Asmo onak bai, baina...

Jose Luis Sukia - Ikastolen Elkarteko zuzendari nagusia

2018ko azaroak 21
Aztertu berri dugu atzerriko jatorria duten ikasleen inguruan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak argitaratu berri duen azterlan sakona; baita eman dituen datuak eta egoera zuzendu-orekatzeko proposatu dituen neurriak ere, eta, egia esan behar badugu, nahiz eta guretzat neurri eraginkorrena esparru hori Hezkuntza Lege Orokor batean arautzea izan, pozten gara orain dela aste gutxi batzuk ikastolok aurkeztutako agiriarekin bat datorrelako hein handi batean, bai diagnostikoan, eta baita proposatzen dituen neurri batzuetan ere.

Diagnostikoan bat egiten du gurekin puntu hauetan:

• Desoreka dago lurraldeen artean, eta, lurralde barruan, herrien eta hirien artean.

• Desoreka dago sareen artean eta sare berdineko ikastetxeen artean.

• Eskolatze batzordeek ikasturtean zehar egiten duten ikasleen banaketa ez da zuzena.

• Matrikulazio oreka-desoreka ezberdina da etapen artean (eta, nagusiki desoreka hori Lehen Hezkuntzan ematen da eta ez Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan).

• Hizkuntza ereduak badu garrantzi handia ikasle talde honek aukeratzen duen ikastetxearekin, baita eskolatze batzordeek ikasle horiek nora bidali erabakitzeko orduan ere.

Proposatzen dituen neurrien artean, berriz, honetan egiten dugu bat:

• Sarbide eta informazioan.

• Plangintzan.

• Bekak eta zerbitzu osagarriak.

• Pertsonalari buruzko politika berria.

• Hezkuntza politika.

Faltan bota dugu, ordea, hizkuntzen inguruko planteamendu zehatz eta ausart bat, ezin baitugu ahaztu atzerriko jatorria duten ikasleak gizarteratzeko eginbidean, hizkuntza ereduen sistema hautespen eta baztertze bidea bihurtu izan dela; beraz segregazioari aurre egiteko hizkuntza ereduak gainditu egin behar dira.

Eta bereziki zalantza eta kezka nagusi bat sortu zaigu: Nola pentsatzen du Eusko Jaurlaritzak hori dena egitea? Horrelako plan zehatz eta zabal bat planteatu badu, aurreikusi al du neurri horiek gauzatzeko biderik aurrekontuetan? Erantzuna bakarra eta motza du azkeneko galdera horrek, 2019ko aurrekontuen proiektua aztertzen badugu: EZ borobil bat; aurkeztutako txostenean ez da ezer aurreikusten, ezta proposatutako neurrien euskarri izan beharko zukeen memoria ekonomiko bat ere.

Begira ditzagun aurrekontuen datu orokor batzuk.

Sare Publikoaren baliabideetan sartu gabe (askoz zailagoa delako diru sail zehatzak aztertzea, proiektu askok pertsonal propioarekin gauzatu daitezkeelako; orain, gainera, jakin dugu 126 irakasle gehiago kontratatu behar dituztela), hona hemen itunpeko sarean azaltzen diren zenbaki batzuk: atzerritar jatorriko ikasleen eskolatzea laguntzeko 2.090.000 euro eman dizkie Jaurlaritzak itunpeko sareko ikastetxeei aurten. Heldu den urterako 1.680.000 euro aurreikusi ditu, 410.000 euro gutxiago, %20ko jaitsiera.

Datuok ikusita, ohartuko zarete ikastolok nekatuta gaudela propagandaz, hitz politez, programa berezi eta bestelakoak ezarriko direla entzuteaz, errealitatea oso bestelakoa delako, ez dagoelako baliabiderik horretarako. Gero esango digute behartuta gaudela programa horiek betetzera baina ez dugula diru gehiago izango, eta, gainera, jaitsi egingo dizkigutela diru sailak.

Beste bideren batetik ondo finantzatuta egongo bagina, lehentasunak aldatu eta beste gauzetarako dauden baliabideak bertan jarriko genituzke, baina hona hemen ere finantzaketa orokorreko datuak.

Haur eta Lehen Hezkuntzan, sare publikoak 612.519.034 euro jasoko ditu, eta itunpekoak 313.304.614 (%66 eta %33, hurrenez hurren). Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan, sare publikoak 652.988.538 euro jasoko ditu, eta itunpekoak 361.963.732 (%64 eta %36). 0-3 etapan, berriz, sare publikoak 47.535.212 euro edukiko ditu, eta itunpekoak 29.127.322 euro (%62 eta %38). Orotara, sare publikoarentzat 1.313.042.784 euro izango dira, eta itunpekoarentzat 704.395.668 euro (%65 eta %35).

Gastu horietan, zuzenean etapa bakoitzean Hezkuntza Sailak bere aurrekontuetan gastatzen duen dirua dago, ez dira aurreikusten Sailaren beste gastu orokorrak: bekak, euskara sustatzeko laguntzak, egiturazko gastuak, Berritzeguneak... Eta hori dena, derrigorrezko etapetan ikasle kopurua antzekoa izanik bi sareetan. 0-3 etapan, berriz, sare publikoan 0-1 urteko ikasleak eskolatzen dira, 5.000 inguru; eta itunpeko sarean, 0-2 urtekoak, 13.000 inguru (Udal Haur Eskolak barne).

Aurtengo urtean, arrazoi ezberdinak direla medio (PISA probak, Auto-diagnostiko probak, atzerritar jatorriko ikasleen eskolatzea...), Hezkuntza Sailak publikoki azaldu du egoera zuzentzeko programa ezberdinak martxan jartzeko borondatea (irakurketa planak, IKTen erabilera, euskara sustatzeko programa, orain inklusiorako proposamena...). Baina, datorren urteko aurrekontuetan programa horiek guztiak martxan jartzeko, ez da aurreikusi euro bakar bat ere, itunpeko sarerako behintzat. Ezin dira programa berriak martxan jarri baliabiderik gabe.

Hala ere, ikastoletan, behintzat, guretzat eta Euskal Herrian hezkuntza sistema propio bat eratzeko giltzarriak diren programak martxan jarriko ditugu, eta horretarako, berriro ere, gurasoei ekarpenak eskatu behar badizkiegu, horrela egingo dugu. Eta, zehazki, atzerritar jatorria duten ikasleen gaian, bere momentuan adierazi genuen bezala, beka sistema propioarekin jarraituko dugu.

Hori dena esan ondoren, mesede bat eskatu behar diegu Hezkuntza Sailari eta beste zenbait erakunde eta mugimendu soziali: Hezkuntza Sailak programa horietarako behar diren baliabideak jartzen ez dituen bitartean, ez eskatu guri ezinezkoa dena, alegia, kuotarik ez kobratzea. Gure azken agerraldian esan genuen kobratzen genituela (eta adierazitako zenbakiekin argi ikusiko zen, honezkero, zergatik) eta jarraituko dugula. Gure gurasoak kontziente dira beren seme-alaben heziketaren garrantziaz, eta prest daude irakaskuntzarako 40-50 euro ordaintzeko hilean, jakinda, gainera, zati bat elkartasunera bideratzen dela. Eta baten batek ezin badu, beti bezala tresnak jarriko ditugu bideratu ahal izateko. Izenburuan esandakoa, asmo onak bai, baina... propaganda hutsean geratu dira oraingoan ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna