Hizkuntza murgilketaren eredua

2021eko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Ikasturtea bukatuta dagoela, euskal hezkuntzako hizkuntza ereduen inguruko eraginkortasunaren inguruan hausnarketa sakona egin beharra dago; izan ere, Eusko Jaurlaritzak Eustaten argitaratutako datuen arabera, 2020/2021 ikasturtean Euskadin derrigorrezko eta derrigorrezkoak ez diren etapetan eredu euskalduna (D eredua) arrakasta handiena izan duena 255.763 ikasle ikasi baitute beraien ikasketak osotasunez euskaraz. Eredu erdaldunean (A eredua) 55.259 ikasle eta bitartekoan (B eredua) 67.449 ikasle. Datu horiek agerian ikusten dute gaztelaniaz ikasteko matrikulazioen datuak oraindik oso sarriak direla, batez ere Batxilergoan eta Lanbide Heziketako zikloetan. Arrazoien artean izaten dira euskaraz ikasteko eskaintzak eskasak direla aipatutako hezkuntza maila gorenetan edo itunpeko ikastetxe askotan D ereduaren aldeko apustua ez dela egiten. Hortaz, euskal hezkuntzako etapa guztietan euskalduntze prozesua eraginkorra izateko, hurrengo aldaketak gauzatzeko beharra dago:

Lehenik, ikastegietan eskaintzen diren hizkuntza ereduei erreparatuz, sare publikoan D eredua da eskaintza nagusia duena. Hala ere, badaude herri batzuetan A eta B eredua eskaintzen duten eskola publikoak, nahiz eta haietan eskaera oso eskasa den. Horregatik, matrikulazioak kontuan hartuta, ikastetxe publikoek soilik arrakasta handiena duen eredu euskalduna eskaini beharko lukete. Bestetik, Itunpeko ikastetxeei dagokienez, A eta B ereduetakoak dira gehienak —Ikastolen Elkartekoak kontuan hartu gabe—. Hori dela eta, desoreka nabaria dago Euskal Herrian sare publiko eta itunpeko eskolen eskaintzen artean euskaraz ikasteko orduan. Argi dago itunpeko ikastetxeek interes pribatu batetik bere hezkuntza eskaintza plazaratzen diotela gizarteari, baina milaka haur jasotzen dute bere baitan, eta gizartearen eragile garrantzitsuak dira. Beraz, eskola horiek ausardia izan behar dute euskalduna eta eraginkorra den D eredua eskaintzeko euskalduntze prozesuaren onurarako.

Bigarrenik, kezkagarria da ikasle batzuek duten joera herri batzuetan Batxilergoa A ereduan ikasteko aurreko hezkuntza etapetan D ereduan ikasi duten arren; adibidez, Barakaldoko Udal Goreneko hezkuntza arloko zerbitzu teknikoak idatzitako Matrikulazio txostena 2020-2021 ikasturtea izeneko idazkian, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan A ereduan 195 ikasle matrikulatuta zeuden, eta D ereduan, 1.536 ikasle. Batxilergoan, ordea, datuak ezberdinak dira; A ereduan 536 ikaslek ikasi dute, eta D ereduan, 446 ikasle. Aipatutako egoera hori ohikoa da batez ere eremu erdaldunetan, eta horrek adierazten du hezkuntza euskalduntze prozesuak ez duela funtzionatzen hainbat udalerritan; izan ere, nahiz eta gehienbat ikasleek derrigorrezko etapetan D ereduan ikasten duten, kopuru handi batean itunpeko ikastegietara joateko joera dute, horietako batzuek A eredua eskaintzen baitute. Ondorioz, erakunde publikoen jarrera bestelako izan behar da, ez baita inolako kanpainarik egiten derrigorrezkoa ez den Batxilergoko ikasketak ere euskaraz egiteko, eta horrek kontraesana ipintzen du hainbat udalek egiten duten apustua derrigorrezko etapa euskaraz ikasteko.

Hirugarrenik, Lanbide Heziketari dagokionez, azken urteetan heziketa zikloak euskaraz izateko bultzadak egin diren arren, eskaintza oso eskasa da, eta orokorrean gaztelaniaz dira gehienak. Eustaten datuen arabera, Euskadin ikastetxe publiko eta itunpekoen datuen batuketa eginez, guztira 2020/2021 ikasturtean A ereduan18.090 ikaslek ikasi zuten Lanbide Heziketako zikloren bat. Aldiz, D ereduan, 9.321 ikasle. Hortaz, eginbeharra dago erakundeen aldetik Lanbide Heziketa euskalduna izateko; izan ere, ikasle gehienek beraien ikasketa prozesuan euskaraz ikasten dute, baina derrigorrezko etapa bukatzerakoan, gehienetan ogibidea gaztelaniaz ikasteko aukera bakarra dute, eta horrek ondorio kaltegarriak ekar ditzake. Adibidez, ikasitako ogibideetan gaztelania erabiltzeko joera izatea. Gainera, ikasle askoren ama-hizkuntza euskara da, baina zoritxarrez nahi duten zikloa beraien hizkuntzan ikasteko aukera ez dute ziurtatua; horrenbestez, hizkuntza eskubide urraketa bat dago.

Laburbilduz, hizkuntza ereduen matrikulazioak eta eskaintzak ikusita, D ereduaren arrakasta nabarmena da, baina aurreko irakurketa egin ondoren, hori ez da guztiz egia; ikasle ugarik ibilbide akademikoaren amaierako ikasketak A ereduan garatzen baitituzte. Horregatik, erakundeen aldetik murgiltze-ereduaren indarketa sakona eta eskaintza erakargarria egin behar da; izan ere, ikerketek erakusten dute soilik murgiltze sistema batean eskolatutako haurrak gai direla Euskal Herrian dauden bi hizkuntza ofizialetan eraginkortasunez moldatzeko. Beraz, agortuta daude indarrean diren hizkuntza ereduak, eta Euskal Herriko hezkuntza legean euskarazko hizkuntza murgilketa eredu bakarra araututa egon beharko da, elebitasuna bermatzearekin batera derrigorrezkoa eta derrigorrezkoa ez den hezkuntza maila guztietan euskaraz ikasteko eskubidea guztiz ziurtatuta egoteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.