin dio bide horri eta argudio ahulak eta kontraesankorrak baliatu ditu bere erabakia zuritzeko. Kea sortzeaz harago, batzuei eta besteei egiten dizkien kritika hutsaletatik harago, eta onenak emanda dagoen EAJ eta ELAren arteko dialektikaz harago, argi dago LAB eta ELAren arteko ekintza batasunik ezarekin nork irabazten duen: eskuin politikoak eta euskal neoliberalek, Urkulluk eta Confebaskek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna