Euskara eta balioak

2020ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Mundua ikusteko moduak dira hizkuntzak, bizitzaz ikuspegi berezitu eta bakarrak emateko baliabideak. Hizkuntzek oinarri-oinarrian balio berdinak dituzte: errepresentazioa eta esanahia. Baina, oinarrizko balioez gain, balio sozialak eta funtzionalak ere badituzte; ez denek, ordea, behar den indarrez eta osotasunez. Balioen garapen integrala gakoa da hizkuntzaren bizi-indarrerako. Era horretara, hizkuntza guztiek behar dute beren eremu propioa, balio horiek guztiak gauzatzeko, aurrerago ikusiko dugunez. Eremu hori ez da bakarrik hiztun komunitatea eta bere lurraldea; horrez gain, eremu horretan balio sozial eta funtzionalak gauzatzeko elementuak behar dira: transmisio-kultura, identitatea, kohesioa, erakundeak, hizkuntza estandarra, komunikazio sarea, baliabideak, iruditeria... Horiek osatu beharko lukete balio sistema edota eremua.

Kulturaren eta hizkuntzaren artean aldebiko harremana dago: alde batetik, hizkuntza produktu kulturala da, eta, bestetik, hizkuntzak kultura eraikitzen parte hartzen du. Hizkuntza kulturaren adierazpide unibertsalena dela esan genezake. Era horretara eraikitzen da identitatearen balioa.

Hizkuntza gauzatzea bera hasieratik da zirraragarria eta misteriotsua, baita zientzialarientzat ere. Ikerketa-gai garrantzitsua da, adibidez, buruko gaixotasun degeneratiboak ulertzeko. Honela deskribatzen du hizkuntza naturalaren prozesua Itziar Laka hizkuntzalariak: Hizkuntza berez datorkigun zerbait dela uste dugu, eta erraz sortzen dugula, arnasa hartzea edo oinez ibiltzea bezala. Baina, dirudien baino askoz eragiketa konplexuagoa da hitz egitea. Hitz egiten ari garenean, adierazi nahi ditugun esanahaiak hizkuntza forma bihurtzen ditugu. Era berean, hizkuntza hori ulertzeko, gure begi/belarriek seinale bat dekodifikatu behar dute lehenengo, horri dagokion hizkuntza forma aurkitu eta hizkuntza forma horrek daraman esanahia jaso. Hori guztia burmuinak egiten du, baina, prozesu horretan eragina daukate beste hamaika faktorek.

Hizkuntzek, hiztunek bezala, baldintza jakin batzuk behar dituzte osasuntsu garatzeko. Munduan bi joera nagusi daude kultur aniztasunari dagokionez: A) bateratzailea, eta kultura aniztasuna murriztu eta ezabatzen duena, kultura eta hizkuntza ahulen kaltetan, eta b) kultura aniztasuna zaindu eta garatzen duena, beti gatazken erdian eta botere harremanen borrokan bizirauten aurkitzen dena.

Horren arriskuaz jabetuta, Unescoren kultur aniztasuneko adierazpen unibertsalak honela dio printzipioetan: Kultura forma desberdinak hartzen ditu denboraren eta espazioaren bidez. Aniztasun hori gizateria osatzen duten talde eta gizarteen ezaugarri diren identitateen originaltasunean eta aniztasunean agertzen da. Truke, berrikuntza eta sormen iturria izaki, kultur aniztasuna bizidunentzako dibertsitate biologikoa bezain beharrezkoa da giza generoarentzat. Alde horretatik, gizateriaren ondare komuna da, eta gaur egungo eta etorkizuneko belaunaldien onerako onartu eta finkatu behar da.

Munduan 6.000 hizkuntzatik gora daude. Hizkuntzen % 95ek milioi bat hiztun baino gutxiago dauzka, eta% 50ek 10.000 hiztun baino gutxiago. Mundu osoan zehar 300 milioi lagun inguruk (populazioaren % 5, gutxi gorabehera) oraindik ere identitate sendoa dute kultura indigena baten kide gisa. Hizkuntza gehienak ez dira idazten, eta ez dira hezkuntza antolatuan edo komunikabideetan erabiltzen; ez zaie aitortzen estatu hizkuntzaren mailarik. Munduko hizkuntzen erdia desagertzeko arriskuan dago.

Hiztun kopurua ez da faktore erabakigarria hizkuntzen iraupenean. Kitxua hizkuntza indigenak, adibidez, 10 milioi hiztun ingururekin, zalantzan dauka etorkizuna, besteak beste, instituzio ezagatik. Islandierak, berriz, hiztun kopuru txikia du (320.000 hiztun), baina hizkuntza moderno batek behar dituen balio guztiak ditu, estatua barne, indartsu jarraitzeko. Gaelikoa beste egoera batean dago, badu estatua eta baditu instituzioak, baina ez du hiztun komunitaterik, eta ahulezia handiak ditu, ez baita erabiltzen egunerokoan.

Euskararen baitan balioen eragina ikus daiteke, lurraldez lurralde garapen eta estatus desberdina izaten ari baita. Herrialdez herrialde eman diren urratsak lege bakoitzaren garapenaren testuinguruan desberdinak izan dira, eta esan genezake, zalantza izpirik gabe, datuak hor baitaude inkesta soziolinguistikoz soziolinguistiko ikusten denez, EAE dela euskararen normalizazioan aurrerapen sendoena izan duena oro har; eta Euskal Herri mailako arnasgune bihurtu da, era horretara. Nafarroan ezagutza gora doa, zailtasun handiekin betiere, eta Iparraldean arrisku egoeran jarraitzen du.

Euskara batuak batasunaren balioa ekarri zion euskarari, baita modernizatzeko eta garatzeko gaitasuna ere, duela 55 urte. Beste balio bat ere erantsi dio euskarari: balio sozio-teknikoa. Dispositibo sozio-teknikoa da euskara batua, komunitatea eraikitzen du eta komunitateak eraikitzen du, ez da familiarteko edota belaunaldiarteko ahozko transmisiora mugatzen, hizkuntza indigenei gertatzen zaien eran. Mundu bat eraiki da euskara batuarekin eta mundu bat eraiki du euskara batuak. Dinamikoa den mundu bat da, eta egunez egun, ikerketa, garapena eta zaintza eskatzen ditu.

Hortaz, zerk ematen dio bizi indarra hizkuntzari eta hiztun komunitateari aro modernoan garatzen jarraitzeko? Balio guztiek ematen diote sendotasuna, hala nola: a) komunikazioa, identitatea, kohesioa, transmisioa, batasuna... bezalako balio sozialek; b) hedabideak, hezkuntza sarea, sozioekonomia, legedia, politikak, akademia... bezalako balio funtzionalek; eta c)idazketa, teknologia, arauak, Internet, hiztun sarea... bezalako balio sozio-teknikoek.

Batek baino gehiagok pentsa dezakeenaren kontra, euskararen aldeko politika integralak garatzen jarraitzea ezinbestekoa da, eta ez da inondik inora diskriminatzailea; alderantziz, aipatutako balio guztiak behar ditu bizi indarra bermatua izateko. Benetan diskriminatzaileak kultura homogenotasuna sustatzen duten politikak dira, aniztasunaren eta aberastasunaren kaltetan gauzatzen baitira. Hizkuntzaren balio guztiak garatzen dituzten politikak behar ditugu euskararentzat, haren lurralde osoan, kultur osasunaren eta aniztasunaren izenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.