Futbola. Munduko Kopa

Sendo, serio eta eroso

Ingalaterrak 3-0 irabazi dio Norvegiari. Scottek, Whitek eta Bronzek sartu dituzte golak. Finalerdietan Frantzia edo AEBak izango du aurkari

Sendo, serio eta eroso.
ainara arratibel gascon
2019ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Ingalaterra da Frantzian eta Bretainian jokatzen ari den Munduko Kopako final-erdietarako sailkatu den lehen selekzioa, atzo Norvegiari 3-0 irabazi eta gero. Pronostikoak on egin zituen. Phill Nevillek zuzentzen dituen jokalariekpartida serioa eta sendoa jokatu zuten, bai erasoan zein defentsan, arrakalarik ez duen taldea erakutsiz. Norvegia, berriz, nahi eta ezin aritu zen. Izan ere, partidan sartzeko izan zituen aukera apurretan ez zuen asmatu. Ada Hegerbergen hutsunea ederki antzeman dute norvegiarrek txapelketa osoan zehar.

Norvegiak aurreko Munduko Kopako arantza kendu nahi zuen, orduan ere Ingalaterrak utzi zuen kanpoan, final-zortzirenetan. Baina horretarako aukerarik ere ez zion eman Ingalaterrak, hasi eta berehala sartu baitzuen lehen gola. Eskuin hegalatik iritsi ohi da Ingalaterraren erasoko jokoaren emari handienetako bat, Lucy Bronzeren eta Nikita Parrisen abiadurari esker. Biak nekaezinak dira hegala igotzen, eta elkar ederki ulertzen dute. Atzokoan ere erakustaldia eman zuten. Egin zuten lehen jokaldian Bronze ondoko marrara iritsi zen. Berehala ikusi zuen zuloa, Ellen White eta Jill Scott bakarrik zeudela area txikian. Whitek ez zuen errematatzea lortu. Baina Scottek ez zuen huts egin.

Bigarren minutua zen, eta jada maldan gora zuen partida Norvegiak. Pixkanaka ahalegindu zen jokoaren ekimena hartzen, baina alferrik. Zelai erditik aurrera argitasunik gabe aritu zen. Erasoko jokalariak gutxitan agertu ziren, eta nekez hartu zuten estu Karen Bardsley atezaina.

Ingalaterra, berriz, Norvegiaren area ingurura gerturatzen zen aldiro arriskua sortu zuen. Perris eta White etengabe ahalegindu ziren. Amorratua zegoen White lehen golean asmatu ez zuelako, eta hori dela eta etengabe aritu zen aho zapore txar hori kendu nahian. Gertu izan zuen 28. minutuan horretarako aukera. Baina haren eskuinkada zutoinera joan zen.

Zoria ere aurka zuela zirudien. Baina ez zen hala izan. Hirugarren ahaleginean gola sartu zuen.Berriro ere Perrisek barneraketa oso on bat egin zuen, eta aukerako baloia utzi zion Whiteri. Ederki baliatu zuen 2-0ekoa egiteko (40. min). Bost gol daramatza jada txapelketan Cityko aurrelariak.

Bigarren zatian ere, aise

Atsedenaldirako Ingalaterrak oin eta erdi zuen finalerdietan. Arriskatu beharra zuten norvegiarrek neurketa iraultzeko, eta estutzen hasi zuten bigarren zatia. Lehen jokaldian gola sartzeko aukera izan zuten, baina Steph Houghtonek ondo kendu zion baloia Graham Hanseni. Baina berriro ere kolpea eman zuena Ingalaterra izan zen. Selekzioko izarrak, Bronzek, bere aletxoa jarri nahi zuen, eta area kanpotik egindako jaurtiketa ikusgarri batekin 3-0ekoa sartu zuen.

Hurrengo minutuetan Norvegiak bizpahiru aukera izan zituen gutxienez gol bat egiteko. Baina Ingalaterrak ondo eutsi zion. Beste behin itxura sendoa eman zuen defentsan —gol bakarra jaso du txapelketan. Lehen partidan egin zion Eskoziak—. Parrisek 4-0ekoa lortzeko aukera izan zuen, baina huts egin zuen penaltia

Aurreko Munduko Kopanatarian geratu eta gero, Ingalaterrak finalean egon nahi du. Baina horretarako finalerdietan Frantzia edo AEBak kanporatu beharko du. Gaur jokatuko dute haiek final-laurdenetako kanporaketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.