'Brexit'-aren koloreak

Unai Pascual.
2019ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Ingalaterran 15 urtez bizi eta gero, handik datozen haize korronteak aztertzea dut gogoko, eta brexit-a da handik datorren haize ufada nagusia. Albioi Zitala, Erresuma Batua (GB ingelesezko laburbilduraz), edo, hobeto esanda, Ingalaterra, mespretxatzeko adiera famatua erabilia izan da historian. Batzuek albioi, albus (zuri) hitzetik datorrela diote, erromatarrek Doverreko itsaslabar zuriak ikusi zituztenen garaikoa, hain zuzen ere. Oraingoan brexit-ak Doverreko itsaslabarra berdez apainduko ote duen hausnartzera nator. Hara, ziurrenik brexit-a gauzatzeko aste gutxi gelditzen diren honetan, zerbait begi bistakoa da deus ez dugula irakurri edo entzun brexit-aren eta ingurumenaren arteko erlazioaz. Beste behin ere, ingurumenaren gaia ito egin du ekonomiaren sokak, merkatuen tentsioak eta urduritasunak jota.

Badago GBn ingurumenean ondorio lazgarriak izango direla pentsatzeko motiborik. GBtik haratago ingurumen zabalean ere kaltea ekarri dezake brexit-ak. Baina argi izan dezagun zerbait: hau ez da GB edo EBren gaineko ingurumen inpaktuarekiko eztabaida. Gu ingurumenaren parte gara, baita gure ekonomia ere. Bioaniztasunaren galera edo klima aldaketa Londresen edo Tuteran berdin sentitzen jarraituko dugu. Ingurumenak muga politiko-administratiboak gainditzen ditu. Ingurumenarekiko erantzukizun abstraktutik praktikara pasatzeko politika da giltza, eta brexit-a politikaren letra larriz idatzi beharko genuke, historikoki kapitulu berri bat ireki ahal duelako gure eta etorkizuneko belaunaldien bizitzetan ingurumenean izango duen eragina dela medio. GBn brexit-ak ingurumenean izango dituen eraginei buruz kezkatzen hasiak dira zenbaitzuk; horien artean ingurumenaren defentsan dihardutenen artean urduritasuna da nagusi. Batez ere, ezjakintasun handia baitago gerta daitekeenaren inguruan, baina badira hainbat agertoki posible. Hauek dira, hurrenez hurren, sinesgarritasun handiena dutenak.

Batetik, demagun brexit biguina izango dela Londresek eta Bruselak akordio berri bat lortzen badute. Honek GB eta EBko herrialdeen arteko komertzioa lehenetsiko du, eta horrek esan nahi du balizko komertzio esparru horretan ingurumenaren inguruko baldintzak berberak izan beharko liratekeela. Adibidez, ingurumena zapalduz ekoizpen prozesuetan abantaila konparatiboa lortzeko aukerak ezingo lirateke erdietsi, ez Europako herrialdeekin komertzioan, ez eta Europaz haratagoekin. Bestetik, brexit gogorra izango balitz, oso bestelako agertokia izango genuke. Kasu horretan, GBk Munduko Merkataritza Erakundearen araudia bete beharko luke bakarrik, eta guztiok dakigu globalizazio ekonomikoaren gidari den erakunde hori ez dela ingurumenarekiko green, oso brown baizik. Agertoki horretan, GBko bezero nagusiak Trump-en Estatu Batuak, Txina, Brasil, Argentina eta beste botere ekonomikoak izango lirateke, eta herrialde horietako ingurumen politikak Europak dauzkanak baino dezente kaxkarragoak direnez, horiekin lehiatzeko GBk bere ingurumen estandarrak jaisteko presioa handia pairatuko luke, bai kanpotik eta baita barrutik ere. Horrek epe laburrean airearen, lurraren eta uraren kutsadura areagotzeko arriskua biziki piztuko luke.

Ondo legoke gogoratzea GB The dirty man of Europe (Europako gizon zikina) bezala ezagutu izan zela 1973an Europako Batasunean sartzera zihoan garaian, bere ingurumen politika eskasak zirela medio. GBk europeizazio prozesu motela izan du, baina horrek suposatu du Europako ingurumen politika bateratuak Westminsterreko legebiltzarra ingurumen arau eta lege zorrotzagoez betetzea. Hori positiboa izan da ingurumenarentzat. Baina horrek ere beste fenomeno bat piztu du, batez ere, 2000. urtetik aurrera. Alegia, alderdi kontserbadoreak Europaren kontrako mugimendua xaxatu du Bruselako red tape edo gehiegizko burokrazia kritikatuz. Euroeszeptikoak izan dira kritika horren aitzindari, eta Europa teknokratiko eta burokratikoaren ideia lau haizeetara zabaldu dute. Horrek, ziurrenik, brexit-aren aldeko haize ufada altxatu zuen erreferenduma ospatu zen garaian. Aipatzekoa da nekazaritza eta arrantza politika bateratuen kontrako lobbyek urteotan egindako lan itzela. Horrek brexit-aren aldeko haizea dexente harrotu du azken urteotan landa inguruan nekazaritza eta arrantza sektoreetan dabiltzatenen artean, eta jakin badakigu orokorrean sektore horiek oso kontserbadoreak direla. Horren inguruko datu bat: %92ko babesa izan zuen brexit-aren aldeko bozak arrantzaren sektorean dihardutenen artean. GBko arrantzaleek ez dute inoiz nahi izan EBko itsasontziak beraien uretan sartzerik. Bruselak, baina, ur horietan arrantzatzen jarraitu nahi du, eta gai hori negoziaketetan izan da. Gauzak horrela, brexit gogor batek eragin handia izango luke gure Euskal Herriko arrantza industriaren baitan. Nekazaritza arloan, berriz, GBn badute zer konpondu brexit-a gauzatu eta gero. Adibide bat jartzekotan, transgenikoen kasua aukeratuko nuke. Eskozian, Galesen eta Ipar Irlandan, Ingalaterran ez bezala, transgenikoak landatzearen aurka agertu dira. Brexit-ak GB barruko oreka horiek apur ditzake, orain arte EBk babestu baitu eskoziar, galestar eta irlandarren transgenikoetatik libre bizitzeko eskubidea. Londresek defendatuko al ditu? Halaber, ez nuke nahi Europako Nekazaritza Politika Bateratua gehiegi goraipatzea, ez baitu gehiegirako balio izan orain arte nekazaritza eredu intensibotik, ingurumenarekiko jarrera jasangarriagoa eduki dezakeen politika bat martxan jarri ahal izateko, ez GBn, ez eta Europako Batasuneko beste herrialdeetan.

Badago arduratzen nauen beste gai bat. Sakonekoa, politiken eta negoziazio ahalmenen gainetik kokatuko nukeena. GBko eta Estatu Batuetako stablishesment-ak, Thatcher-Reagan duetotik behintzat, merkatuaren aldeko politika neoliberala bultzatu du. Estatuaren esku hartzearen kontrako obsesioak eta merkatuaren aldeko fede itsuak ingurumen arloan Europa eta mundu mailako akordioak zipriztindu ditu hamarkada luzez. Klima aldaketaren inguruan ere akordio boluntaristak bultzatu ditu Atlantikoko ardatz horrek. Agian Estatu Batuek publikoki jarrera aktiboagoa erakutsi dute merkatuaren eta teknologiaren garapenaren papera goraipatuz, betiere bere interesen araberakoa noski, GBk Europako eta Estatu Batuen arteko zubigintza egin duen bitartean. Baina, finean, biek arlo publikoaren esku sartzearen kontrako jarrera izan dute nabarmen. Horrek klima aldaketa eta ingurumenarekiko beste hainbat akordio baldintzatu dituelarik. Kontuan har dezagun oraindik ere klima aldaketa errealitate bat dela ukatzen duten horiek brexit-aren alde sutsu dabiltzala.

Ez dirudi Doverreko itsaslabarretatik datorren haizeak asko lagunduko dionik jadanik larriki gaixorik dagoen Planetari. Erreparatu diezaiegun, beraz, brexit-aren koloreei, baita berdeari ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.