M-26: boterea herriarentzat

Arkaitz Rodriguez.
2019ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Apirilaren 28ko hauteskunde bezperan esan genuen bai hauteskunde haiek bai maiatzaren 26an egingo direnak oso testuinguru berezian jazoko zirela, testuinguru historiko batean. Izan ere, Euskal Herriaren eta Kataluniaren urte luzeetako borrokak aspaldiko krisi sakonenean murgilarazi dute 78ko Erregimena.

Urteotan guztiotan kolpe handiak eman dizkiogu erregimen horri. Lehen kolpea ezker abertzaleak eman zion, lehenik, hamarkadetako borroka etengabearen bidez, eta, bigarrenik, duela hamar urteko estrategia aldaketaren bidez, azken horrek barne-etsairik gabe utzi baitzuen eta, modu horretan, haren barne kontraesan guztiak lehertu baitzituen. Nekez uler litezke harrezkero Erregimenak pairatu dituen gainontzeko kolpeak egoera berri bat sortzeko palankarena egin zuen gertaera hura aintzat hartu gabe.

Bigarren kolpea nazioarteko finantza-krisiak, haren aitzakiaz ezarritako murrizketa basatiak eta horien guztien karietara espainiar Estatuan sortutako M-15 mugimenduak eman zioten.

Hirugarren kolpea Nafarroan eman genion, horrenbeste neke, izerdi eta malko kostatako aldaketa politikoaren bidez, maiatzaren 26ko hauteskundeetan bai ala bai iraunarazi eta are gehiago sakondu beharra dagoena.

Eta laugarren eta azken kolpea Kataluniako herriak eman dio, Erregimenaren erabateko inpugnazioa izan den Procesaren bidez.

Kolpe horiek denek espainiar estatuari mozorro demokratikoa erantzi diote, haren izaera autoritario eta antidemokratikoa nabarmen utziz.

Askotan esan dugu: espainiar estatuak ez dauka eskaintza demokratikorik ez Kataluniarentzat, ez Euskal Herriarentzat, ez estatuko gainontzeko herrientzat ere. Eta, eskaintza demokratikoaren faltan, inboluzio betera jo du 78ko Erregimena salbatzen saiatzeko azken aukera moduan.

Inboluzio hori moteldu egingo du apirilaren 28an Trifatxitoaren arriskua uxatu izanak, baina inboluzio horrek jarraitu egingo du, berezko sustraiez gain munduaren luze-zabalean indartzen ari diren joera autoritarioen aldeko haizea duelako, eta oso errotuta dagoelako hainbat estatu-aparatutan.

Horrenbestez, espainiar estatuaren eskaintza bi zenbakitan labur daiteke: 135 eta 155. Birzentralizazioa, gure burujabetza berez mugatuen murrizketa etengabea, lan eta pentsioen erreforma atzerakoiak, politika neoliberalak, emakumeen nahiz migratzaileen eskubideen murrizketa, gure kultura eta hizkuntzen gutxiestea, umiliazioa... Burdinazko ukabilaz edo zetazko eskularruaz, hori da espainiar estatuaren eskaintza euskal herritarrontzat, kataluniarrentzat eta estatuko gainerako herrientzat. Eskaintza hori antzekoa baita espainiar gobernuaren kolore politikoa edozein delarik ere. Izan ere, benetako arazoa ez da PP, ez da C's, ezta sikiera Vox ere: benetako arazoa herrien kartzela eta langile- eta herri-sektoreen esplotazio-makineria gisa ezaugarritutako espainiar estatu antidemokratiko, ustel, oligarkiko eta erreakzionarioa da. Hori da benetako arazoa.

Bada, demokraziaren pribatizazio, eskubideen murrizketa eta autoritarismoaren areagotze testuinguru honetan, gero eta agerikoagoa da ezker abertzalea azken 40 urteotan esaten aritu den hori: benetako demokrazia eta justizia soziala lortzeko aukera bakarra dela 78ko Erregimenarekiko haustura demokratikoa egitea, autodeterminazio eskubidea gauzatzea eta errepublika bat eraikitzea, hemen, Euskal Herrian, baina baita estatuko gainerako herrietan ere. Eztabaida ez baita monarkia ala errepublika, bakarren batzuek planteatu ohi duten moduan; eztabaida da monarkia ala errepublikak. Errepublikak ezkerretik eraikiak, eta langile eta herri-sektoreen zerbitzura jardungo dutenak, zeren eta guk ez baitugu nahi errepublika bat, estatu bat, besterik gabe banderaz aldatzeko. Guk nahi dugu estatu bat eredu sozial eta ekonomiko justu bat eraikitzeko, benetako demokrazia bat taxutzeko eta jendartearen alor guztien despatriarkalizazioa bultzatu eta gizon eta emakumeen arteko berdintasun osoa lortzeko.

78ko Erregimenarekiko haustura demokratikoa azkartzea eta errepublika aske eta burujabe horien eraikuntza helburu ari gara eraikitzen Euskal Herriko, Kataluniako, Galiziako eta estatuko gainerako herrietako indar subiranista eta ezkertiarren arteko aliantza estrategikoa, espainiar nahiz europar hauteskundeetan lehen agerpen bat izaten ari dena, baina, arlo elektoral eta instituzionalaz harago, arlo guztietara zabalduko duguna, abestiak dioen bezala, elkarrekin tira eginez gero seguru eroriko baita.

Horiek horrela, apirilaren 28an EH Bilduri eta ezkerreko subiranistoi emandako boto bakoitza faxismoari, autoritarismoari eta 78ko Erregimenari emandako kolpe bana izango zela esan genuen, eta hala izan da. Izan ere, aspaldi honetan altxatzen ari den olatu feminista, ekologista, errepublikazale, ezkertiar eta subiranista milioi bat boto baino gehiagoren eta 19 diputaturen forman Madrilera eramanda, Trifatxitoa gelditu eta, aldez aurretik iragarri bezala, erabakigarriak izango gara gure herrien askatasunaren bidean aurrera egiten segitzeko.

Bada, orain, aipatu olatu hori udaletxeetara, batzar nagusietara, Nafarroako Legebiltzarrera eta Europako Parlamentura eraman behar dugu. Zertarako? Gure burujabetza nazionalaren bidean beste urrats bat egiteko; gure lurraldearen, buruen eta gorputzen jabe izatera eraman behar gaituen prozesu subiranista azkartzeko; instituzioak jendartearen beharren zerbitzura jartzeko; politika neoliberalei aurre egin eta gure herrikideen lan- eta bizi-baldintzak hobetzeko; preso, iheslari eta deportatu politiko guztiak behingoz etxera ekartzeko; 78ko Erregimenari beste kolpe bat eman eta harekiko haustura demokratikoan sakontzeko; Euskal Errepublikaren eraikuntza behetik eta ezkerretik egiteko. Behetik eta ezkerretik beti!

Horrenbestez, apirilaren 28an bezalaxe, maiatzaren 26an ere boto independentista, feminista, ezkertiar, euskaltzale, ekologista eta antifaxista bakar bat ere ezin da etxean gelditu. Maiatzaren 26an eman beste kolpe bat 78ko Erregimenari! Euskal errepublikarantz, boterea herriarentzat!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.