Oraindik bizikidetasun mingarrian?

Patxi Meabe, Pako Etxebeste, Arturo Garcia eta Joxemari Muñoa
2020ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Atentatu hilgarriak, mehatxuak, atxiloketa masiboak eta konfrontazio politiko suntsitzailea nagusi ziren aldi luze baten ondoren, uzkurdura eta prebentzio denbora batek hartu du lekua gure kontzientzian, eta askatasunez hitz egiteko beldur gara. Jarrerak muturrera eramaten dira eta zaila gertatzen da elkarrekin egotea. Laguna-etsaia. Nirekin edo nire aurka. Terrorismo politiko ororen logika.

Frankismoaren garaian eta trantsizioko urte luzeetan modu traumatikoan bizi izan genuen esperientzia hori. Ohikoa zen honelakoak entzutea: «Ez mintzatu zenbait gairi buruz edonoren aurrean...», «Hobe isilik egotea...», «Kontuz ibili». Egoera hura nolabait gainditu zen, eta bai instituzioak eta bai bizitza politikoa Europako beste herrialde batzuetako printzipio demokratikoekin harmonizatuz joan dira.

Euskal Herrian, modu berezi eta propioan bizi izan dugu fenomeno hori, ETAren borroka armatuaren esperientzia traumatikoaren kariaz. Hainbeste atentatu bidegabe eta krudelen pilaketak eta horiek eragindako erreakzioek larriki hondatu dute bizikidetasuna. Egia bada ere ETAk indarkeria bertan behera utzi izanak «denbora berri batean» kokatu gaituela, bizi izandako egoerak euskal gizartearen estratu sakonenetan izan du eragina. Luzaroan bizi izandako sufrimenduaren ondoreak ez dira oraindik aienatu.

Oraindik indarrean dago, zenbait tokitan, prebentzio sentsazio sakon bat, askatasun osoz mintzatzea eragozten duena.

Estatuak inposatutako legeak urratzeko beldurrarekin batera, zintzo eta aske hitz egiteko prebentzio esplizitu bat ere nabaritzen da. Ez da miraria beldurra izatea mespretxuari, kalumnia politikoari edo zure izena noiznahi plaza publikoan agertzeko mehatxuari. Giro batzuetan desadostasuna erakustea markatuta geratzea da. Eta horrek komunikazio argia eta zintzoa eragozten du. Mesfidantza arazo larriak gertatzen dira, keinu eta konpromiso zehatzekin landu beharrekoak, bizikidetasunaren normalizazioan aurrera egiteko. Isiltasuna da «bizikidetza jasangarri» baten ordainetan pagatzen dugun prezioa. Errealitate triste hori gainditzen ari bagara ere, pertsona askok sufritzen dute oraindik. Esaten da lasai bizitzeko beharrezkoa dela ingurune soziopolitikoarekin ongi eramatea. Bestela, mespretxurik doilorrena pairatzeko arriskua duzu. Zenbait alderditan militatzea ez da batere erraza oraindik. Ezta zure ingurunean nagusi den iritziaren kontra agertzea ere. Prebentzio barneratuakgeldiarazi egiten du ekintza publikoa eta bizitza pribatura biltzen ditu bestela urrats hori emango luketenak, sinetsarazten baitie «ezertan ez sartzea» dela onena. Urte luzeetan hedatu da jendartean zuhurtziaz mintzatzeko ohitura eta elkarri errezeloz begiratzea. Isiltasunaren lege horrek kamustu egin du gure sentiberatasuna eta pertsona gisa balioa kentzen digun degradazio morala dakar gure kontzientzietara.

Jende prestu askok uko egiten dio konpromiso publikoari beren askatasuna galtzeko edo seinalatua izateko beldurrez. Napoleonek esan omen zuen: «Politikarik onena pertsonei aske direla sinetsaraztea da, hala ez direnean».

Bizikidetasun zintzoa eraikitzeak denbora, ahalegina eta prestutasuna eskatzen ditu. Egiten diren urrats guztiak baloratu behar dira, baina bere garaian borroka armatua babestu zutenei konpromiso publiko eta esplizitua eskatu behar zaie.

ETAren indarkeriaren amaierak honako hauek eskatzen ditu: eragindako gaitza aitortzea; biktima guztiak erreparatzea, ahal den neurrian; salbuespeneko espetxe politika zigortzaile hau amaitzea eta etorkizun adostua planifikatzea. Iraganaren balorazioa egitean adostasunik ez egoteak ezin ditzake baldintzatu gutxieneko betekizun etiko batzuk, guztion arteko lanari ekiteko orduan. Hitzartzea eta amore ematea ez da bidegabekeria toleratzea, ezinezkoa dirudien hori posible egitea baizik. Hori eskatzen dugu euskal gizartearen gehiengo oso handi batek. Hau ez da «berdinketa tekniko bat», inondik ere. Aldiz, etorkizuna eraikitzea da, inork justiziaren monopolioa izan gabe.

Ez dira onargarriak ez etengabeko akusazioen errepikapena, ez gorrotoa, ez eta iraganeko erantzukizuna aitortu nahi ez duenaren ahanztura konplizea ere.

Gure artean bada aspalditxoko iragan bat, frankismoa, baina, era berean, bada frankismo ostea ere, dezentez hurbilago, eta badirudi azken horretaz libratu nahian gabiltzala. Gure harreman politikoak baldintzatzen ari da iragan hurbil hori, eta ez dago hura berriro interpretatzerik, ez ikusi egiterik edo ahanzturara baztertzerik. «Zerbait gertatu zen, bai... baina hainbeste denbora joan da ordutik… berehala utziko dio egia izateari». Bilatutako ahanzturaren bidegabekeria da. Kontua ez da ahaztu ezin dena ahaztea, baizik eta etorkizunari itxaropenez begiratzeko gaitasuna berreskuratzea. Hori da Memoriaren Institutuari eskatu behar zaiona.

Justizia ez ezik, etikaren biziberritze bat ere behar dugu, aniztasuna onartzea ahalbidetuko diguna, desberdinari beldurrik izan gabe. Kontu horri dagokionez, herritarren eredu izan behar lukete alderdiek, bai eta ongi bereizi ere norberaren posizio politikoa eta arerioaren etengabeko deskalifikazioa. Udaletan eta herri eta auzoetako erakundeetan onartutako Kode Etiko baten premia dugu, eguneroko bizitza, jaiak, kultur ekitaldiak, kirol lehiaketak eta elkarlanari esker egiten diren beste hainbat ekintza blaituko dituena. Izan ere, ezer gutxitarako balio dute alderdien arteko akordioek, foroek, kongresuek edo adierazpen publikoek, haiek praktikara eramateko kapaz ez bagara.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.