«Miraririk ez dago»

Gaizka Garitanok «indarrez» ekin dio Athletic entrenatzeari. Aitortu duenez, bere kirol ibilbideko «erronka nagusia» da. Presidente berriak erabakiko du noiz arte egongo den
Gaizka Garitano, atzo, Lezaman, Athletici lehenbizikoz entrenamendu bat zuzentzen.
Gaizka Garitano, atzo, Lezaman, Athletici lehenbizikoz entrenamendu bat zuzentzen. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Haritz Gallastegi -

2018ko abenduak 6
Gaizka Garitanok badaki non sartu den. Umea zenetik ezagutzen du Athletic. Lezamako zelaietan hasi zen, eta inork ez dio erakutsi behar zer daukan jokoan hurrengo aste eta hilabeteetan. Klub zuri-gorriak mende pasatxoko ibilbidean izan duen porrotik handienaren protagonistetako bat izateko arriskua dauka. Horregatik, argi du bere kirol ibilbideko «erronka nagusia» dela: «Bai; hala da», esan zuen atzo. Labur, zehatz eta garbi. Bera den bezala.

Baina aukera ere bada. Espainiako Lehen Mailako trena ez baita egunero pasatzen. Athletic zulotik ateratzen badu, haren entrenatzaile ibilbideak indar handia hartuko du. Hortaz, Athleticen agintzen duen behin-behineko zuzendaritzak emandako aukerak «poztu» egin du. Baina ez du ezustean harrapatu. Bere aukeraketaren prozesua «ohikoa» izan dela aipatu zuen. «Atzo [herenegun] goizean Berizzorekin bildu zen kluba. Ondoren, niri eskaini zidaten aukera, eta baietz esan nuen». Prest zegoen. Aurrez ere jakinaren gainean baitzegoen entrenatzaile argentinarra kargutik kenduz gero berak hartu beharko zuela aginte makila. Klubeko langilea baita, eta beharginak taldeak dituen premiei erantzuteko baitaude. «Nire beharra zuten, eta nik gustura hartu dut kargua». Hasiera batean, Athleticen presidente berria aukeratu bitartean egongo da lehen taldea zuzentzen. Gero gerokoak.

Egoera latza da. Athletic zuloan dago, eta aurretik dauden taldeak tartea zabaldu dute. Hala ere, Garitano «baikor» dago. «Egoera iraultzeko indarra eta energia daukat. Dena dela, salbazioa lortzeko bidea luzea eta gogorra izango da. Ez da erraza izango zulotik ateratzea. Horrelako zerbait ez da lortzen bizpahiru astean. Lehenbailehen hartu behar dugu izango ditugun zailtasunen kontzientzia». Hau da, pazientzia eta babesa eskatu zituen taldeari aurrera egiten laguntzeko.

«Miraririk ez dago. Lana, energia eta fedea behar dira. Inguruaren laguntza eta babesa ere izango ditugu». Eta zulo beltzetik aldentzeko jokalaririk ba al du esku artean? «Talde ona daukagu. Nik konfiantza daukat futbolariengan. Talde honek beste helburu batzuengatik borrokatu du azken urteotan. Bada, finalak jokatzeko lehian zegoenean zuen ilusio eta gogo berarekin aritu behar da egoera honi aurre egiteko». Bide batez, argi utzi zuen taldearekin izan duen lehen hartu-emanean gogotsu ikusi zituela futbolariak. «Jokalari guztiak ezagutzen ditut: batzuk entrenatu egin ditut; beste batzuekin jokatu egin dut; beste batzuk aurkari izan ditut... Ondo hartu naute. Lana erraztu didate».

Lehen egunean ikusitakoaren arabera, entrenatzaile lana egiteko premia handiagoa ikusten du psikologo lanetan murgiltzekoa baino. «Garaipenak lortzen ez direnean, aldartea ez da onena izaten, baina taldea ondo dago. Lehentasuna jokatzeko erari jarriko diot».

Errespetua Berizzoren lanari

Bistan da futbolariek txipa aldatu beharko dutela. Hasiera batean, Eduardo Berizzok eta Gaizka Garitanok era ezberdinean ikusten dute futbola. Helburuak lortzeko bide ezberdinak jorratzen dituzte. Baina deriotarrak ez dauka alderaketen jokoan sartzeko asmorik. «Gauzak aldatuko ditut. Zerbait aldatzeko beharrik ez balego, ez nintzateke hemen egongo. Baina zelaian ikusiko duzue gure apustua. Berizzo entrenatzaile oso ona da. Miresten dut». Halaber, argi esan zuen ez dela une egokia jokamoldearen gainean sakontzeko. Athleticek hamahiru partida daramatza ligan irabazi barik, eta, une honetan, hirunaka batzeko beharra baino ez du ikusten teknikariak. Hortaz, epe laburrera begira egingo du lana. Athleticek neurketa bakoitzak eskatzen duenaren arabera jokatuko du. «Ez dugu astirik estilo propioa eraikitzeko. Ez daukagu sei aste horretan aritzeko. Partida bakoitza irabazteko prestatuko gara. Argi izan behar ditugu gauzak».

Garitanoren aroa gaur hasiko da. Athleticek Huescaren kontra neurtuko ditu indarrak Espainiako Kopako final-hamaseirenetako itzulikoan. Kanporaketa bideratuta dauka, joanekoan 4-0 irabazi eta gero. Baina duela astebete hasitakoa behar den moduan biribiltzea komeni da. Horretarako, azken partidetan gehien jokatu dutenak aukeratu ditu entrenatzaile berriak. Hasiera batean, ez du iraultzarik egingo. Lehen taldean daudenekin ahaleginduko du zulotik irteten. Athletic B-koak ere bakean utziko dituela dirudi, baina ez dizkie ateak itxi. «Premien arabera erabakiko dut». Kopa gaur jokatuko da, baina Garitanok astelehenean San Mamesen Gironaren aurka jokatu beharreko ligako partida du jomugan.

HUESCA-ATHLETIC

Huesca. Werner; Miramon, Pulido, Insua, Brezancic; Aguilera, Sastre, Rivera; Ferreiro, Longo eta Avila.

Athletic. Unai Simon; Capa, Unai Nuñez, Yeray, Ganea; Dani Garcia,

Unai Lopez; Susaeta, Raul Garcia, Cordoba; eta Aduriz.

Epailea. Del Cerro Grande.

Lekua. Alcoraz (7.638 ikusle).

Ordua. 18:30ean (Bein La Liga).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna