Gure esku!

Egoitz Urrutikoetxea eta Terexa Lekunberri
2022ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Azken urteetan herritik eta herriarentzat egin urrats guziek jendartearen bilakaera ezin argiagoa eragin dute. Egun, bestelako jendartearen aldeko hautua ez da utopia soila, baizik eta egunerokoan eraikitzen ari den errealitatea. Izan laborantzan, kulturan, hizkuntzaren sailean, ekonomian, sail sozialean, ingurumenaren zaintzan ala elkartasuna ardatz duen herritarren arteko elkarbizitzan, bestelako Euskal Herri bat irudikatzen duten proiektuen indarra sekula baino agerikoagoa da.

Haizea kontra genuela egin dugu bide. Zenbat min eta sufrikario. Baina zenbat une bozkariagarri eta zorioneko. Borroka bidearen alde gogor eta samurrek egin gaituzte garen bezalakoak. Elkartasunaren indarra hezur-haragietan daramagu. Eta elkarrekin eskuz esku aritu beharra dugu iparrorratz. Herritik, herriarekin eta herriarentzat.

Hauteskunde legegileetara aurkeztea urtean zehar eramaten dugun lanaren jarraipena baizik ez da. Egunerokoan pairatzen ditugun arazo eta agertzen zaizkigun behar ezberdinei aterabideak guhaurek eraiki behar ditugula ikasia dugu joan den aspaldian. Baina hauteskundeak ere badira horiek guziak aipatzeko eta beharrezkoak ditugun gainerateko urraspideen aldarrikatzeko mementoa.

Deigarria da egungo egunean alderdi guzietako hautagaiek, izan ezkerrekoak ala eskuinekoak, nola proiektu horietarik gehienen alde agertzen diren, agertu beharra duten, Ipar Euskal Herrian politikoki existitzeko. Gaur Euskal Herriko Laborantza Ganberako ekitaldi batean, bihar Herri Urrats besta kari, etzi gatazkaren konponbidearen aldeko elkarretaratze batean, hautetsi eta hautagai guztientzat argazki eta selfien egiteko ezin hutseginezko hitzorduak dira bilakatu. Urteetan egin lanaren emaitza da lerroak hainbesteraino mugitu izana. Eta ezin dugu ukatu bozkariagarri zaigunik. Haatik, hozka bat harago joateko mementoa jin zaigu.

Egin urrats horiek guziak egonkortzeko eta indartzeko gisan, erabakiak herritarrenganik ahal bezain hurbil hartzea beharrezkoa zaigu. Behetik gora eraiki eta errotu diren proiektu herritar horiek guztiek instituzioen sakoneko aldaketa bat beharrezko egiten dute. Lurraldeek aspaldian frogatua dute errealitateetarik hurbilen aurkitzen diren erabakiguneen eraginkortasuna.

Aldaketa instituzional horiek sustatzeko, eta egunerokoan eraikitzen ari diren alternatiba zehatzak egonkortzeko, EH Bairen ordezkariak Pariseko asanbleara igortzea inoiz baino beharrezkoago zaigu. Zergatik kopiak hautatu originalak igortzeko manera badelarik?

Haatik, ez dezagun ahantz nondik heldu garen. Ez dezagun ahantz ekinbideen eta borroka bideen osagarritasunaren funtsa. Ez daitekeela aitzinamendurik instituzioetan herritik eta karrikatik pusatzen ez baldin badugu. Eta karrikatik arituz soilik ibilbide laburra dukegula egin urratsak egonkortzeko instituzioen babesa lortzen ez baldin badugu. Karriketan eta herri mugimenduetan behar dugu zango bat, eta instituzioetan bigarrena. Ahantzi gabe iparra herriak duela karrikan marrazten.

Gure ibilbide luzean zerbait ikasia baldin badugu, honako hau da: Parisetik ez zaigula sekula deus onik jin. Bertikalitatean eta berdinkerian oinarritzen diren erabakien zehar-kalte eta desmasiak ongi asko ezagutzen ditugu.

Hargatik, aterabideen beha egon orde, alternatiba eta proiektuak lekuan beretik eraikitzeko hautuak bide bat erakusten digu, Ipar Euskal Herrian bezainbat baliagarri dena gainerateko herri eta eskualdeetan. Lekutik beretik arituz gauzak beste gisa batez egin daitezkeela, herritarren eta herriaren zerbitzuko. Globalak diren erronkei lekuan-lekuan erantzuteko hautua da gurea.

Aldi berean, jabetzen gara egungo egunean legeak Parisen biltzar nazionalean egiten direla. Hortaz, lekuan berean eraiki proiektu herritarrak indartzeko, hauspotzeko, lege babesa lortzeko eta zuzenkontrakoak zaizkigun legeak aldatzeko, Parisen eragin beharraz jabetzen gara. Geure buruak guhaurek ordezkatu ditzagun.

Kuraia politikoa behar da demokraziatik deus guti duen zentralismotik urruntzeko. Ohargarri da azken urteetan Ipar Euskal Herrian peko errekarako bidea hartu duten Pariseko alderdi frantsesen sukurtsalek oraindik ere pentsatzen dutela salbazioa Parisetik jinen zaiela.

Gure pentsamoldearen eta eginbidearen grabitate zentroa herrian berean dugu, eta ez Parisen. Ez dugu alderdi interesen edo gutxi batzuen mesedetan hartzen diren erabakien petzero izan nahi. Goitik beherako logikak, izan eskuinean ala ezkerrean, herritarren eta lurraldeen mespretxua adierazten du. Ezin daiteke aldaketa iraunkorrik edo alternatiba sendorik eraiki lurraldeetako errealitateen abstrakzioa eginez.

Lekuko aldarrikapenak eta gure lurraldearen sentsibilitatea ordezkatzeko hautagaitza da gurea. Macronen ereduari alternatiba eraginkor sendoa eraikitzeko hautua da gurea. Ipar Euskal Herrian aldaketarako indarrak biltzeko gai izan garen bezala, hauteskunde legegileetan aldaketaren indarra ordezkatzeko gai izanen gara. Hortaz, ekainaren 12an eta 19an hautes-bulegoetan ematen dizuegu hitzordua, eta, ekainaren 20tik aitzina, aldiz, Ipar Euskal Herriko karriketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.