Bat, estu eta larri; bestea, aise

Osasunak luzapenean irabazi dio Gimnastici (1-2). Athletic erraz nagusitu zaio Eldenseri (1-6). Espainiako Kopako final-zortzirenetan ariko dira Realarekin eta Alavesekin batera

Athleticeko jokalariak, lehen gola ospatzen, atzo, Eldan. MORELL / EFE.
Iñaki Berastegi - Julen Etxeberria
2023ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Euskal taldeentzat biribila izan da Espainiako Kopako final-hamaseirenetako kanporaketa. Lauk jokatu dute, eta laurek egin dute aurrera: Realak, Alavesek, Osasunak eta Athleticek. Bihar 13:00 inguruan jakingo dute noren aurka jokatuko duten final-zortzirenetan bi aste barru.

Osasuna eta Athletic izan dira azkenak sailkatzen, atzo. Biek Herrialde Katalanetan irabazita egin zuten urratsa: talde gorritxoa Gimnastici nagusitu zitzaion Tarragonan, luzapenean: 1-2; zuri-gorriak, berriz, erraz hartu zuen mendean Eldense, Eldan: 1-6.

Osasunak egin zituen lehenbizi etxeko lanak, gogotik kostata bada ere. Neurketa kontrolpean izan ostean, Jagoba Arrasateren taldea lokartu egin zen, eta sufritu egin behar izan zuen Gimnastic kanporatzeko. Neurketa bana amaitu eta gero, luzapenean Eric Montesek bere atean sartutako golari esker egin zuen aurrera Osasunak.

Neurketako lehen aukera Osasunarena izan zen: korner bat luze jokatu zuen Ruben Garciak, eta Chimy Avilaren bolea indartsuak zutoinarekin topo egin zuen. Berehala, jokaldi nahasi batean, iritsi zen gorritxoen lehen gola: baloia area barruan batera eta bestera ibili ostean, Kike Garciari iritsi zitzaion penalti puntuan, eta ez zuen huts egin: 0-1, 15. minutuan. Bosgarren gola du Kopan. Hortik aurrera, Osasunak zailtasunik gabe kontrolatu zuen lehen zatia.

Zuen aldearekin konformatuta, Osasunak neurketa kontrolatu baino ez zuen egin. Korner batean, ordea, Pablo Fernandez gai izan zen partida berdintzeko: 1-1, 77. minutuan. Gainera, Lupuk kontraeraso batean ez zuen urrun izan 2-1ekoa. Dena den, neurketa berriro ere aldeko jarri zitzaion talde handienari, zazpi minutu falta zirela Pablo Fernandezi txartel gorria erakutsi baitzioten protesta egiteagatik. Bat gutxiagorekin, atzean sartu behar izan zuen etxeko taldeak, eta Ante Budimirrek izan zuen luzapena saihesteko aukera, 94. minutuan.

Luzapenean, Ez Abdek, Osasunako onenak, askatu zuen korapiloa: bakarkako jokaldi aparta egin zuen, eta haren erdiraketa Eric Montesek bere atean sartu zuen. Lehen taldearekin debuta egin zuen Diego Morenok, eta gola sartzeko aukera izan zuen. Azken segundoetan, Pablo Ibañezi txartel gorria erakutsi zioten.

Zuri-gorriak nagusi

Osasunak baino askoz zailtasun gutxiago izan zituen Athleticek. Ernesto Valverdek partida serio hartzeko agindu zien jokalariei, eta halaxe egin zuten. Zuri-gorriek ia erabakita utzi zuten lehia lehen zatian, bi golen aldea lortu eta gero: Nico Williamsek sartu zuen lehen gola, 36. minutuan, aldaratze bat baliatuta, eta, beste horrenbeste egin zuen Berenguerrek bost minutu eskas geroago. Bigarren zatian, Zarragak hirugarren gola egin zuen 58. minutuan, eta, Berenguerrek, laugarrena, haren bigarrena, 65.ean. Soberonek aldea murriztu zuen 67.ean, baina Correiak bere atean sartu zuen gola 74.ean. Muniainek egin zuen seigarrena, 90.ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.