Egiarako eskubidea: gauzatzerik ba ote da?

Jon Mirena Landa - EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco Katedrako zuzendaria

2018ko azaroak 16

Polizia-abusuen legearen harira, aspaldi honetan polemika areagotu egin da, indarkeria politikoaren biktima nor izan daitekeen eta batez ere atzean dauden egitate-kriminalak nork argitu ditzakeenaren inguruan. Giza eskubideen bortxaketa larriaz ari gara, duda barik: tortura, epaiketaz kanpoko hilketak, sexu-delituak, mehatxuak, lesio larriak... eta horiek guztiak poliziek egindakoak edota talde terroristak edo norbanakoek, baina betiere polizien laguntzarekin, polizien mesedetan, poliziak jakinaren gainean egonik, poliziek beste alde batera begiratuz, edo egindakoaren zigorrik eza bermatuz. Euskal Herrian denok dakigu Estatuaren segurtasun-indarrek zelakoak egin zituzten 1978ko Konstituzioa onartu aurretik, bai eta onartu ondoren hori guztia ez zela eten ere. Baina kontua da gizartean dabilen egia hori nola bilaka litekeen ofizial, nola eman dakiokeen zehaztasuna. Izan ere, biktima indibiduelek jakin badakite-eta zer gertatu zitzaien. Biktima horien aurka delituak eta urraketak egin zituztenek ere dakiten moduan. Kontua bada gizarteak ere jakin behar duela, eta horretarako komeni da horri guztiari bere egiaren neurria jartzea, errealitatea ukatu edo puztu egiten dutenen aldera, gertatu zen bezala ahal den neurrian denok jakin dezagun.

Galdera da, hortaz, nola sortu «egia», nori dagokion Estatu demokratiko batean giza-eskubideen urraketa horiei buruzko egia azaltzea herri-plazan. Horren aurrean batzuek horien artean, ozenki, polizia sindikatu batzuek diote epaileek bakarrik aldarrikatu ahal dutela egia hori. Zigor-epaileak besterik ezin ei du finkatu delitu bat dagoenetz. Hortik kanpo ezin da. Horregatik, bai Nafarroako bai Euskadiko biktimen legeak konstituzioaren aurkakoak omen dira. Eta epaileen lana Espainiako Botere zentralaren eskuetan ehuneko ehun dagoenez gero, Autonomia Erkidegoek ezingo lukete horretan inolaz ere eskua sartu.

Aurreko planteamenduaren atzean ukazio-jarrera ezkutatzen da. Estatuak egindakoa Estatuak estali du hamarkadatan. Haiek egin, haiek estali eta haiek ukatzea izan da ildo nagusia, bai 1978ko Konstituzioaren aurretik, bai ondoren. Beti erabiltzen den leloa bada epaileek esango dutela, eta ezer esaten ez dutenez ez dagoela ezer: kitto. Nabaria da, ordea, epaileek beste aldera begiratu dutela. Zer egin isiltasun-horma horren aurrean? Nola gainditu Estatuaren jarrera oztopatzaile aktiboa? Horren aurreko erantzuna zera izan da behintzat Nafarroako eta Euskadi Autonomia Elkargoen esparrutan: eman diezaiegun biktimei kalte-ordaina, eta, horren bitartez, aitor ditzagun beraien sufrimendu eta injustiziak herri-plazan. Biktimei begira, azal dezagun egia hori, denon aurrean, justiziaren izenean eta bakea ez mendekua egiteko asmoz; adiskidetzearen ez delitugileak zigortzearen bila. Lege baten bitartez, azalaraz dezagun biktimen egia, herri-egia bilaka dadin, horrek injustizia arinduko duelakoan. Epaileen lana ordezkatu nahi zela esatea ez da zuzena. Helburua ez baitzen inori leporatzea gertatu zena. Izan ere, horretarako, noski, prozesu penalaren bermeak behar baitira. Baina aipatu ahalegin estrategikoa gorabehera, PPk inpugnatu zituen legeak. Arrazoia al du?

Egiarako eskubidea Justiziaren zati bat da, kalte-ordainak ematea justizia zati bat izan daitekeen moduan. Baina justizia penala zerbait espezifikoagoa da: erantzukina ezartzea, egilea zigortzeko. Justizia penalak bai epaileen eskuetan egon behar duela, inori ezertaz akusatu aurretik, zigor-bermeak behar baititu. Epaileen lana ezinbesteko bilakatzen duena ez da egitate kriminalak ikertzea, baizik eta ikerketa hori erantzukizunak eta zigorrak ezartzera bideratzea. Arazoa ez da ikertzea, zertarako egitea baizik. Ikus ditzagun adibide argi batzuk.

Historialariek, antropologoek, auzi-medikuek edo legelariek, besteak beste, unibertsitateetan beraien ikerketa zientifikoari ekiten diotenean, giza-eskubideen urraketak aztertzen dituzte eta, haien lanetan, «egia» azalarazten dute. Eta ez dira epaileak.

Kazetariek askotan egitate-kriminalak aztertzen dituzte eta gero argitaratzen dute, akuilu-lana eginez, horren segidan epaile penalek beraien lana egin dezaten. Eta kazetariak ez dira epaileak. Antzeko zerbait gertatzen da legebiltzarretan ikerketa batzordeak sortzen direnean erantzukizun politikoak argitzeko; erantzukizun penalak beste gauza bat dira.

Administrazioak askotan biktimei ordaina eman behar die, eta, horretarako, lehenik eta behin, ezarri behar du zer gertatu zen, zein zen biktima, zein lotura zegoen gertatutako kaltearen eta biktimaren artean. Hori egin da eta egiten da, behin eta berriro, (ETAren) terrorismoaren biktimekin. Askotan, epai penalik gabe ere, terrorismo-ekintza bat gertatutatzat jotzen da eta horren oinarrian kalte-ordaina ematen da. Kasuotan ez da jakiten nork egin zuen atentatua, ezta zer gertatu zen ikuspegi juridiko-penaletik. Baina egiarako ariketa aurrera eramaten da administrazioaren ekimenez -epaileek parte hartu gabe alegia- eta hori biktimari sufrimendua arintzeko

Eta hau terrorismo kasuetan ez ezik, nazioarteko legerian askotan (trenen, hegazkinen edo antzeko istripuen kasuetan esaterako) galdatzen da: batzorde teknikoek ezartzen dute, administrazio mailan ez epaileen bitartez zer gertatu zen, biktimei berea arineketan eman ahal izateko.

Areago: batzuetan delitu larria egon arren, argi eta garbi, justizia penalak ezin du jardun, amnistia edo preskripzioa badagoelako. Ezin da kasuotan erantzulea pertsegitu, baina biktimak hor daude, eta atenditu behar dira. Delituok oso-oso larriak direnean, gure kasuan Giza eskubideen Nazioarteko Zuzenbideak agintzen du atenditu egin behar direla, egia atera behar dela eta Espainiako Estatuak, giza eskubideen hitzarmenak izenpetu dituenez gero, horri bidea eman beharko lioke.

Torturan, epaiketetaz kanpoko exekuzioetan, sexu-delitutan, polizia-gehiegikeritan argitu daitezke nor den errudun batetik, eta nortzuk diren biktimak bestetik. Onena biak batera argitzea. Baina Estatuak, Espainiako botere zentralak, ez du nahi. Horregatik, botere autonomikoak ekimena hartu du, eta, ezer ezaren aurrean, sikiera biktimen egia aitortzea erabaki du, kalte-konponketa horretarako lanabesa izanik. Horregatik, Auzitegi Konstituzionalak duela gutxi biktimen Nafarroako legea konstituzioaren aurkakoa zela aldarrikatu duenean, ez du arrazoirik. Erromatar zaharrek zioten moduan: Konstituzionalak potestas (boterea) eduki dezake, ez, ordea, auctoritas (autoritatea)!

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.