Ergatiboa

2020ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Nork-nori-zer; Nork-nori... Hauteskunde garaiotan aditzen den hizkera, errepikakorra izateaz gain, berez faltsua dela ematen du; eskerrak euskaldunok iruzur horri antzemateko ergatiboa dugula.

Betiko hitzak entzun beharrak, leloak eta propagandak, bizitutakoaren oihartzunak ekarri arren, ez bide dituzte aintzakotzat hartzen duela gutxi arteko bizipen eta eskarmentuak; larrialdi egoerakoak, adibidez.

Zaharrak berri izeneko eskema komunikatiboan murgiltzen gaituzte hauteskundeek, eta, bizitzarako funtsezkoak diren hitz eta ekintzen aurrean jarri beharrean, hitzak betiko tokitik datoz. Alderdi politikoen ohiko eskaintzak eta ekintzek bere horretan diraute, ezer gertatu izan ez balitz bezala. PPk erantzunak, PSEk erantzunak... EH Bilduk ere erantzunak promesten dizkigu. EAJk, berriz, Euskal Herria zutik nahi du, gobernu autonomikoaren propaganda instituzionalaren araberako leloa erabiliz.

Baina nork erantzun behar du?Herriak, jakina, ez alderdi politikoek. Herriari galdetu behar zaio eta hark erabaki behar du, baina ez alderantziz.

Ekolaliak komunikazio ezaren sintomak dira. Pertsona batek ozenki etengabeko hitz jarioaren errepikakorra erabiltzen duenean, logopediaz harago doan psikopatologiak ekolaliaz joa dagoela dio.

Horri off-eko ahotsa deritzot askotan, zeren errepikatzen diren leloak kanpotik eragindakoak izan ohi dira, eta eguneroko zereginekin zerikusi handirik ez dute. Hauteskundeen aurrean agertutako promesa haiek ekolalia sintomak direla esan nezake. Hau da, komunikazioa eta argibiderik bilatzen duten diskurtsoak baino gehiago etengabeko errepikapenak besterik ez dira.

Gizarte mailako arazoek, ordea, hurbilpen politiko edo filosofikoa behar dute, ez psikologia edota ekolaliarik. Areago, nazio askapenaren bidean, non zer galdetu eta zer ez, erantzunaren bidez nork erabaki behar duen dagoen auzia.

Galde diezaiotela kataluniar herriari, esaterako. Haien azken hauteskunde autonomiko guztietan herriaren erabakia eta erreferenduma egon dira kanpainaren ardatzetan.

Beste adibide bat aipatzearren, honezkero saharar herriari Nazio Batuen Erakundeak bere egoera politikoa definitzeko erreferendumerako aukera onartu badio ere, Marokok ez du eskubide hori gauzatzen utzi. Horren truk, aldiz, sahararrei barne mailako autonomia eskaintzeko prest egon daiteke hango monarkia. Auzia, berez, arazo politikoa da: guztiz zilegizkoa bezain demokratikoa den autodeterminazio eskubide politikoaren ukapenak gizarte gatazka iraunarazten duela, eta, horrekin batera, herriari botere politikoa ebatsi egiten zaiola .

Baina gizarte gatazka dagoenean ezin gara sintomatan geratu, ezta patologizatu nahi izaten denean ere. Estatuaren gobernuak Euskal Herriarekiko daraman bere gutxiagotze politikak (tokian tokiko kulturen zapalketaz gain, administrazio autonomoaren bidezko herri desegituraketa eta guzti) ez da ezertan aldatu, eta nazio gatazka dena ezkutatu nahi izaten segitzen du.

Arazoaren ukapenak, horrela jarraituz gero, herriari bere erabakitzeko eskubidea lapurtzen dio.

Gurera itzuliz, hauteskunde autonomikoetan independentziaren aukera deabruaren asmoa bailitzan aurkeztea eta bere horretan baztertzea politika egiteko baldintza gisa, aspaldiko joera zaharberritua dugu. Baina alternatibarik gabeko inposizioek ez dute baliorik. Komunikazioa bilatzen ez duen kritika eskasak edo gaiztoak, gutxiago. Izan ere, gizarte sufrikario gehiegi izan dugu eta daukagu jokoan.

Igandeko arratsaldeetan telebistari begira izaten dugun segurtasun sentimendu txarra baino askoz hurbilago dago errealitatetik inoiz ezer bermatuta ez dugula sentitzea.

Kritika errealitatearen hautematea da, ezer baino lehenago. Baina ez dut hitz egiten zentzu moralean. Gure betiko ohiturak zalantzan jar ditzakegu, edo gertatutakoaren ondoren errealitate zaharrera itzuli nahi ote dugun zalantzan jarri. Berrasieratzen ari gara oraingo honetan eta honek guztiak erronka izaera du. Egoera honek zero ordutikzerbait du niretzat. Horregatik guztiagatik diot, politikarako, bizitzen ari garen bezalako historiako zero orduak ez direla nahitaez ezer negatibo, baizik eta errealitatearen benetako helmugarako bidea. Lurra oinen azpian sentitu dugu berriro.

Larrialdi legeak erabateko adostasunean gauzatzen badira, exekutiboaren ordua izaten dira. Eta botere betearazlean batzuetan konfiantza izan dezakegu, eta bestetan ez. Horrek gure bereizteko gaitasuna entrenatzera behartzen gaitu. Gure agintarien konfiantzari buruzko galderak egin behar dira: «babesten dut, beraz, banaiz» esaten duena tirano gisa edo konfiantzazko norbait bezala har daiteke. Kontzentrazio historiko handiko unea da bizi duguna, hondamendia ezagutu ondoren irteerak bistaratu behar ditugu.

Irteera horiek ezagutzea lan poetiko bezain politikoa da, larrialdi irteera bat ez baita izaten askotan larrialdi-irteera dioen kartela duen atea, hitzek engainatu ohi baigaituzte. Mundua gure ohiko mundutik kanpo imajinatu ahal izatearekin zerikusia du honek.

Aukerak ikusten saiatzen naiz, bizitzeko gramatika indartzen saiatzen naiz, hizkuntza grekoaren (desira adierazten duena) hautazko moduak edo gure hizkuntzaren kasu ergatiboak, lan egiteko moduei buruz gogoeta eginarazten baitigute. Aditz trantsitiboak hitzak ekintzak bihurtzen baititu.

Kontsumo gizarte batetik ekoizpen gizarte askea izatera pasatzeko aukera bat izango litzateke hau; izan ere, badakigu hondamendiak geldiarazteko dikeak jarri behar ditugula lehenbailehen eta elkartasun mota berriak garatu behar ditugula ondoren, gure gizartearen oinarriak berreraiki behar ditugulako; herriak erabaki dezan, ez alderdi politikoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.