1 Formula

Errazena zirudienean

Ostiralean ekingo zaio 1 Formulako Munduko Txapelketari. Lewis Hamiltonek zortzigarren aldiz irabazi nahi du txapelketa, eta Michael Schumacher gainditu. Baina Mercedesen autoa ez da nahi bezala ibili orain arte egindako probetan, eta Red Bullek estu hartu nahiko du.

Mercedesen auto berria Bahrainen egindako probetan. LAT IMAGES.
Laurentzi Garmendia
2021eko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Asteburuan hasiko da1 Formulako Munduko Txapelketa. Azken zazpi denboraldietan nagusitasunez irabazi ostean, zortzigarrena ere Mercedesentzat izango dela pentsatu behar da. Batez ere gauzak ez direlako askorik aldatu azken urtean, eta alda zitekeena FIAk bere horretan mantentzea bultzatu duelako, kostuak mugatzeko. Beste urteetan, neguko probetan Mercedesek azken unean kendu du maskara, abiadura erakusteko. Aurten ez du nagusitasun itxura erakutsi, eta horri etekina atera nahi dio Red Bullek.

2021ak fikzio zinematik ekarrita ziruditen autoen urtea izan behar zuen. Autoen pieza guztiek 3D formako konplexutasuna hartu behar zuten. Baina denbora gutxian planak aldatzera behartu zuen pandemiak, eta aldaketa horiek eskatzen duten esfortzuak eta baliabideak murriztu egin zirenez, 2022ra atzeratzea erabaki zuten FIAk eta taldeek. Noski, taldeek ez zuten inolaz ere aurrikusia 2020rako arautegi zaharraren araberako autoekin jarraitzea. Ondorioz, iazko autoen gainean aldaketa gutxi batzuk adostu, eta haiekin lehiatzea erabaki zuten. Beraz, funtsean iazko autoekin ariko dira.

Zailtasun bikoitza

Horrek guztiak Mercedesen mesedetan egin beharko luke, haiek irabazi baitituzte azken zazpi txapelketak erreskadan. Talde egitura bere horretan mantendu dute, eta gidariak iazkoak dira. Hitzik baldin bada Mercedes deskribatzeko, hori egonkortasuna da. Horiek horrela, zortzigarren titulua dagoeneko haien izenean jar zitekeela zirudien. Baina iritsi ziren Bahraingo entrenamendu egunak, eta inoiz gertatu ez dena hantxe gertatu zen. Mercedesek zailtasunak ditu, eta oraingoan benetakoak dirudite.

Arazo horien atzean bada zergati bat, eta bada larriagotu egiten duen beste arrazoi bat. Arazoa FIAk eragin du, eta larriagotzea ere FIAren erabaki baten ondorio da. Nahiz eta araudiak iazko autoetan oinarrituak diren diseinuak erabiltzera behartzen dituen, aldaketa batzuk beharrezkoak dira araudian izan direlako aldaketak. Bereziki, autoaren atzealdeko zoruan mugak jarri ditu, itsaspena mugatzeko asmoz. Horrek zoru lauari eragiten dio, gurpilen aurrealdean eta difusore inguruan. Mercedes oso auto eraginkorra zen atzealdeko ardatzean, eta, horri esker, pneumatikoak ondo zaintzen zituen. Red Bull autoan, berriz, atzealdearekin oso sentibera izan behar zuen gidariak, eta ez zen batere auto erraza mugara gerturatzean. Mercedesek asko galdu du aldaketa horrekin. Araudi aldaketa hori izan da haien arazoa. Hori gutxi ez, eta badirudi Red Bullek bere arazoa konpondu duela.

Egoera larriagotu duena proba egun kopuruaren murrizketa izan da. Lehen aldiz bere historian, 1 Formulak hiru proba egun bakarrik programatu ditu denboraldia hasi aurretik. Teorian, oinarria iazko autoak izanik, sendotasunak ziurtatua egon beharko luke. Baina Mercedesek lehen egunean aldagailuarekin arazoak izan zituen, eta apenas eman zuen itzulirik goiz osoan. Orain arte Mercedes beti izan zen proba egunetan lehen minututik arazorik gabe itzuli mordoa betetzen zuen taldea. Bainagaldutakoa berreskuratzeko apenas aukerarik dagoenean,txapeldunek zailtasunekin topo egin dute.

Hori aprobetxatzeko, Red Bull dago kiniela gehienetan lehen postuan. Sergio Perezekin, teorian, gidari parea sendotu dute; eta, gainera, autoak itzuli asko osatu ditu, sendo bezain azkar. Iazko azken lasterketa erraz irabazi zuten. 1 Formulan ez dago berehalako arrakastarik, baina bai joera baten jarraipena, eta Red Bullek goranzkoan dirudi. Bi taldeon artean izango dira lehia gehienak, teorian behintzat bi gidari indartsuenean artean. Benetako lehia gutxi izan da orain arte Verstappenen eta Hamiltonen artean; irabazi dutenean, ahalegin handirik gabe egin dute. Ederra litzateke Hamiltonen azken urtea izan daitekeen honetan bien arteko lehia estuak ikustea.

Gainerako taldeek beste lehia bat izango dute, beste maila batean. McLaren Mercedes motorretara itzuliko da, nolabait onartuz inoiz ez zutela banatu behar. Ondo aritu dira Bahraingo probetan, eta hondoa jo zutenetik gorantz doaz. Vettelek Aston Martinekin ekin nahi dio bere birgaitze prozesuari. Gogoratu behar da Mercedesen autoa dutela oinarri. Iaz Sergio Perezekin lasterketa bat irabazi zuten, Racing Point izena zutenean. Renaultek ere izena aldatu du, eta Alpine deitzen da orain. Fernado Alonsoren itzulera da haien berrikuntza nagusia, baina ez dirudi espainiarrak podiuma askotan zapalduko duenik. Ferrarik iazko urtea ahaztu nahi du, eta garai bateko distira berreskuratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.