Egoitza Madrilen duten euskal hauteskundeak

2020ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Prentsaurrekoan Urkullu lehendakariak apirilaren 5erako hauteskundeak deituko zituela iragarri zuen egunetik mendeak igaro direla dirudi. Hilabete gutxi batzuk pasatu dira bakarrik, baina bitartean pandemia, konfinamendua, alarma egoera, aginte bakarra, beldurra, milaka hildako, krisi ekonomikoa, 0, 1, 2 eta 3 faseak eta batere normala ez den normaltasun berria jasan ditugu.

Edonola ere, otsaileko egun horretan ezer ez zen harrigarria izan. Beharbada, lehendakariaren tonu zakarra izan zen ezusteko bakarra, Zaldibarko zabortegiaren eta oraindik agertu gabe dauden Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileei buruz galdegin ziotenean; azken finean, bere erabateko tonu uniformera ohituta gaude. Karranka txiki horrek izan ezik, ezerk ez zuen iragartzen mapa politikoan eta testuinguruan aldaketa handirik egongo zenik. Baina aldaketak egon dira. Ez bakarrik koronabirusarekin zerikusia dutenak, baita aldaketa geografiko-diskurtsiboak ere. Dirudienez, euskal hauteskundeen kanpaina egoitza Madrilen dago.

Azkenaldian EAJ haserre ikusi dugu EH Bilduren eta estatuko gobernua osatzen duten alderdien (PSOE eta Podemos) arteko ituna ikusi ondoren. EAJk kongresuan beti izan duen rola lapurtu dio EH Bilduk eta Euskadiren izenean negoziatzera ausartu da, a zer nolako ausardia! eta EAJk polemizatzen duen bitartean, Euskadin egindako kudeaketari buruz inork ez du hitz egiten: presak, arau inkoherenteak, informazio gabezia, harrotasuna, foku berriak...

Baina ika-mika horrek bakarrik ez du gure egunerokotasun politikoa Madrilera eraman, estatu mailako alderdien nahi kontzienteak baizik. Aurreko astean, Idoia Mendia lehendakarigaiak «U-12an Jaurlaritzak Sanchezen proiektuarekin duen konpromisoa erabakiko» dela defendatzen zuen. Eta ez euskal sozialistak bakarrik, Ahal Dugu eta Alderdi Popularra ere Madrilera begira daude. Ez dezagun ahaztu Casadoren alderdiak Alfonso Alonso ezabatu eta nostalgikoentzat (baten bat geratzen bada oraindik) Carlos Iturgaiz berreskuratzea erabaki zuela, orain duela 20 urte ezagutzen genuenaren berdin-berdina, gainera. Bestalde, Ahal Dugu-k Miren Gorrotxategi hautagaia aukeratu du, Pablo Iglesiasen postulatuen defendatzaile sutsua, Euskadin politika egiteko bere onespena duela harrokeriaz azaltzen duena. Hain ezberdinak diren bi indar politikoen arteko paralelismoa egitea arraro samarra izan daiteke, baina ah, zentralismoa transbertsala da, ez eskuina eta ez ezkerra, inor ez dago zentralismoaren tentalditik libre.

Bat-batean, Gasteizez baino gehiago, Madrili buruz hitz egiten dugu euskal kanpainaurrean. Casadok Euskadin espazio kontserbadore eta espainolista eraikitzeko Alonsoren plana deuseztatu du (euskal popularrek euskal politikan existitzen jarraitzeko zuten aukera bakarra) Ciudadanosekin ituna egiteko. Ciudadanos, gogora dezagun, muturreko eskuinaren postulatu zentralizatzaileen defendatzailea. Ez hori bakarrik, Iturgaizen eskutik aspaldi gainditutako eztabaida eta tentsio zaharrak etorriko dira berriro Casadoren mesederako, estatu mailan etekin handia aterako baitie, Kongresuan jadanik sortzen den eguneroko gorrotoz betetako iskanbilarekin batera. Bitartean, Iglesiasek bere alderdiaren estatutuak aldatu eta udal mailako antolakuntza eta idazkaritza orokor autonomikoak ezabatu ditu, bere burua Idazkari Nagusi bakar bihurtuz. Alderdia eta estrategia politikoa estatu mailako gobernuan beraien jarraipena ziurtatzearen zerbitzura jarri dute Ahal Dugu-koek aurretik. Gorrotxategi eta bere kideek kanpaina hau zaila izango dute; izaera propioa izateari uko egin eta madrildarren beharren menpera jarrita, tartea txikia da alderdi hori euskal hiritarren ezker hautagaitzarik gustukoena izateko: Echenique defendatu behar dute inongo lotsarik gabe GALen biktimen eskubideak «distrakzioa» direla esaten duenean, eta oraingoz egin duten proposamen bakarrak (oso berritzailea ez den ezkerreko tripartitoarena) ez dirudi batere errealista testuinguru politiko honetan, eta beraien aurkari nagusia, EAJ, erasoezina da, Iglesiasek horren diputatuak behar dituelako presidenteorde izaten jarraitzeko. Ortuzarrek etengabe gogorarazten die hori.

Azkenean, krisi honetatik ateratzeko behar ditugun neurriei buruz aritu ordez, Madrili buruz ari gara etengabe. Gure herria berreraiki beharko dugu hurrengo legealdian, azken urteotako hutsak zuzendu, hiritarrak zaindu, etorkizuna ondo prestatu. Ideia eta logika berriak beharko ditugu datorren kanpaina honetan: gure herria berrindustrializatzeko aukera dugu orain, zaintzak beste era batera antolatzeko, osasun publikoa eta bere profesionalak zaintzeko, planetarekin dugun harremana aldatzeko, lan eredu berriak asmatzeko eta esplotazioarekin eta prekaritatearekin amaitzeko, beste gai askoren artean. Hori dena da kanpainan zehar eztabaidatu eta hausnartu behar duguna, hori da gure politikarien lana, lan latza eta konplexua, baina baita polita eta zirraragarria ere. Bestela, kontinuismora kondenatuko dugu geure herria, akats berberak errepikatzera, eta aukera hori bururatzen zaidan bitartean, Iñigo Urkulluren algarak entzuten ditudala iruditzen zait, hori bai, uniformetasun tonu ezin hobean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.