Euskara eta industria

2020ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Ezagutzaren gizarteak sortutako jarduera ekonomian pisua hartzen joan den neurrian, sektoreen sailkapen tradizionala ere eboluzionatzen joan da. Hiru mailako garai bateko sailkapenari —hau da, lehen sektorea edo lehengaiak; bigarren sektorea edo industria eta lehengaien eraldaketa; eta hirugarren sektorea edo zerbitzuak— laugarrena gehitu zaio. Laugarren sektore horretan kokatzen dira maila intelektual jasoko langintzak, hala nola ikerketa, garapen, berrikuntza eta informazioarekin loturiko aholkularitza, programazioa edota hezkuntzako zerbitzuak.

Laugarren sektoreak beste sektoreetako jarduera hobetzeko eta berritzeko irtenbideak eskaintzen ditu usu, bere jarduera propioarekin aurrera egitearekin batera. Hizkuntzek ere ekarpen garrantzitsuak egiten dituzte aktibitate ekonomikoaren aurrerabidean, betidanik egin dituzte; baina, ezagutzaren gizartean pisu handiagoarekin egiten dute eta ageriagoa izaten ari da. Ekonomia hizkeran balio erantsia esaten dena sortzen dute hizkuntzek industrian, produktuetan zein zerbitzuetan. Kasu batzuetan, langileen arteko harremanen kohesioko giltzarriak dira hizkuntzen tratamendu egokiak enpresetan; beste batzuetan, zerbitzu bat emateko edo produktu bat saltzeko erabiltzaileekiko zein bezeroekiko gertutasuna ekartzen dute; eta beste batzuetan, irakatsi egiten dira hizkuntzak edota azken belaunaldiko teknologietan erabiltzeko prozesatzen dira. Azken batean, harreman jardueren multzoa da ekonomia, eta harremanek hizkuntzekin lotura banaezina dute. Horri ezagutzaren gizartearen garapenak eta teknologiaren garapenak gizartean zein ekonomian ekarri dituen aldaketak eransten bazaizkio, hizkuntzen pisua aktibitate ekonomikoan handia dela ondoriozta dezakegu. Balio hori ikusten erraza ez den arren, jarduera ekonomiko ugaritako balio ukiezina da hizkuntza.

Testuinguru horretan kokatzen da hizkuntzen industria, eta Euskal Herrian ere bere garapena izaten ari da, euskararen bidez, eta beste hainbat hizkuntzen bidez. Industria mota hori hizkuntzen tratamenduarekin loturiko produktu nahiz zerbitzuak diseinatu eta komertzializatzeaz arduratzen da. Euskal Herrian, zehazki, lau eremu hartzen ditu nagusiki: a) Arautu gabeko hizkuntzen irakaskuntza; b) Itzulpengintza eta interpretazioa; c) Eleaniztasuna kudeatzen laguntzeko tresnak eta prozedurak edo aholkularitza eta, d) Hizkuntza teknologiaren garapena. Azken hori aurreko hiru eremuen lagungarria da, era berean, eta diziplina anitzen parte hartzearekin gauzatzen da (enpresa espezializatu, berrikuntza gune eta unibertsitateen parte hartzearekin, hain zuzen ere).

Hala eta guztiz ere, hizkuntza industrializazioa ez da ekonomia apustu hutsa, kulturala eta politikoa ere bada; eta horregatik, planteamenduak bi ikuspegi uztartu behar ditu: lehiakortasun ekonomikoa eta kolektibitatearen existentzia. Bide batez esan, apustu hori oso lerrokatuta dagoela, gaur egungo teoria aurreratuei jarraituz, enpresa munduan arduratsuenek aurrera daramaten gizarte erantzukizunaren planteamenduarekin. Izan ere, planteamendu horren arabera, enpresek oinarrizko lehia abantailak eta abileziak garatu behar dituzte, baina lan egin behar dute mundua hobetzeko. Kokatutako lekuan, gertuko mundu horretan, errotuta aritzeak enpresei gizarte erantzukizunean sakontzeko aukera ematen die, gainera.

Euskararen industriara etorriz, zehazki, esan genezake ezaugarri berezkoak dituela, izan duen sortzeko eta garatzeko moduagatik. Izan ere, euskararen industriaren jatorria militantziatik eta euskararen normalizazioan eragiteko politiketatik dator. Era horretara sortu diren erakunde pribatuak (edo gizarte ekimenekoak) irabazi asmorik gabekoak dira. Baina pisu handiko jarduera ekonomikoa bereganatu dute, eta autorregulatzeko zein erakundetzeko gaitasuna erakutsi dute, eta finantzatzeko sistema mistoen bidez kudeatzen dute euren ekonomia (diru publikoa eta merkatuko diru sarrerak), irabaziak egitasmoan inbertitzen jarraitzeko bokazio sendoz. Era berean, militantzia zein profesionaltasuna uztartzen dituzte erakunde mota honetako langileek, eta euskararen kasuan sektore publikoko hizkuntzaren normalizaziorako zerbitzuekin osagarriak dira. Berrikuntza eskola batzuk, era honetako aktibitatea, sektore publikotik zein pribatutik kanpo kokatzen dute, hirugarren sektore gisa. Era honetakoak dira GKEak (gobernuz kanpoko erakundeak), esate baterako.

Hirugarren sektoreak, ekonomia soziala deiturikoak, ezaugarri eta osagai interesgarriak ditu gizarte kohesionatu eta berritzaile baterako bere aktibitate ekonomikoaren bitartez. Ondasun komunaren sortzaile potentziala dela esan genezake. Elinor Ostrom ekonomialariak Ondasun Komunen Ekonomiako teoriaren bidez (Commons ingelesez) erakusten du guztion ondasunak arduraz kudeatzeko ez eremu pribatua ez publikoa maiz ez direla egokienak horretarako, komunitate batek, baldintza egokietan, baliabideen erabilera eta zaintza eutsigarriagoa lortzen duela; izan ere, ezagutza eta atxikimendu zuzenagoa eta hobea dutelako baliabide horiei buruzkoa edota gertuko errealitatearena.

Euskararen industria sustatu eta babesteko arrazoiak ekarri nahi izan ditut lerro hauetara, ekonomia sozialaren munduan gertatzen ari diren berrikuntza garrantzitsuen olatuetan murgilduta dagoela ikusaraziz. Euskararen industriak irakaskuntza, itzulpengintza, interpretazio eta hizkuntza aholkularitzako produktu zein zerbitzu profesional aurreratuak eskaintzen dizkio merkatuari. Hori profesionaltasunez eta teknologia aurreratuen bidez egiten da, eta ekonomikoki bideragarriak diren erakundeetan, lankidetza publiko-pribatuaren arteko markoaren barnean. Konpromisoa eta ardura dira profesional eta erakundeen marka edo zigilu nagusia, era berean.

Ekonomia munduko aire berritzaileak dira euskararen industriako hauspoa. Baina hauspoa eragiten jarraitu behar da, geratu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.