Katua eta sagua bezala

Aspalditik lehia handia dute Wout van Aertek eta Mathieu van der Poelek, eta igandean aurrez aurre izango dira berriro ere, ziklo-kroseko Munduko Txapelketan. Ruiz de Larrinagak nabarmendu du indarrak «inoiz baino berdinduago» dituztela.

Mathieu van der Poel eta Wout van Aert, lehian, duela bi urteko Munduko Txapelketan. MARCEL VAN HOORN / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Harrapaketan jolasten jarraitzen dute Wout van Aertek (Herentals, Flandria, 1994) eta Mathieu van der Poelek (Kapellen, Flandria, 1995). Urteak daramatzate bata bestearen atzetik segika, bi ume bihurri bezala, eta ez dute gelditzeko inongo intentziorik. Egiazki, ziklo-krosaren historian izan den lehiarik ikusgarrienetako bat ari dira osatzen. Hauspotu egiten ditu elkarren arteko jazarpen estuak, eta dagoeneko lorratz luze eta sakona utzi dute lokatzetan. Besteak beste, hiru bider irabazi du bakoitzak Munduko Txapelketa: 2016, 2017 eta 2018an Van Aertek, eta 2015, 2019 eta 2020an Van der Poelek. Bada, etzi lehia bizia izango dute laugarren titulua lortzeko, Ostendeko (Flandria) zirkuituan jokatuko den lasterketan.

Bietako nork du irabazteko aukera gehien? «Oso zaila» da jakitea Javier Ruiz de Larrinagaren ustez. Izan ere, ziklo-kroslari ohiak azaldu duenez, bi piztiek «inoizko denboraldirik parekatuena» egin dute orain arte. «Beste urte batzuetan, Van Aert hobea zen lokatzetan, indar handia behar zenean; eta zirkuitu azkarragoetan, berriz, Van Der Poel nagusitzen zen. Baina orain, dena askoz ere berdinduago ikusten dut. Oreka handia izan da azken lasterketetan». Van Aertek Munduko Kopa irabazi berri du, baina horri garrantzia kendu dio Ruiz de Larrinagak. «Ezin daiteke Munduko Txapelketarekin alderatu. Gainera, Van Aertek proba bat gehiago jokatu du».

Zirkuituak hareazko eta belarrezko zatiak dauzka. Bietako norentzako da egokiagoa? «Gakoa izango da korrika egin behar den ala ez. Alor horretan, Van Aert gehiago da, eta aldea atera diezaioke Van der Poeli. Baina hareazko zatiak bizikleta gainean igaro ahal badira, eta zirkuitua teknikoagoa eta azkarragoa suertatzen bada, aukera gehiago izango du Van der Poelek». Halaber, alor mentala ere erabakigarria izan daiteke. «Van Aertek hobe kudeatzen du Munduko Txapelketen presioa, eta orokorrean, lasaitasun handiagoz egiten die aurre une zailei. Van der Poel urduriagoa da, eta dena alde izan behar du hasieratik. Bestela, hondoratu egiten da maiz».

Herbeheretarrak 58 proba lehiatu zituen aurreko bi denboraldietan, eta soilik bitan egin zion ihes garaipenak. Aurten, berriz, hamahirutik lautan ez du irabazi; Van Aert aurretik izan du hiru aldiz. Alabaina, baliteke belgikarra beste urte batzuetan baino nekatuago iristea Munduko Txapelketara. «Iaz lesioa izan zuen, eta gutxi lehiatuta heldu zen. Eta beste urte batzuetan, errepideari begira aritzen zen ziklo-krosean, eta hartara, freskoago iristen zen bukaerara. Kontrara, ohi baino beranduago hasi da Van der Poel, eta horrek on egin diezaioke».

Errepidean ere, orpoz orpo

Historia egiteko aukera izango dute etzi, 1986az geroztik inork ez baititu hiru Munduko Txapelketa baino gehiago irabazi eliteko gizonezkoen kategorian. Zdenek Stybar 2010, 2011 eta 2014ko aldietan gailendu zen, eta hura ere irteerako marran izango da. Hala, lehen aldia izango da 1972tik gizonezkoetan titulua hiru bider lortu duten hiru ziklista ariko direna. Stybar, baina, ez du hautagaitzat Ruiz de Larrinagak. «Ez da lehengo bera, jada ez baitu ziklo-krosaburu-belarri prestatzen. Gainera, oso atzean aterako da, ez duelako punturik lortu». Bestalde, ez du uste Thomas Pidcockek ezustekoa eman dezakeenik. «Zirkuitu gogorrago bat beharko luke. Hirugarren izango da ziurrenik, baina kosta egingo zaio, belgikarrak abilagoak baitira zirkuitu teknikoetan». Euskal herritarrik ez da izango gizonezkoen lasterketan, ezta emakumezkoenean ere.

Munduko Txapelketaren ostean, ziklo-kroseko bizikleta ganbaran gordeko dute Van Aertek eta Van der Poelek, eta errepidekoa hartu. Diziplina horretan ere izan dituzte lehia ikusgarriak; esaterako, iazko Flandriako Tourrean zentimetro gutxi batzuengatik nagusitu zitzaion herbeheretarra belgikarrari. Edonola ere, Van Aertek zeresan handiagoa eman du orain arte; iaz, esaterako, Milan-Sanremo, Strade Bianche eta Tourreko bi etapa irabazi zituen, eta txapeldunorde izan zen errepidean nahiz erlojuaren aurka Munduko Txapelketan. Horiek horrela, bietako nork osatuko du aurrerantzean ibilbide oparoagoa? «Ikusi beharko da arreta non jartzen duten. Esaten da ea Van Aert zergatik ez doan Tourra lehiatzera, baina nire ustez, akats handia izango litzateke. Klasikoetarako sekulako gaia dute, eta ez lukete esperimenturik egin behar».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.