Euskara eta hizkuntza-politikak aurrera begira

2020ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Garaian garaiko hizkuntza politika egokitzen joan behar dute erakundeek, gizartean sortuz doazen egoera berriei aurre egiteko. Etorkizuna ezin da aurre-esan; baina, oparotasuna ekarriko badu, lanean harrapatu behar gaitu.

Euskarak komunitatea eratzen du eta komunitateak euskara, ko-eraketa erlazio batean; era horretara, norbanakoaren, gizartearen eta erakundeen arteko elkarlana ezinbestekoa da euskara biziberritzeko politiketan. Arlo guztietan eragin behar delarik, hala nola: hizkuntzaren ikaskuntzan, hizkuntzaren erabileran, araugintzan, komunikazioan, motibazioan, hizkuntza-baliabideetan, egituren eraketan, arlo sozio-ekonomikoan, teknologian, legedian zein diskurtsoaren lanketan.

Euskararen komunitate osoaren lana da euskararen biziberritzea, eta gizarte-eragileak elkarlanean aritzeko espazioen beharra handia da. Komunitatean korronte eta ikuspegi desberdinak daude, baina, hori gainditu ezinezko oztopo ez izatea da garrantzitsua. Azken hamarkadan, adostasunen gaia inoiz baino indar handiagoarekin ardatz bihurtu dela esatera ausartuko nintzateke. Euskararen Gaineko Oinarrizko Diskurtsoa egitasmoan ageri da eta G. Goikoetxearen Euskara irabazteko bidean liburuan ere bai. Izaera desberdineko lanak badira ere, aurrera begirako gako interesgarriak jasotzen dira era desberdinean; lehena, ikerketa soziolinguistikoa da eta EAEko (Euskal Automonia Erkidegoa) hizkuntza-politikaren markoaren lanketan kokatzen da, eta bigarrena, testigantzen liburua da eta iritzi ugari jasotzen ditu mosaiko baten eran.

Euskara eta haren komunitatea errealitate juridiko-politiko desberdinek inguratzen dute eta bi legeren baitan murgilduta dago (EAEko Euskararen Legea eta Nafarroako Foru Erkidegoko baskuenzearena, 1982 eta 1986koak, hurrenez hurren). Hiztunek, bere aldetik, ur horietan nabigatu dute, eta ugarituz joan dira —eta doaz—, populazioaren ia herena izateraino euskal hiztunak (ia milioi bat). Horrek guztiak hiztun tipologia ugaritu du, gainera; euskaldun berrien agerpena eta ugaritzea ekarri du, esate baterako, jatorrizko euskaldunekin edo euskaldun zaharrekin batera.

Beste alde batetik, XX. mendearen azken bi hamarkadetan plangintzak izan dira euskararen normalizazioan giltzarri, eta nagusiki EAEn garatu dira, sektore publikoan zein pribatuan. Sektore publikoan EAE herri-administrazioko VI. plangintzaldian dago murgilduta honezkero. Nafarroan, berriz, I. euskara-plana abian da 2019-2021 epealdirako. Sektore pribatuan, lan munduko euskara planak jarri ziren abian 1990. urtean; enpresetan euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko eta, era berean, euskara entitatearen kudeaketan txertatzeko helburuz.Lehenik esperientzia pilotuak izan ziren lan munduko euskara planak, eta, ondoren, 1997. urtean hasi ziren esperientzia pilotuak hedatzen. Orduz geroztik, tamaina desberdineko 400 entitate edota enpresatik gora daude murgilduta euskara-planetan, 20.000 langile baino gehiago inplikatu direlarik zuzenean. Unibertsitateek ere berariaz landutako euskara planak gidatu dituzte, arloen eskaintzan zein zerbitzuetan euskararen aukera bermatzeko eta baita euskararen erabilera areagotzeko ere.

Aurrerapausoak era planifikatuan eta adostuan emateko ezinbesteko tresna bihurtu dira plangintzak. Baina, beti plangintza izatera mugatu dira hizkuntzaren marko politiko zein juridikoan sakontzera iritsi gabe. Helduen euskalduntzeak elikatu ditu plangintza horien ezagutza beharrak, gainera. Era horretara, helduen euskalduntzean borondatezko ikasle tipologiari laneko motibazioarekin joandako ikasle tipologia gehitu zaio urte hauetan guztietan. Ez da ahaztu behar, hala ere, iritsi garen lekuraino iritsi ahal izan garela hezkuntzan azken 60 urteetan, —ikastolen sorrerekin abiatuta eta Euskal Eskola Publikoa izateraino— egin den ibilbideari esker; horrek ardaztu baitu euskararen garapena hein handi-handi batean.

Ikusi dugunez, herrialdez herrialde eman diren urratsak lege bakoitzaren garapenaren testuinguruan desberdinak izan dira, eta esan genezake zalantza izpirik gabe, datuak hor baitaude inkesta soziolinguistikoz soziolinguistiko ikusten denez, EAE dela euskararen normalizazioan aurrerapen sendoena izan duena, oro har; eta Euskal Herri mailako balizko arnasgune bihurtu da era horretara. Nafarroan ezagutza gora doa zailtasun handiekin, beti ere; eta Iparraldean arrisku egoeran jarraitzen du. Euskararen erabileran aurrerapen garrantzitsuenak 1990-2000 urteen bitartean gertatu dira, ondoren erabilera formalean aurreratu da gehien, eta, bereziki, EAEn. Baina, aurrerapenak aurrerapen, euskararen bizi indarra ahula dela agertzen hasi da azken azterketa soziolinguistikoetan, erabilera eta transmisioa geratu egin delako orokorrean.

Horrek bide bat agortuta dagoela pentsatzera eramaten gaitu, eta euskararen biziberritzeko politikak berrikusteko garaian gaudela iradokitzen du, geldialdia konponbide gabeko eten bihur ez dadin. Une honetan osasun krisiak gizartera ekarri duen egoera eta sortu dituen kalteak nabarmen azaleratu dute ahultasuna, euskalgintzako hainbat eta hainbat eragile gogorarazten ari diren eran. Oro har, ikus daiteke marko berri baten beharra dagoela, legedian zein politiketan, euskararen indarberritzea gerta dadin.

Gizartea, eta euskara, mundu globalizatuaren deskonfinamendu moduko horretan murgilduta dago, eta ondorioz, ziurgabetasun eta eraldaketa une sakon batean, berrikuntzek ekarri ohi duten prozesu disruptiboen garaian. Gaur egun mundu mailan garatzen ari diren gobernantza parte hartzaileko demokrazien egiteko erari arreta jarri beharko genioke. Politika horiek diseinatzeko garaian eragile sozialek protagonismoa hartzen dute eta administrazioak bideratzaile bihurtzen dira. Politika egiteko era berritzaile horietan honako balioak dira nagusi: deszentralizazioa; parte hartzea; ezagutzaren partekatzea; informazioaren eskubidea; eraikuntza kolektiboa; herritarren ahalduntzea; eta ikuspegi estrategikoa.

Euskararen politikak esparru desberdinetako gizarte eragileen parte hartze errealaren bidez eraikitako gobernantzako espazioak bihurtu beharko lirateke, hemendik aurrerako bidea indarrez egingo bada, oparo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.