Koldo Izagirre

Idazle dohakabearen Durango

2020ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Coffee Roasters baten erakusleiho bikainari zehar behakoa eginik jarraitu du aitzina gelditu gabe. Hiribarneko zintarriak autoek hartu dituzten lez inbaditu dizkio garunak hitz horrek, erakusleihok. Birritan jaitsi da makadamera poltsak zintzilik datozen oinezkoei leku egitearren. Bostetan jipoitu du Durango lotia inarrosteko borrokan ari den latinamerikarren nahierako musikak. Erakusleiho. Zelako amorrazinoa izen hoberik asmatu ezin hau eskaparatea adierazteko!

— Feriara nator, neure idazlea ikusi gura dut aurrez aurre. Zuk ere izanen duzu idazleren bat...

— Bai, ni neu!

Eta berant dabilela estakuru, itoka gisan hastandu zaio mitomanoari.

Oraino behintzat ez du libururik argitaratu, baina argitaratu diren guztiak irakurri ditu. Horrela daki idazle bakar bat egonen dela laster, Idazlea.

— Neu, bai!

Bihotzaren zolan umotua du lantzean behin jalgitzen zaion ziurtza lorios grazios kuraios hau, eta hauxe da Durangoko Feriara ekarri duena hain oker. Lekua dastatu, atmosfera pairatu, Idazle kategoriatik noizbait egin beharko dituen manerak beretzen hasi...

Kulturaren Erakusleiho ospetsua izan litekeela iduritu zaion biltegiaren atarian, mahaitxo bat sinaduraz eta zenbakiz betetako paperekin. Betaurreko xahar batzuk aldamenean.

— Idazleen betaurreko museoa sortu nahi dugu…

— Baina ni oraindinokarren ez naiz…

— Ehun euro eta zure izena sortzaileen zerrendan museoaren webgunean.

Paretak ere leiho dituen erakusleiho garratzean barneratu arau, hustasun espiritual durduzagarriaren erdian, esaldi kakofonikoz eta beren moduko aurpegiz alaitu ihauteri baten zirimolak bildu du builaka, marmarka, hotz, bero, garden, ilun...

Kultura da zerri honek behar duena. Hostolariak eska ari dira. Eta guk eman egiten. Zer edo zertarako gaude saiburuok. Kontsumogintza ikastaroak. Txorten berria mahai gainean. Inoizko hordiagnostikoena. Aukera ona kulturaren alokairuan. Gure industria estrategikoa da kulturan zein industrian. Estrapatetikoa. Hona hemen zemaitza. Kulturarena, zer bestela. Amaitua daukagu eztulkultura berriaren lege berriaren zirriborroa. Askatasun loteslea. Irakurle gutiago, erosle gehiago! KulturaSuztatzeko Zuzendaritza sortu dugu orain bi ordu. Sektore guztien gordezkariak gara. Eraikuntza gehialdiak, nire kontu. Tunelak eta guzti, kultur jangaiak promozionatzeko. Sakrifikzio handiak ari gara egiten. Durangoren garrantzia ukaezina da. Galdetu bestela gure sozio logoei. Ahalmen faktikoak, ahalmen faktikoak. Ontzientziaz frogatutako ikaragarrantzia. Hau baita garena egiten gaituen kultura!

Erakusleiho baino zatiaz mingarriago.

— Ken ezazue ahotik hitz hori, mesedez!

Urdaila su, garunak errauts.

— Hitz hori, kultura, ken ezazue ahotik!

Ondoeza egin zaio Idazle dohakabeari, besotan irten du bere burua kalera.

— Gure kulturaren erakusleiho ederra da Durango, ezta?

Telebista publikoaren lehen kalteko izarrak, zorabihozki so.

— Durangok badauka zer entzun eta zer ikusi.

— Adibidez?

Burua lepoan lotu ezinda kordokan eginiko urrats batzuk geroago, espektroa azaldu zaio hirugarren solairu hartarik beheiti sapailoko Humahuaca labeldun kaktus batek bultzatuta. «O, maisu!» esan behar zukeen, baina lotsatu egin da. Begirik gabeko begietan zehar mintzatu zaio Juan Rulfo.

— Ez idatzi entzuten eta ikusten duzunaz.

— O, maisua! Ni oraindinokarren ez naiz…

— Idatz ezazu zeuk bakarrik entzuten eta ikusten duzunaz.

Entzule bakar, ikusle bakar, idazle ez baizik Idazlea izateko zama ohoragarria, Maisuak berretsia. Horrelakoxe sari ederra jaso du Durangon.

— Alferrik etorriko zaizkit erreguka nire betaurrekoen dohaintza egin dezadan!

Eta kultura eraiki eta eraiki sakrifikatzea baino lau lerro eder idaztea garrantzi handiagokoa dela ustetuta, pozarren urrundu zaigu Idazlea Comalako bidean.

Gero eta hurbilago datozkiola ondotik, halarik ere, ihauteriko mozorro guztiak dantzari, kantari...

Kultura, kultura
kultura dugu jaki
kultura, kultura
kultura guk lubaki
kultura, kultura
eta ez edozein ardo
kultura, kultura
diru tipulak mardo...

Aurre egin die, harro bai harro, gure maitagarri dohakabeak.

— Erakusleiho? Salduleiho!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.