Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Munduko euskaldunak (II)

2019ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Miren Maniasen arrastoari segika ari naiz azken boladan. ETB1eko Karabana saio berriaz aritu zen. Ni berdin. Euskalonski saioaren itzuleraz idatzi zuen hurrena. Eta nik, beste behin, ezin izan diot hark zabaldutako bidea jarraitzeko tentazioari eutsi. Zioenez, bigarren denboraldia hasi du mundu zabaleko hirietan bizi diren euskaldunak ezagutarazten dituen saioak. Hasieran iragarritakoa baino etenaldi luzeagoa izan dute, baina Lander Garro zuzendariak berak adierazi du hobe zela horrela: denbora behar da ekoizpen lan handia eskatzen duen saioa ondo egiteko.

Bat nator Maniasek esandakoekin: bigarren denboraldi honetan —Tokio eta Sidneyko aleak ikusi ditut nik— hobera egin du Euskalonskik. Erosoago agertzen da Pello Reparaz aurkezlea, eta batez ere —lehen denboraldian antzematen zen herrena zuzenduz—, elkarrizketatuekin sortzen dituzten egoerak naturalagoak dira orain: gidoia ezkutatzea lortzen dute. Lehen denboraldia ikusita idatzi nuen honezkero ez dela harritzekoa munduko edozein txokotan euskaldunak badirela ikustea. Berresten dut gaur ere, baina bigarren zatia gehituko nioke esaldiari: horrek ez dio Euskalonski-ri baliorik kentzen.

Ez da ETB2n ematen duten Vascos por el Mundo-ren (eta izen bertsuko beste guztien) euskarazko aldaera hutsa. Forma antzekoa hartu arren, funtsa oso bestelakoa da. Ez bakarrik izena ematen dion Katalonski saioan bezala, musikak protagonismoa duelako —leku nabarmen txikiagoa du bigarren denboraldian, eta horrek ez dio kalte egin emaitzari; ezpada hizkuntza eta hiztunak dituelako ardatz zein hizketagai. Vascos por el mundo-ko vascos horiek Hego Euskal Herriko lurretan jaiotako pertsonak diren moduan; Euskalonski-n, jatorria edozein izanik ere euskaraz dakien —edo ikasten ari den— oro da elkarrizketagarri.

Hiri ikusgarriak euskaldunen begietatik ezagutu nahian pantaila parean jarri denak, hainbat mito eta estereotipo ikusten ditu erortzen: euskararen zailtasuna, hiztunen soslai mugatua... (Zeregin horretan zenbait elkarrizketek tonu emotiboegia hartzen dutela irudituta ere) Vascos por el Mundo edo antzekotan baino gutasun inklusibo eta aberatsago baten irudia jasotzen du. Erakunde publikoek egin ohi dituzten kanpaina potoloek baino gehiago balio du horrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.