Zenbat boto ematen ditu beldurrak?

Samara Velte - Kazetaria

2018ko azaroak 9
Askok agian oraindik asimilatu ez duten arren, dagoeneko bi urte igaro dira Donald Trump AEBetako 45. presidente izendatu zutenetik. Hango sistemak ohikoa duen moduan, legealdi erdiko hauteskundeak egin dituzte aste honetan: haietan, senatuaren heren bat eta kongresu osoa berritzen da, eta horrek, batzuetan, gehiengoetan eragiten du, gobernuko alderdiari agintearen bigarren zatia nabarmen konplikatuz. Praktikan, presidenteari buruzko erreferendum gisa ere irakurri ohi dira hauteskundeok: agintaldiaren lehen erdiaren baloraziotzat jotzen dira, eta hurrengo erdirako ohartzat.

Historikoki, Etxe Zuria okupatzen duen alderdiak eserlekuak galtzeko joera izan ohi du agintaldi erdiko bozetan, eta Trumpi ere hala gertatu zaio: horretan ez da izan, behingoagatik, inprebisioaren presidentea. Haren portaera misogino eta arrazistek 2016ko hauteskundeetan banatutako sektore demokrata berraktibatu dute, eta baita oposizioko alderditik ezkerreragoko joera politikoetako jendea ere. Emakumeek, migratzaileek eta, gutxi-asko, adin ertain edo helduko gizonezko zuriak ez diren ia guztiek adierazi dute kezka euren eskubideak murriztuko dituzten erreformen inguruan.

Hala ere, barne galdeketetan, Trumpen onarpen-indizeak ez dira Europatik irudi lezaketen bezain katastrofikoak —akaso geure buruari ere galdetu behar genioke zergatik egiten zaigun hain harrigarria Trumpen fenomenoa, Europan bere tankerakorik ez bageneuka bezala—. Gallup inkesta-etxearen arabera, agintera iritsi zenean zeukan onarpen maila berbera zeukan Trumpek urriaren erdialdean: %45.

Jakin badakigu estatistikak —kazetari askoren jostailu kuttuna— horoskopoak bezalakoak direla: gustuko dugun bertsioa bakarrik sinesteko joera daukagula, alegia; hala ere, alderaketa batzuk egiteko balio dute. Esate baterako: bere agintaldiko 642. egunean —Trump gaur egun dagoen une berean—, Barack Obamaren onarpena ere %44koa zen. Hura goragotik abiatu zen —%67ko puntuazioarekin, Obamaren figurak kanpainan sortutako espektatiba handien seinale—, baina urtebete agintean egin orduko jaso zuen lehenbiziko Gutxiegi-a.

Inkesten bilakaera historikoan zokomiran hasita, Trumpen aurreko azken presidente errepublikanoaren grafikoak dira ikusgarrienak: George W. Bushek %57ko onarpenarekin ekin zion agintaldiari 2001 hasieran, eta berehala hasi zen amiltzen hari buruzko iritzi publikoa. 2001eko iraileko lehenbiziko astean, %51n zegoen; handik egun gutxira izan ziren New Yorkeko Dorre Bikien aurkako atentatuak, eta hurrengo hamar egunetan %90eko onarpeneraino hazi zen Bushen gobernua. Gerora berriz apaltzen jarraitu zuen agintaldia %34 eskas batean bukatu arte, salbuespen batekin: 2014ko martxoan, Madrilgo atentatuen ostean, berriz izan zuen gorakada nabarmena haren onarpenak.

Aise ondoriozta liteke zenbait agintarik errentagarritasun politiko handia ateratzen diotela herritarren beldurrari, eta ez da harritzekoa kanpoko arriskuaren mamua haizatzea barnera begirako kuestionamendua handia denean.

Trump maisua da horretan. «Zenbatezinak dira bizitza galdu duten amerikar errugabeak, soilik gure politikariek ez dutelako asmatu gure mugak seguru bihurtzen», esan izan du. Egiaz, oso zenbakarriak dira kasu horiek: estatistikek erakusten dute herritarren beldurrak nolabaiteko erasoren bat sufritzeko horretarako aukera errealak baino dezente handiagoak direla.

Baina beldurrak, maila pertsonalean zuhurtziazko erreakzio natural eta beharrezkoa den horrek, kohesionatzaile modura funtzionatzen du esparru politikoan. Jendeak ezagun duenari eusten dio, eta agintariekiko barneko kritika desaktibatzen da.

Akaso testuinguru horretan ulertu behar litzateke Trumpek azken asteotan argitaratu duen iragarki arrazista eta polemikoa ere, AEBetako komunikabide nagusiek —baita presidenteak ofizialki faborito izendatu duen Fox kateak ere— ez ematea erabaki dutena. Bertan, Erdialdeko Amerikatik AEBetako mugarantz doazen migratzaileen karabana inbasio gisa aurkezten da, eta, «arrisku» horretatik «babesteko», Alderdi Errepublikanoari botoa emateko eskatzen zaie herritarrei. Iragarkia iraingarria da, noski, baina, egiaz, eguneroko komunikazioan nahiko ohikoak diren ideia batzuk modu teatralizatuan baino ez ditu aurkezten. Migrazioari buruz «uholde»,»etenik gabe» edota «elur-jausi» terminoekin hitz egitea —hondamendi naturala edo antzerako gaitzen bat balitz bezala— ez da soilik alderdi edo komunikabide kontserbadoreen kontua: gizarte xenofoboetan aski errotuta daukagun iruditeria baten parte dira ulerkera horiek, eta Trumpenaren moduko iragarkiek berraktibatu egiten dituzte gure artean bestela ere flotatzen dabiltzan esanahiak. Bestea, kanpokoa, ezezaguna den mundu ulerkera batean ez da artifizio handirik behar haren aurkako sentimenduak sustatzeko, eta hori badakite izuarekin kanpaina egiten dutenek: aski da ezezagun hori arrisku gisa aurkeztea. Areago: bada arrazakeria, funtsean, pobreekiko fobia dela argudiatzen duenik ere (Armanian, 2017). Alegia: «bertako» pobreek askoz gehiago ikusten dituztela migratzaile pobreak lehiakide gisa, klase altuek baino; hain zuzen ere euren egoera sozialaren hurrengo arrisku maila ikusten dutelako migratzaileengan islatuta. Hor funtzionatzen du bereziki ondo izuan oinarritutako diskurtso xenofoboak. Eta, Lederachek (1998) dioen moduan, deshumanizazioaren txinparta piztutakoan, bestearen aurkako propagandak bere kabuz hartzen du su. Eta adibideak topatzeko ez dago AEBetaraino joan beharrik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna