Alizia Iribarren Andueza.

Euskaltegiak zabalik, geroa euskaraz eraikitzeko

2020ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Azken hilabeteetan, mundua gainera erori zaigula dirudien arren, AEKn jo eta su ari gara lanean, beste eragile asko ari diren bezala, betiko helburuak lortzeko: herritarrei euskalduntzen eta hiztun aktiboak izaten laguntzea. Helburu horiek lortzeko lanean jarraituko dugu, euskarak normalizazioaren bidean aurrera egin behar duelako; euskararen presentzia urritu egin da, eta orain da egoera iraultzen hasteko unea.

Beraz, matrikulazio-kanpaina honetan, AEKtik ezinbestekotzat jotzen dugu azpimarratzea euskara ikasteko prest zaudeten milaka herritarrok gure euskaltegietan euskara ikasteko aukera izango duzuela eta beti bezain seguru ariko zaretela.

Euskal Herri osoan, AEKreneuskaltegietako ateak zabalik dituzue; heldu da, berriro, euskaraikasteko garaia, euskara-maila hobetzen saiatzekoa eta euskara erabiltzen jarraitzekoa, lanean, lagunekin edo etxeko harremanetan, eta bide horretan laguntzeko prest gaituzue. Euskara ikasteko gogoa edo beharra baldin baduzue, ez galdu aukera, informa zaitezte gertuen duzuen euskaltegian.

AEKn, dagoeneko egokitu gara guztion bizimodua hankaz gora jarri duen egoera berezi honetara, eta gogotsu gaude ikasturte berria hasteko. Lanean segitzen dugu etor daitekeen guztiari irtenbiderik onena emateko, Euskal Herri osoan ditugun 100 euskaltegi pasatxoak egoera berezi honen aurrean beharrezko baliabideez hornitzeko eta prest egoteko.

Osasun-erakundeek ezarritako neurriak kontuan harturik, eta tokian tokiko egoerara moldatuta, euskaltegi bakoitzak bere plana egiten dihardu.

Euskal Herriko euskaltegi guztietan, matrikulazioa abian dugu, eta datorren ikasturtea hasten denean, urrian, zuen beharretara egokituriko eskaintza topatuko duzue: aurrez aurreko ikastaroak, autoikaskuntza eta online ikastaroak, barnetegiak... Gainera, egoera edozein izanda ere, zuen ikasprozesuak etenik ez izateko antolatzen ari gara.

Gure irakasle batek bik beste balio du: zuek ikastea nahi duelako eta bide horretan bidelagun fidela izango duzuelako.

Horretarako, AEK-ko irakasleok, dinamizatzaileok eta teknikariok prestakuntza berezia jasotzen ari gara, euskara eskolak ematekozein bestelako jarduerak antolatzeko modua bizi izaten ari garen egoerara egokitzeko asmoz.

Irakaslea hurbil izango duzue ikasleok, eta ikasprozesuan aurrera egin dezazuen arduratuko gara, zuek ikastea eta euskaraz bizitzea nahi dugulako.

Esperientzia, batetik, eta kideon pasioa eta gogoa, bestetik, lagun izango dituzue.

Beste alde batetik, erakunde askok euskara ikasteko dirulaguntzak ematen dituzte ikasleentzat; kasu askotan, ikasprozesua doakoa ere izan daiteke. Une honetan, euskaltegira hurbiltzen bazarete, inoizko babes ekonomikorik handiena izango duzue.

Azken egun hauetan, gainera, euskaltegira itzultzeko ilusio han-dia dagoela ikusten ari gara. Uda aurretik, gauza bera sumatu genuen, ikasturte honetarako aurrematrikulaldian ere bai, eta udan matrikulazioari eutsi diogu. Jarrai dezagun guztiok euskararen bidean aurrera!

Amaitzeko, euskaltzale guztiok, norbanakook nahiz eragileok, euskaltegietako matrikulazio-kanpaina sustatzera animatu nahi zaituztegu. Joka dezagun komunitate gisa, eta bultza dezagun jende-uholdea euskara ikastera, geroa euskaraz baitator.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.