COP 25 joan da ta...

2020ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Txilen begia galdu genuen arren, abenduaren hasieran geratzen zitzaigun begi bakarrarekin bada ere, Madrilen izandako COP25 gailurraren nondik norakoak modu intentsoan jarraitzeko ahalegina egin genuen nahiz eta hasieratik itxaropen handirik ez izan.

Larrialdi klimatikoa kontzeptu erreala gureganatzen ari garen honetan, Madrilen Iberdrola, Endesa, Repsol, Banco Santander eta enparauen publizitate, portada, editorial eta babesean goi-agintarien bilerak egin ziren. Noski, mundu mailako mugimendu sozialek ere beraien sareak ehuntzen jarraitu eta erantzun/exijentzia bateratua lantzeko aukera baliatu zuten. Horrela, «kapitalismo berdeak» bere burua zuritzen zuen bitartean, herri ezberdinetan garatzen ari diren tokiko alternatibak eta trantsizio esperientziak ezagutzeko aukera paregabea izan zen. Baina benetan eraginkorra izan daitekeen akordio bat lortzeko azken aukera izan ote zen Madrilekoa?

Kapitalozeno izendatu dezakegun aro honetan, ondorio eta erabaki nabarmenik gabe bukatu dira izandako gailur gehienak. Kyotok ondoren bete ez ziren akordioak ekarri zituen. Kyototik Kopenhagera egin zen jauzia. Bertan akordiorik gabe bukatu zen gailurra, ikaragarrizko porrota izan zena. Hurrengoak, Parisekoak alegia, minimoen minimoetara jo nahi izan zuen, hau da, herrialde bakoitzaren asmoak irudikatu ziren bertan: noraino iritsi zaitezke/gaitezke? Dena den, betearazteko mekanismorik gabe eta inolako anbiziorik gabe erredaktatu eta sinatutako akordioa izan zen. Gainera, ordurako nazioarteko zientzialarien komunitateak adierazten zuenarekin inolako koherentziarik ez zuen akordioa izan zen.

Urteak eta gailurrak joan eta etorri, mugak dituen planetan neurrigabeko produkzio eta kontsumo sistema injustuarekin jarraitzen dugu. Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen (IPCC) arabera, planetaren batez besteko tenperatura 1,5-2ºC igotzeak ondorioak ugaritzea ekarriko luke, dagoeneko larriak diren ondorioak. Horrela, 2030erako honakoa aurreikusten da: energia kontsumoan eraginkorragoak izango gara eta aurrezten dugun energiaren %58 kontsumo berrietarako erabiliko da, hau da, eraginkorragoak bai, baina gehiago kontsumituko dugu. Konponbiderik gabeko gurpil eroa sistema honetan.

Petroherrialdeen jarrera ere ezaguna da, ahal den neurrian nazioarteko akordioak blokeatzen saiatzen dira, modu zuzenean zein zeharkakoan. Horretan, herrialde guztien ardura, ahultasuna, dependentzia eta elkartasuna (handia zein txikia) agerian gelditzen dira. Era berean, herrialdeen arteko karbono-kredituen «trapitxeoa» ere agerikoa da, munduko herrialdeen arteko desoreka eta ezberdintasunak erakusten duena, neokolonialismoaren adibide garbia. Roberto Bermejo irakaslearen hitzetan, datuak datu, munduko biztanleriaren %50ari isurketen %10 dagokio. Aldiz, biztanleriaren %10ari isurketen %49. Errealitate honetan, emigrazio sozio-klimatikoak munduan ematen ari dira dagoeneko eta datozen urteotan hauen hazkunde nabarmena aurreikusten da.

Etorkizun hurbila: bukatu zaigu denbora?

IPCCren arabera, tokiko neurriak dira klima aldaketa bizkortua eragiten duten isurketen murriztapenean gehien laguntzen duten ekimenak. Era berean, beraien ikerketen arabera, ezagutzen diren baliabide fosilen %80 lur azpian gelditu beharko litzateke planetaren batez besteko tenperaturan 2ºCko beroketa ez dadin gauzatu.

Javier Andaluz Ecologistas en Accion-eko kidearen arabera, petrolioaren eskaera handitzen doan heinean erauzketek behera egiten dute egun. Horrela jarraituz gero, zazpi urte barru eskaera hornitzeko aukerarik ez da egongo, zazpi urte! Non gelditzen da trantsizio energetikoa?

Horrekin batera, mineral erauzketa eta hauen kontsumoaren joera esponentziala (burdina, aluminioa, kobrea, kromoa, merkurioa...) izaten ari da azken urteotan. Esan daiteke baliabide hauek agortze graduan gaudela. Horrela, taula periodikoaren gehiengoa kontsumitu egin dugu dagoeneko. Era berean, teknologia berrien produkzioak materialak eskatzen ditu, kritikotasun maila nabarmenean dauden materialak hain zuzen ere: litioa, kobaltoa... Gainera, aipatu diren material horiek urrutiago eta sakonago aurkitzen dira, beraz, horiek eskuratzea gero eta zailago suertatzen da eta errentagarritasun maila baxuagoa du. Aldi berean, errealitate gordin baten aurrean gaude: material horiek birziklatzerik ez dago, momentuz. Batez ere hiri eremuetako meatzaritza berri bati buruz hitz egin dezakegu: zabortegietako materialak. 2060. urterako «materialen gailurra» espero da, gaur eguneko erritmoan behintzat jarraitzen badugu.

Ariane Usarbarrena Iruñeko Ekologistak Martxan-eko kidearen arabera, ekuazio honetan gas hidratoak agertzen zaizkigu, oraindik nahiko ezezagunak eta gehiegi neurtu gabekoak. Horiek itsaso azpietan tenperatura oso baxuetan eta sakonera handiko eremuetan metatutako metano kopuru handiak dira, karbono dioxidoa baino 32 aldiz kutsagarriagoak direlarik. Gas hidrato horiek dauden eremuen baldintzak aldatzen ari diren neurrian (tenperaturak epeltzen eta izotzak desegiten) horien isurketak emateko aukerak ugaritzen dira.

Ekonomia deskarbonizatzea, horixe da mundu mailako erronka nabarmenetako bat klima aldaketari aurre egiteko. IPCCren arabera, urteko %7ko murrizketa eduki beharko luke munduko ekonomiak datozen urteotan (kontuan eduki SESBen krisi nabarmenean deskarbonizazio prozesua %4koa izan zela). Ez hori bakarrik, ekonomia sektore askotan eredu aldaketa nabarmena ezinbestekoa da. Esaterako, Estatu Espainiarrean uraren %85 nekazaritza eta abeltzaintzarako ureztatze sistemetan erabiltzen da.

Aldaketa transformatzaileen sasoian gaude, bizitza kontzeptuetan aldaketa sakonak egiteko unea da. Eta begirada berreskuratzekoa...

*Orain dela bi hilabete Iruñeko Ekologistak Martxan taldeak antolatutako Ekoeskolan entzundako, ikasitako eta hausnartutakoaren parte bat biltzen saiatu naiz iritzi artikulu honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.