Mundu ertz ertzatsuak

2019ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Alkandora hertsagarria da mundua. Burutazio hori datorkio bati Immanuel Wallerstein-en «mundu-sistema modernoa» irakurtzean. Soziologo eta historialari marxista bera, asteotan hila 88 urterekin. Pentsamendu kritikoaren korapiloetan ibili izan da jauzika alde bateik bestera eta zeukan begirada fina gaur egungo mundua irakurtzeko orduan erreferentzia bilakatu da.

1930ean New York-en jaioa, gerraostean konfiguratu zen gizarte sistema keynestarrean hazia eta 60ko zein 70eko hamarkadetan gizarte zientzietan (Frantzian bereziki) nagusitu ziren eztabaida estrukturalista eta postestrukturalistetan zaildua. Fernand Braudel historialariak eta Karl Marx pentsalari-iraultzaile ezagunak jositako harietatik tiraka jarraituz, bestelako buelta eman nahi izan zion kapitalismoaren analisiari. Garaian zeuden planteamendu postestrukturalistak arinegiak iruditzen zitzaizkion, begirada geldoagoaren beharra aldarrikatu zuen, kapitalismoa ibilbide historiko luzeko fenomeno gisa ikertu eta azaltzearen premia mahai gainean jarriz.

Nola ulertu mundu-sistema?

Intuizio horri helduz osatu zuen ondoren pentsamendu kritikoan lehen lerrora eramango zuen lana, «Mundu-Sistema modernoa» izenburupean. Lau liburutan banatua, azterketa historiko-sozial zorrotz eta fina sortzea zuen helburu. Kapitalismoa mundu mailan hedatzeko ahalmena zeukan fenomeno gisa ulertu zuen, bere atzaparrak ia edonon sartzeko gaitasunarekin. XVI. mendetik hasita XX.ra arte izan duen bilakaeraren berri eman nahian, aldi geopolitiko eta ekonomiko bakoitzean hartu zituen forma ezberdinak argitu nahi izan zituen, bere eragin suntsitzaileak eta potentzia hegemoniko nagusiak zein izan ziren zehaztearekin batera. Kapitalismoak gidari bat behar baitu, bizkartzain etengabe bat, gainerakoei bere arauak ezartzeko gaitasuna izango duena. Hegemonia-zikloez hitz egin zuen, mundu-sistema kapitalista jauntxo boteredun ezberdinetan gorpuztu izan dela adieraziz; hasierako zabalpen-konkista aldian genoarrak izan ziren, ondoren herbeheretarrak, britainiarren hegemoniarekin jarraitu eta estatubatuarren nagusigoarekin bukatzeko. Denak ere, etekinaren paradisura bidean agintean jarri diren lemazainak. Hierarkia sortzaileak, erdigunea eta periferia definitzeko boterez.

Hori zen agian egin zuen ekarpen nagusietako bat; mundu-sistemaren sarea ezartzean menpekotasun harremanak eraikitzen dira, erdigune ahalguztiduna materialki hornitu beharko duten sasiperiferia eta periferia zein diren zehatz-mehatz marraztuz. Munduko ertzak hertsatzen ditu zentroak, baldintzatu eta mugatu. Errealitate nazional eta kultural guztietan du eragina, izan estatu edo ez, mugak gainditzen dituen prozesua baita, herrialdeetako erabakigune bakoitza zeharkatzen duena. «Inperio-mundu» bainoago (Erromatarra edo txinatarraren tankerakoa, autoritate politiko bakarrera mugatua) «ekonomia-mundu sistema» erabiltzea proposatu zuen, kontua ez baita guztiok barnebiltzen gaituen egitura politiko global baten eraketa, lan-banaketa antolatzen duen egitura-produktibo global baten existentzia baizik; egitura horrek merkatuaren eta estatuen arteko botere-harremanak erabiltzen ditu, dirudun klase transnazionalen kontu korronteek infinitura gerturatzen jarrai dezaten.

«Merkatua, Estatua, enpresak, klase sozialak edota edozein sektore sozial eraikitzen da ekonomia-mundu kapitalistaren lurzoruan»zioen Wallersteinek. Dena dago harilkatua moduren batean, mundu-sistema modernoak gaur hartu duen itxura jakinak harreman zuzena du bizi ditugun prozesu sozioekonomiko esanguratsuenekin. Ibilbide luzeko prozesuak dira, egungo tentsioak, gatazkak eta botere jokoen inguruan dabiltzan azpikorronteak.

Mundu dekadente bat garrasika

Gizarte zientzietarako zeukan begirada zorrotza erabiltzen zuen aurreikuspenak egiteko. Bere azterlan historikoan maisuki frogatu zuen mundu-sistemako lemazain nagusiaren botere galera geldoa eta ia ikusezina izaten zela; hala gertatu zen aurreko mendeetan eta azken urteetako idatzietan antzeko etorkizuna aurreikusi du Ameriketako Estatu Batuentzat, uzkurtze motela, diesel dekadentzia. Noski, ohartarazi zuenez, ez da historian potentzia nagusirik egon besterik gabe agur esan eta beste bati lekua laga izan dionik, zaunka eta hozka eginda baztertu ohi da. Tesi horretan oinarrituz hamarkada gatazkatsuen etorrera oso posibleez mintzatu zen, munduko hegoaldea deritzonari estrukturalki galarazten baitzaio bere garapena, denbora kontua da ipar aberatsera iritsi nahi duen migrazio mugimendua kopuruz eta giharrez haztea; are, soziologoak defendatu zuen une zehatz batzuetan egoera lehertzeko baldintzak sortuko direla ziur aski.

Munduaren erritmo turboazkarrari begirada pausatuagoa eskaini zion, horrenbeste gertaera- kate arin amaigabeen artean lotura kausalak eraikiz, arnasa luzeko prozesuen sintoma zehatz gisa sailkatuz horietako bakoitza. Inertzia historiko geldoek pisu astunegia dute, baita 5G-aren eta Abiadura Handiko Trenen garaian ere.

Bere azken idatzian, azkena izango zen jakitun, hala zioen: «Oraindik ere borroka nagusi bat dago, klase borroka da hori. Klasea bere zentzu zabalean ulertuta, etorkizuneko belaunaldiek euren buruarekin borrokatu beharko dute, eraldaketa posible izan dadin. Aukerak badaude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.