Elbatik itzuliko da

Frantziako politikaren lehen lerrora bueltatuko da Sarkozy, UMPko buruzagi izateko hautagaitza aurkeztuta azaroan.

Ustelkeria egotzita, inputatuta dago

Mikel Rodriguez -

2014ko irailak 20
Nicolas Sarkozyk Frantzian presidentetza hartu zuenean, haren arerioek maiz Napoleon Bonaparte enperadorearekin konparatu zuten satirikoki: txikiak, anbizio handikoak, egolatrak eta Frantziaren etorkizuna haien eskuetan zeukatela sinetsiak. Alain Duhamel kazetariak 2009an La Marche Consulaire (Martxa Kontsularra) liburua argitaratu zuen konparazio hori arrazoitzeko. François Fillon Sarkozyren lehen ministroak orduan erran zuen alderaketak «irrigarriak» zirela eta historiak erakutsiko zuela «oker» zeudela. Sarkozyk berak, ordea, arerioei satira berpizteko motiboa eman die. Uztaileko inputazioak presidente ohiaren etorkizun politikoa lurperatuko zuela uste zuten anitzek, baina, Napoleon Elba uhartetik itzuli zen bezala, Sarkozyk ere jakinarazi du politikaren lehenbiziko lerrora bueltatu nahi duela.

Eta, Napoleonek duela 200 urte egin bezala, Sarkozyk ere Frantzia salbatzearen izenean arrazoitu du itzulera. «Gehiegi maite dut Frantzia», adierazi du Facebooken daukan orrialdean. «Eztabaida publikoarekin eta herrikideen etorkizunarekin grinaz gainezka nago; hortaz, ezin diet utzi soilik aukera dezaten orainaldiko ikuskizun ernegarri horren eta irteerarik gabeko bakartze baten artean». Izendatu gabe, François Hollande presidenteari eta Marine le Pen FN Fronte Nazionaleko buruari egin die aipamen.

Izan ere, Sarkozyren itzulerak dezente astin lezake Frantziako politika. Hollanderen ospea agintea hartu zuenetik inoizko maila apalenean dago; Manuel Valls haren lehen ministroa ere aitzinetik dauka inkestetan, eta, zundaketa horietan, Le Pen eskuin muturreko liderra ageri da buruan. Eskuinean, berriz, UMP; nora ezean dabil 2012ko porrotaz geroztik.

Hain zuzen, Sarkozyk iragarri du UMPren buruzagitzarako hautagai izanen dela bi hilabete barru egitekoa den kongresuan. Joan den hamarkadan, UMPk eskuin muturraren gorakadari aurre egiteko aurkitu zuen errezeta arrakastatsua izan zen Sarkozy, eta, bide batez, ezkerrean ezinikusi sakona eragin zuen. Eskuindarren artean ospea dauka Sarkozyk, baina itzuleran traba bat baino gehiago aurkituko ditu.

UMPn, Alain Juppe arerio

Lehenbizikoa, etxean bertan, Alain Juppe lehen ministro ohi eta Bordeleko auzapeza ere aurkeztuko baita UMPko buruzagitzara. Eta traba nagusia, berriz, justizian dauka, influentzia trafikoa, ustelkeria aktiboa eta sekretu profesionalaren urratzea estaltzea egotzita inputatuta baitago, Eliseora eraman zuen hauteskunde kanpainaren finantzaketaren ikerketa dela eta. 2017an dira presidentetzarako hauteskundeak, eta Sarkozyren auzibideak gutxienez urte eta erdi iraunen du. Waterlooren mehatxua, beraz, gainean edukiko du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Mikel Rodriguez

Informazio osagarria